Naturan Heziz, udaberria ezagutu
Maialen Lujanbiok esan zuen bezala, “txori guztiak txori, arbola guztiak arbola eta zomorro guztiak zomorro diren garaiotan” bizi gara. Baita lore guztiak lore diren garaiotan ere. Hain zuzen, ikastaro honen helburua inguratzen gaituen izadiaren inguruko ezagutzak hezkuntza-komunitateari zabaltzea izan da eta horretarako, lehen egunotan inguruko bioaniztasuna eta ekosistemak ezagutzeko zenbait saio izan ziren, Euskal Herriko aditu ezberdinen eskutik.
Baina ez hori bakarrik. Pandemiak eraginda eta bestela ere, eskolak naturara zabaltzeak dituen abantailez ohartuta, asko dira Euskal Herriko txoko desberdinetan udaberriari ateak zabaldu dizkioten ikastetxeak baina askotan, natura ezezagunagoa zaigulako, nola jokatu ez dakigulako edo haurrak honelako ingurune batean jolasteak beldurrak eragiten dizkigulako, zalantzak sortzen zaizkigu. Eta zalantza horiei aurre egiteko, naturan garatzen den jolasa ulertzeko zenbait gako eman ziren jarraian.
Ingurunearekin kontaktu estuan hazi eta hezten den hezkuntza-komunitateak etorkizun jasangarriago baten alde egingo duela sinistuta, ikastaroan parte hartutako 40 profesionalek haien bizilekuetan gauzatzeko moduko proiektu bat sortu zuten ikastaroaren bukaeran eta hala, naturan hezteko eredu hau Donostia, Ataun, Zaldibia, Tolosa, Otxandio, Irun, Barakaldo, Altsasu, Gasteiz, Portugalete, Urdaibai, Urruña, Lezo, Arantza, Ormaiztegi, Ereñozu, Laukiz, Dima, Ordizia, Berriz... eta beste hainbat lekuetako baso eta naturguneak haur eta gaztetxoekin ikasteko erabiliko dituzte etorkizunean.