Back

Osasuna eta ingurumena lotzea

Kalkuluen arabera, urtero milioi erdi pertsona hiltzen dira klima-aldaketaren ondorioz, baina, Valladaresek azaldu zuenez, krisia askoz haratago doa. “Gaixotasun infekziosoen transmisio-bektoreen banaketari eragiten dio, bihotz- eta arnas-gaixotasunen sintoma asko zailtzen ditu, uraren eta elikagaien eskuragarritasunari eragiten dio, eta gizakion migrazio-mugimenduen erdiak baino gehiago bultzatzen ditu. Egia esan, zeharka bada ere, dozenaka milioi pertsona hiltzen dira urtean”.

Zalantzarik gabe, osasunaz hitz egiten dugunean, heriotza da albiste txarrena, baina badaude beste asko ere, COVID-19aren pandemian egiaztatu ahal izan dugunez. Valladaresek zehaztu zuenez, “askoz merkeagoa da pandemiak prebenitzea, besteak beste deforestazio tropikala eta espezieen legez kanpoko trafikoa murrizteko neurriak hartuz, eta alerta goiztiarreko sistemak garatzea, pandemia bat etetea baino. Ingurumena babestea askoz errentagarriagoa da”. “Paradoxa bada ere”, gaineratu zuen, “gizarte aberatsenek teknologiari esker zertxobait murrizten dute haien ingurumen-aztarna, baina baliabide gehiago behar dituzte, eta, azkenean, gehiago kutsatzen dute eta berotegi-efektuko gas gehiago askatzen dituzte”. Gaineratu zuenez, “bizitzeko era hori ez da iraunkorra, naturatik urrun dago, baliabideak arpilatzen ditu, eta ez gaitu zoriontsu egiten; hori bereziki nabaria da hirietan”.

Nazioartera begiratuz, adierazi zuen gaur egun gehien kezkatzen gaituzten larrialdi globaletako bik, Ukrainaren inbasioak eta klima-aldaketak, jatorri bera dutela: erregai fosilekiko mendekotasun handia eta haien erabilera ez-iraunkorra. “Apurka-apurka trantsizio energetikoa egin izan balitz, eta dagoeneko eragina izango balu, ziurrenik ez zen inbasiorik gertatu izango”. Izan ere, Valladaresen esanetan, “krisi honek agerian uzten du Europa berdea ez dela horren berdea, eta harro agertzen duen iraunkortasun hori ez dela benetakoa”. Errusiako gasarekiko mendekotasuna agerian geratu da, eta, orain, herrialde batzuk, Alemania adibidez, energia-eredua birplanteatzen ari dira. 

Osasuna bakarra da

Hitzaldia amaitzeko, zenbait esparrutan egin beharko diren aldaketak deskribatu zituen CSICeko ekologoak. Hasteko, sistema sozio-ekonomikoa aldatu, energia gutxiago kontsumitzeko, eta finantza-sektoreko planteamenduak aldatu, planetaren osasunaren aurkako inbertsioek babesik izan ez dezaten. Era berean, Valladaresen ustez beharrezkoa da gaur egun nagusi den enpresa-eredua aldatzea, enpresek herritarrek baino askoz ere aukera handiagoa dutelako ingurumen-aztarna murrizteko.

Azkenik, osasunarekin eta ongizatearekin lotuta egin beharko den aldaketa handia azpimarratu zuen. “Giza osasunaren alderdi fisiko eta psikologiko askok zerikusia dute osasun planetarioaren kontzeptu batekin, One Health delakoarekin, naturarekin integratuta”. Munduan gertatzen diren heriotza saihesgarri guztiak kontuan hartzeko eskatu zuen Valladaresek, eta kontuan hartzeko azken urteotan bizi-itxaropena murrizten hasi dela, ingurumen-inpaktuengatik.