Back

Esther Badiola: "Agenda klimatikoak ez du kolore politikorik"

Helburu bat, planik egon ezean, desio hutsa da, eta Europako Itun Berdeak zehaztutako trantsizio ekonomikoaren moduko asmo handiko helburu bat lortzeko, neurria ematen duen finantzaketa bat behar da. Esther Badiola ekonomista Europako Inbertsioen Bankuko eragiketen aholkulari nagusia da Klima Aldaketaren Bulegoan, eta Donostia Sustainability Forum ekimenaren hitzaldi batean zehaztu zuenez, erakunde horrek funtsezko zeregina du ekonomia jasangarri baterako trantsizioan.

Europako Inbertsio Bankua 1958an sortu zen Europar Batasunaren politikak babesteko, eta 2020an eraldaketa-prozesu bat abiarazi zuen Europako Klimaren Banku bihurtzeko. Horixe da, hain zuzen, Parisko Akordioan ezarritako helburuak bete eta 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko tresna finantzarioa. 

«Europako Itun Berdeak onartutako erabaki horrek iritzi publikoaren kezka bati erantzuten dio, egiaz. 2021ean, europarren % 98k esan zuen klima-aldaketa gai larri bat dela, eta % 78k oso gai larritzat jo zuen», azaldu zuen Esther Badiolak.
 

Finantzaketa berdea

Europako Inbertsio Bankua kapital publikokoa eta irabazi-asmorik gabekoa da, eta Europa barruan eta kanpoan trantsizio ekologikoa finantzatzea du helburu, besteak beste. Urtero, Bankuaren inbertsioen % 50, gutxienez, ekintza klimatikora bideratu behar da, eta zenbateko horretatik % 15, gutxienez, klima-aldaketara egokitzeko erabili behar da.

Ildo horretan, 2023an sinatutako finantzaketa-akordioek 88.000 milioi euroko balioa izan zuten, eta administrazio publikoentzat lehentasunezkoak diren 900 proiektu baino gehiago eta sektore pribatuko hainbat enpresa finantzatzera bideratu ziren. Bestalde, finantzaketa berdean egindako inbertsioak 49.000 euroko kopuru errekorra lortu zuen joan den urtean, eta ekintza klimatikoan eta ingurumen-arloko jasangarritasunean erabili zen. 

«Inbertsio berdeetarako trantsizioa bizkortzea, guztiontzat bidezkoa den trantsizio bat bermatzea, Parisko Akordioarekin lerrokatutako jarduerak babestea eta bankuan egiten genuen guztiari koherentzia ematea», azaldu zuen Badiolak, eta adierazi zuenez, «2021etik, Bankuak ez ditu finantzatzen Parisko Akordioaren helburuekin lerrokatuta ez dauden jarduerak. Dagoeneko ez ditugu portuak, aireportuak eta errepideak eraikitzen; orain, gehiago jorratzen ditugu ekonomia zirkularra, biodibertsitatea, natura, agenda berdera egokitzen diren finantza-produktu berriak eta erregai fosilekin oso lotuta dauden lurraldeen ekonomia berriz aktibatzeko proiektuak».
 

Gasteiz, hiri jasangarri eta digitala

Europako Inbertsio Bankuaren helburu nagusietako bat hirien trantsizio ekologikoa da, Esther Badiolak azaldu zuenez. «Garai batean, hiriek oinarrizko azpiegitura kritikoetarako sarbidea izatea ziurtatzen genuen; gero, hurrengo fase batean, plangintza eta hiri-berroneratzea babestu genuen. Eta orain, berriz, hiri jasangarri eta digitalen planetan gaude sartuta. Adibidez, Gasteiz hautatua izan da eta 2030erako hiri benetan neutro bihurtzeko helburua du, Europako Batzordeak abiarazitako xede bateko aitzindari izanez». 
Europako hauteskundeak laster zirenez, Esther Badiolak bozkatzera joateko deia egin zion jendeari. Azaldu zuenez, «asko erabakitzen da Europan» eta, hauteskundeetako emaitza edozein izanik ere, Europar Batasunaren norabidea dagoeneko finkatuta dagoela adierazi zuen. «Lehentasunak alda daitezke, baina klima-aldaketaren inpaktua izugarria da; hain zuzen, aseguru-etxeen arabera, urtero 60 bilioi euro galtzen dira».

Esther Badiolaren ustez, tamalgarria da ekintza klimatikoa politizatu izana. «Agenda klimatikoak ez du kolore politikorik. Politikariek iritzi desberdinak izan ditzakete, batzuek pentsa dezakete politika hori garestiegia dela, baina klima-aldaketaren inpaktuen kostuak handiagoak dira», ondorioztatu zuen.