Itzuli

Klima aldaketari buruzko goi bilera, COP27. Aldaketa berririk?

COP27 bilera Sharm El Sheij-en (Egipto) izan zen 2022ko azaroaren 6tik 20ra bitarte. 2021. urtean Glasgow-n egin zenaren atzetik, parte-hartzaile gehien izan duen bigarren goi bilera izan da, eta Afrikan egin den bosgarrena, klima aldaketaren inpaktuen aurrean oso kaltebera baita kontinente hori. DSFk aditu talde bat bildu zuen, eta Egipton erabakitako akordioa hainbat ikuspegitatik aztertu zuten.

Nazioarteko testuinguru geopolitiko konplexuan izan zen goi bilera: Ukrainako gerra, energiaren krisia, elikagaien segurtasuneko arazoak eta ekonomian inflazio egoera, Teresa Solana Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko Nazioarteko Gaietako koordinatzaileak azaldu zuenez. Goi bileraren emaitzak alderdi positiboak eta negatiboak izan ditu. Alde batetik, akordioa argi eta garbi ez da nahikoa izan anbizio klimatikoari dagokionez, nahiz eta Glasgown lortutako akordio garrantzitsuak berretsi diren: 2010eko mailekin alderatuta, 2030ean isuriak % 45 murrizteko konpromisoa, herrialdeei helburu handiagoak ezartzeko eskatzea, eta ikatzaren erabilera pixkanaka murrizteko eta erregai fosiletarako laguntzak murrizteko konpromisoa.


Bestetik, eta alderdi positiboei dagokienez, “elkartasun juridikoko agenda berria” onetsi izana nabarmendu zuen Solanak, herrialde kalteberenen beharrei erantzuteko finantza mekanismo berriak ezarrita. Besteak beste, klima aldaketaren inpaktuen galera eta kalteei aurre egiteko funts espezifiko bat sortuko da, herrialde kalteberenen eskaera historikoari kasu eginez. "Galerak eta kalteak" terminoan sartzen dira egokitzeko eta isuriak murrizteko neurrien bitartez saihesten ez diren edo saihestu ezin diren klima aldaketaren inpaktuak.


Horretaz gain, finantzaketaren eztabaidan sakondu da, eta krisi klimatikoari erantzuteko inoiz ez bezalako finantza fluxuak mobilizatu behar direla onartu. Eztabaida horren esparruan, nazioarteko arkitektura finantzarioa aldatzeko aukera zabaldu da, egungo krisiei erantzute aldera. Goi bileran, alderdi teknikoetan ere egin zen aurrera, bidezko trantsizioari, generoaren arloko ekintza planei eta gardentasun esparruei dagokienez, eta naturak izan dezakeen zeregina ere aztertu zen, gai hori garrantzitsua baita Biodibertsitatearen Hitzarmeneko COP15 bileraren atarian.


COP27 eta egokitzapena


Askotan aipatu izan da Egiptoko goi bilera Afrikako COP dela eta, beraz, egokitzapenak protagonismo handia eta ezohikoa izan du. María José Sanz, BC3 Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoak azaldu zuenez, Parisko Akordioan egokitzapen helburu orokor bat zehaztu behar zela erabaki zen, gaitasunak garatzeko, erresilientzia areagotzeko eta klima aldaketaren aurreko kalteberatasuna murrizteko asmoz. Alabaina, isuriak arintzea edo murriztea neurtu badaiteke ere, egokitzapenaren arloan egindako aurrerapena ebaluatzea askoz ere konplexuagoa da. COP26an lan programa bat jarri zen abian egokitzapen ekintza hobetzearren. Hasiera batean programa 2 urtez garatzea aurreikusten bazen ere, lana bizkortzea eta tarteko emaitza bat sortzea erabaki zen, premia areagotu eta datorren urterako aurreikusitako lehen balantze globalaren berri eman ahal izateko, hori izango baita aurrerapena ebaluatzeko lehen ahalegin kolektiboa Parisko Akordioaren esparruan.


Estatuak ez diren eragileen garrantzia


Esan gabe doa estatuek garrantzi handia dutela klima aldaketaren gaineko nazioarteko negoziazioetan, baina ez dugu ahaztu behar klimari buruzko politika asko eskualdeko eta tokiko mailan garatzen eta ezartzen direla. Heloise Chicou Regions4 Sustainable Development erakundean klimari buruzko programaren gerentea da, eta estatuak ez diren eragileak COPetan gero eta ikusgaitasun handiagoa hartzen ari direla deskribatu zuen, hala nola eskualdeko eta tokiko gobernuak. Besteak beste, Chicouk Rabat Salé Kénitrako Adierazpena aurkeztu zuen; eskualdeko 48 gobernuk sinatutako adierazpen horren arabera, gobernu horiek prozesu aldeaniztunean egindako ekarpena formalki aintzatetsi behar da, maila anitzeko koordinazio eraginkorra areagotu behar da eta koordinazio hori ahalbidetuko duten mekanismoak abiarazi behar dira. Era berean, finantza erakundeek garapen bidean dauden herrialdeetako jarduera indartu behar dutela aldarrikatzen du, nazioz azpiko finantzaketa ere ahaztu gabe.

Sektore pribatuari dagokionez, Cristina Rivero CEOEko Industria, Energia, Ingurumen eta Klima Departamentuko zuzendariak 2050. urtean deskarbonizaziorako beharrezkoak diren teknologien berrikuntzako eta garapeneko prozesuetan sektore horrek izan dezakeen zeregina nabarmendu zuen. Zentzu horretan, ez zuen ezkutatu nolabaiteko desengainua hartu zuela sektore pribatuak egin dezakeen ekarpena aintzat hartu ez zelako, ezta finantzaketari egin diezaiokeen ekarpena ere.

Alderdi positiboak aipatzearren, Riverok esan zuen Egipton ekimen ugari onartu zirela, hala nola 200 enpresa eta erakunde baino gehiagoren konpromiso irmoa jasotzen duen adierazpena, berotze globala 1,5 ºC-ra mugatzeko helburuarekin. Negoziazioen paralelo sortzen diren horrelako ekimenen beste adibide bat da AEBren ekimena isurketa eskubideen salerosketako borondatezko merkatu berri bat bultzatzeko, betiere garapen bidean dauden herrialdeetan energia garbiko proiektuetan inbertsio pribatua bultzatzeko eta areagotzeko. Riverok, era berean, NBEko Aditu Taldearen txostena argitaratzearen garrantzia nabarmendu zuen, konpromiso klimatikoekin greenwashing delakoa saihesteko eta enpresek iragartzen dituzten net zero helburuak egiaztatzeko.