Itzuli

TopaGune, partaidetzaren bidez jakintzak elkar hartuz

UPV/EHUren Uda Ikastaroak jakintzaren transferentziarako partaidetza metodologietan sakontzeko topagune eta behatoki paregabeak direla agerian utzi du lau urtez egindako ibilbideak. 2024ko edizioko ikastaroetan partaidetza sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute proiektuan inplikatutako alde guztiek.

Ikasle eta irakasleengandik jasotako iradokizunetatik abiatuz, partaidetza metodologiekin esperimentatu eta praktikan jartzeko konpromisoa hartu eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena jarri zuen abian 2020an UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK). 

Lau urteotan 13 Ikastarotan baliatu dira teknika hauek eta Gipuzkoako herritarren partaidetza sustatzeko, “Herritarren Partaidetza Aztergai: nahi, ahal, jakin” izenburupean, hiru saioko solasaldi zikloa egin zen 2023ko urtarrila eta martxoa artean. Orain arteko esperientziak argi erakusten du norabide honek emaitza aberasgarriak dakartzala, eta, alde guztiek, aurrera begira, partaidetza metodologietan sakontzeko konpromisoa berretsi dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetza  zerbitzuko buru den Itziar Calvoren hitzetan “eragile eta pertsona desberdinen ahotsak kontuan hartzeak, gizartearen eraikuntza edo ekarpenak zein prozesuak aberasten laguntzen du, zentzu horretan, UPV/EHUko Uda Ikastaroei begira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpen kualitatiboena parte hartzeko metodologiak eskaintzea izan da”.

Uda Ikastaroetan partaidetza teknikak baliatu nahi dituzten zuzendariei begira gida praktikoa osatu du UIKk eta honen aplikazioaren eta sustapenaren ardura du Maider Kortaxarenak, UIKko idazkari akademikoak. “Uda Ikastaroetako zuzendari, hizlari eta parte hartzaileen artean interakzioa eta elkarrekiko konfiantza giroa sustatzen duten metodologiak aplikatzeari dagokionez, ikastaroan lortu nahi diren helburuetarako egokiak diren parte hartzeko moduak diseinatu ahal izateko, esperientziaren poderioz etengabe eguneratzen eta aberasten joango den laguntza gida eskaintzen diegu zuzendariei. Eragin nahi den parte hartze mailaren arabera mailakatu ditugu ikastaroak. TopaGune izena partaidetza maila altuena eragiten duten ikastaroei ematen zaie”. Kasu hauetan ikastaroen zuzendariak, UIKko zuzendaritza akademikoak eta ikastaroan erraztatzaile lanak egingo dituen pertsonak elkarrekin diseinatzen dituzte eraginkorrenak izango diren teknikak.

UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak paper garrantzitsua jokatu du Uda Ikastaroetan metodologia hauek praktikan jartzerakoan. Zientzia Politikoetan doktorea eta UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia den Igor Ahedoren esanetan “Uda Ikastaroek horizontaltasun handiagoa ematen diote unibertsitateak gizartearekiko duen zereginari, eta, alde horretatik, parte hartzeko dinamikak baliatzean, Uda Ikastaroetako ikasleak ezagutza-hartzaile izateaz gain ezagutza-sortzaile izateko dinamikak txertatzea oso interesgarria izan daiteke. Azken finean jakintzak ikuspegi asko ditu: bizipenezkoak, profesionalak, teknikoak eta jakintza akademikoak daude. TopaGune bezalako dinamikek jakintzen zirkulazioa ahalbidetzen dute“.

Inti Fraile SIIS - Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuko teknikaria eta gizarte-inklusioan aditua da eta esperientzia sakona du ikastaroetako antolatzaile eta zuzendari gisa metodologia hauen aplikazioan. Izandako esperientzia baloratzerakoan argi du “TopaGune ikastaroek publikoaren parte hartzea sustatzea dute helburu eta xede hori betetzeko eredu, modu edo eta metodologia ezberdinen inguruan hausnartzen da, ikasketa prozesuak elkarlan eta elkar ezagutza batean oinarritzeko asmoz”.Intiren ustez “TopaGune ikastaroek helburu espezifikoetan gehiago fokalizatzera bultzatzen zaituzte eta baita publiko xedea gehiago zehaztera ere”.

Metodologien aplikazioan, erraztatzaileek egiten duten lana ezinbestekoa da, eta, parte hartze metodologietan adituak diren gidari edo erraztatzaile hauen parte hartzeak ikastaroetako zuzendariei edukian zentratzeko eta gainerakoekin batera parte hartzeko aukera eskaintzen die. Zentzu horretan, esperientzian barneratu eta metodologia hauek frogatzeko erraztasuna dute ikastaroetako zuzendariek. 2024ko Uda Ikastaroetarako programa lantzen ari den orori metodologia hauen erabilera baliatzeko aukera eskaini nahi zaie.


UPV/EHUko Uda Ikastaroak, ezagutzaren alde, prestakuntza eta dibulgazio zientifikoaren alorrean erreferenteak dira. Gizartean garaiko kezka nagusiei loturiko gaiak lantzen dira eta UIKren konpromezua da kalitatezko ezagutza prozesu eta baliabide garaikideen bitartez eskaintzea.

2024ko programa osatzen ari da UIK une hauetan, apirilaren 11n argitaratuko da eta egun horretatik aurrera aktibatuko dira izen-emateak.