Itzuli

Inti Fraile: “parte hartzea oinarri duten ikastaroetan ikasketa prozesuak elkarlanean oinarritzen dira ikasleak protagonistak bilakatuz”

Inti Fraile SIIS - Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuko teknikaria eta gizarte-inklusioan aditua da eta esperientzia sakona du ikastaroetako antolatzaile eta zuzendari gisa metodologia parte hartzaileen aplikazioan. Teknika hauek baliatzearen onurak eta ikastaroetako antolatzaileentzat baliagarriak izan daitezken aholkuak azpimarratu ditu eta, parte hartze metodologia oinarri duten TopaGune ikastaroak zer diren azaldu digu.

Zer dira TopaGune ikastaroak?

Esango nuke TopaGune ikastaroek publikoaren parte hartzea sustatzea dutela helburu eta asmo hori erdiesteko eredu, modu edo eta metodologia ezberdinen inguruan hausnartzen dela. Azpimarratuko nukeen beste alderdi bat izango litzateke ikasketa prozesuak, zentzu horretan, elkarlan eta elkar ezagutza batean oinarritzen direla.

Zergatik antolatu dinamika parte hartzaileak dituzten ikastaroak?

Helburu espezifikoetan gehiago fokalizatzera bultzatzen zaituzte TopaGune ikastaroek eta baita ere publiko xedea gehiago zehaztera. Publikoarentzat galdera, planteamendu edo dinamiketan pentsatzeak ikastaroekin zer lortu nahi duzun ondo zehaztea bultzatzen du.

Publikoa entzule soila izatetik ikastaroetatik ateratako ondorioen protagonista izatea eragiten dute TopaGune ikastaroek eta zentzu horretan uste dut edukiei buruzko ikasketa eta hausnarketa bultzatzen dituela eta, gainera, eduki horien aplikagarritasuna errazago antzeman daitekeela.

Puntu garrantzitsu bat iruditzen zait esatea TopaGune ikastaroak bateragarriak direla, kakotxen artean, ikastaro klasikoago batzuekin, hau da, ikastaroetan planteatu daiteke pertsona adituen partetik edukiak eskaintzea eta aldi berean parte hartzeko uneak eta momentuak sortzea.

Nola bideratu ikastaroak parte hartzea eragiteko?

Parte hartzea sustatzea ikastaroetako helburu bat izanik, ikastaro hauek fokua parte hartzeko baldintzetan jartzera bultzatzen zaituzte; modu horretan, errazago identifikatu ahal dira parte hartzea sustatzeko egon daitezkeen oztopoak eta, ondorioz, horren inguruko lanketa bat planteatu daiteke.

Uste dut parte hartzeak behar duela baita ere orientazio eta sostengu tekniko bat, hau da, parte hartzea eragiteko tresna eta baliabideen orientazio tekniko bat egotea; topagune ikastaroek hori eskaintzen dute, partaidetzan aditu diren profesionalen aholkularitza bat eta, hori, uste dut oso garrantzitsua dela horrelako ikastaroak planteatzerako orduan.

Diseinu, prestaketa eta garapena modu koordinatu eta kolaboratibo batean planteatzen dira. Parte hartze eredu edo metodologia ezberdinetan sakontzen da, arlo horretan jakitun ez garen pertsonentzat ikasteko aukera ere ematen dute eta ikastaroen arabera ondorio eta lan ildo elkarbanatuak lortzen dira.

Zein ezaugarri dituzte ikastaro parte hartzaileek?

Bi ezaugarri nagusi nabarmenduko nituzke. Alde batetik bai diseinua bai prestaketa eta bai garapena modu koordinatu eta kolaboratibo batean egiten dela, hau da, ikastaroko zuzendarien, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako (UIK) profesionalen eta dinamizatzaile profesionalen arteko hausnarketa espazioak sortzen direla, bileren bitartez edo bestelako interlokuzio kanal batzuen bitartez.

Prestaketa fase horretan ikastaro bakoitzarentzat egokiena izan daitekeen metodologia zehazki zein izan daitekeen pentsa arazten du. Hau da ikastaro bakoitzerako pentsatutako helburuen araberako metodologietan hausnartzera, modu zehatz edo konkretu batean.

Zuzendariak dinamizatzaile rol bat izateak uste dut bermatzen duela parte hartzea sustatzeko zaindu beharreko alderdien inguruan hausnartzera eta ikastera, eta, oro har, esango nukeena da, antolakuntzan parte hartzen dugun pertsona guztiek nolabait parte hartzea sustatzeko erraztatzaile rol bat hartzen dugula.

Orokorrean publikoaren edo partaideen rol aktibo eta proaktiboagoak bultzatzen dira. Esperientziagatiko jakitun bilakatzen dira partaideak ere eta, zentzu horretan, paper garrantzitsua dute landutako edukietan.