Back

Iraunkortasuna: definiziotik, kudeaketa-eskala egokira

Alde batetik, erregai fosiletatik, hau da, ikatza eta petroliotik sortzen den CO2-ak ziklo bat dauka, eta ehundaka urte iraun dezake bere horretan CO2 bezala eta atmosferan metatzen da. Beste aldetik, badago karbono biogenikoa, hau da, metanoa kasu. Metanoak beste bizi ziklo bat dauka, askoz ere arinagoa. 10 bat urte irauten ditu metano bezala atmosferan, gero CO2 bilakatzen da; halere, CO2 hori landareek hartzen dute, fotosintesi bidez, eta berriz ere zikloan sartzen da. Karbono dioxidoz gain, oxido nitrosoa ere kontuan hartu behar da. CO2ak baino 265 aldiz gehiago balio ditu oxido nitrosoak, beraz, ahal den neurrian minimizatu beharko litzatekeen gas bat da oxido nitrosoa eta, horretarako, ikerketa pila ari dira egiten.

Nola eragiten du honek guztiak lehen sektorean? Aldezabalak aipatu zuen bezala, erabakietan eta diru banaketan ekoizpena eta produktibitatea dira oraindik sustatzen dena benetan. Zer esan nahi du horrek? Aldezabalen hitzetan, nekazaritza intentsiboa mantenduko dela adierazten du, nahiz eta argi egon kutsatzailea dela eta biodibertsitate galera ekartzen duen sistema bat dela. Abeltzaintza estentsiboa, berriz, produktibitate aldetik kaskarragoa da, baina eskaintzen dizkigu beste hainbat onura: paisaiaren mantenu bat eta biodibertsitatearen mantenu edo emendioa, besteak beste. Testuinguru honetan, kalitatea ere kontuan hartzekoa da. Badaude datuak eta argitalpenak mendi zabalean larratzen diren abelburuetatik sortzen diren esne eta gaztak benetan osasuntsuagoak direla demostratzen dutenak. Eremu horretan definitu edo ezarri diren helburuak benetan betetzen direla erakusteko indikatzaile neurgarriak erabili behar dira. Hau urrats handia izango litzateke eta, dudarik gabe, beste nekazaritza eredu bat ekarriko luke Aldezabalen ustez. Ekoizletik kontsumitzailera bide zuzena dela konturatzen ari gara eta denok gero eta gehiago bilatzen dugu hori.