Back

Julio Díaz: “Bero-boladetan pobrea izatea da hilgarriena”

Azken urteotan erregistratu diren bero-boladek mahai gainean jarri dute klima-aldaketak eragindako ingurumen-baldintza berrietara egokitzeko premia dagoela. Tenperatura altuek pertsona zaurgarriei eragiten diete, bereziki, beren adinagatik, aurretiko patologiak izateagatik edo, bero-kolpeen kasuan, kanpoan jarduerak egiteagatik intsolazio handieneko orduetan. Horrela, bero-boladek gainhilkortasuna eta ospitaleratzeen gorakada eragiten dute.

“Klima-aldaketa eta osasuna: Bero-boladak. Egokitzea ez da amore ematea” izenburupean, Donostia Sustainability Forumen, hitzaldia eman zuten beroak osasun publikoan duen inpaktua aztertzen duten espezialista nagusietako bik: Cristina Línares Gil, medikuntza prebentiboan eta osasun publikoan doktorea, eta Carlos III.a Institutuko Klima Aldaketaren, Osasunaren eta Hiri Ingurumenaren Behatokiko zuzendarikide zientifikoa, eta Julio Díaz Jiménez, zientzia fisikoetan doktorea, Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketaren, Osasunaren eta Hiri Ingurumenaren Behatokiko zuzendarikide zientifikoa. Biak erreferenteak dira klima-aldaketak giza osasunean dituen ondorioei buruzko ikerketa epidemiologikoan, eta egokitzapena nola errazten den azaltzeko interes berezia dute.
Cristina Línaresek esan zuenez, muturreko beroaren aurrean, bero-kolpeei hilkortasunaren ehuneko bi eta hiru artean baino ezin zaie egotzi. Aurreko zirkulazio-patologien, biriketakoen, giltzurrunetakoen eta psikiatrikoen larriagotzeak eragiten ditu ospitaleratze eta heriotza gehienak.

Beroaren alerta-mapak

Cristina Línaresek azaldu zuenez, 2004az geroztik udaro plan bat jartzen da martxan estatuan beroak eragindako arriskuak prebenitzeko.  2024ko ekainaz geroztik, alerta-sistemak probintzien araberako banaketa alde batera utzi du, eta 182 eremu isoklimatikotan oinarritzen da. Eremu horietako bakoitzean, hilkortasuna eta ospitaleratzeak areagotzen dituen atalase-tenperatura zehaztu da. Atalase-tenperatura hori desberdina da, esaterako, probintzia bereko kostaldeko eta barnealdeko eremuetan, eta lotura handia du hirigintzarekin, etxebizitzen egokitzapenarekin, zerbitzuekin eta azpiegiturekin.
Julio Díazek azpimarratu zuenez, “ez dago errezeta unibertsalik, eta Madrilerako balio duenak ez du balio Bilborako edo Bartzelonarako. Adibidez, leku batzuetan hilkortasunak tenperatura maximoaren eragina jasaten du, eta beste batzuetan, Valentzian, esaterako, eragin handiagoa du tenperatura minimoak”. Egoera horren aurrean, hiriak berdatu eta bero-uhartearen efektua saihesteak duen garrantzia nabarmendu zuen.

Pobrezia eta zaurgarritasuna beroaren aurrean

Biek nabarmendu zuten bero-boladen aurreko zaurgarritasuna murrizteko funtsezkoa dela desberdinkeria sozioekonomikoak murriztea. Julio Díazek beroak Madrilen duen eraginari buruzko azterlan batean azaldu zuen hori barruti pobreenetan gertatzen zela. “Barrutirik aberatsenetan jendea ez zen beroz hiltzen, pobreetan bai. Hainbat faktore aztertu ondoren (populazio-piramidea, berdeguneak eta abar), gakoa dirua zela ikusi genuen. Kontua ez da aire girotua izatea, baizik eta aire girotua piztu ahal izatea. Bero-boladetan pobrea izatea da hilgarriena”.
Cristina Línaresek argitu zuenez, “auzo on batean bizi bazara, zure etxeak eraikuntza hobea du, baita isolamendu hobea ere ziurrenik, berdeguneak ditu ingurunean, eta irisgarria da. Madrilgo barruti pobreenetan, etxeak txikiagoak dira, jendea pilatuta bizi da, eta kalitatezko elikadura izateko eta osasun-arreta egokia jasotzeko aukera gutxiago dute. Hori guztia, oro har, erabakigarria da gaixotasun bat izateari dagokionez. Politika publikoak gehiago bideratu behar dira desberdinkeria horiek murriztera”.

Egokitzearen garrantzia

Bi adituek nabarmendu zuten oso garrantzitsua dela gune bakoitzean beroak duen eragina baloratzeko ereduak hobetzea, bai eta horrekin lotutako aldagaiak baloratzekoak ere, hala nola airearen kalitatea. Baina egokitzeari buruzko diagnostikoa argia da, Julio Díazek azpimarratu zuenez, “birgaitutako eraikinak, berdeguneak eta urdinguneak eta prebentzio-planak martxan jartzea”. Izan ere, Cristina Línaresek gaineratu zuenez, bero-bolada batean hiltzeko arriskua % 14tik % 2ra jaitsi da 2004tik. “Gauzak ondo egiten ari gara. Beroaren kultura oso barneratuta dago Europako hegoaldean, eta horregatik diogu ez dela amore eman behar”.
“2023an Lurraren gainazalean erregistratu zen batez besteko tenperatura erregistratu den altuena da. Klima-aldaketa ez da ideologia kontua, ez da politika kontua, zientzia kontua baizik”, gehitu zuen Cristina Línaresek. “Gainera, krisi klimatikoa bizkortzen ari den arazoa da, ez diogulako aurre egiten haren kausari, alegia, erregai fosilak kontrolik gabe erretzeari. Eta sortu ditugun klimaren aldaketek ere mendeetan zehar gertatzen jarraituko dute”. Horregatik, bi adituen arabera, ezinbestekoa da egokitzea.
Azken urteotan erregistratu diren bero-boladek, adibidez, mahai gainean jarri dute ingurumen-baldintza berrietara egokitzeko premia larria dagoela. Tenperatura altuek bereziki eragiten diete adinagatik zaurgarriak diren pertsonei, aldez aurreko gaixotasunak dituztenei edo kanpoan lan egiten dutenei. Eta zaurgarritasun horrek gora egiten du desberdinkeria sozioekonomikoen ondorioz. Etxebizitzaren kalitateak, auzo bateko zerbitzu eta azpiegiturek eta berdeguneetatik gertu egoteak eragina dute beroak osasunean duen inpaktuan.

2004az geroztik, Gehiegizko tenperaturek osasunean duten eragina prebenitzeko jarduketen plan nazionala aktibatzen da udan. Aurtengo berritasuna da probintzia ez dela lurralde-erreferentzia. Atzotik, ekainaren 17tik, alerta-sistema berri bat jarri da indarrean. 182 eremu isoklimatikotan dago oinarrituta, eta alerta bat abiarazteko orduan ikuspegi zehatzagoa izatea ahalbidetzen du.
Carlos II.a Osasun Institutuak funtsezko eginkizuna du beroaren aurkako planak egiteko orduan. Oinarri zientifikoa ematen du, eta tenperaturaren, osasunaren eta hilkortasunaren artean dagoen erlazioa aztertzen du, esate baterako.