Itzuli

UPV/EHUko Uda Ikastaroen 42. edizioak jakin-mina piztu du

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Uda Ikastaroen (UIK) 42. edizioa arrakasta handiz biribildu da. Eskaintza digitala gero eta handiagoa den testuinguru honetan, Uda Ikastaroek bere sendotasuna erakusten dute, euskal gizartearen topagune eta gogoetagune bezala. Ezagutzaren plazara gazteak eta askotariko publikoak erakartzea ziren edizio honetan UIKren asmoak eta, helburuak bete-betean erdietsi dira.

Uda Ikastaroetan 9158 parte hartzaile izan dira; workshop-etan 1977; iraupen luzeko online ikastaro asinkronoei dagokionez, 338; Donostia Sustainability Forum-en baitako jarduera irekietan 903 eta, gainerako jarduera irekietan 464 parte hartzaile. 

Guztira 12840 pertsonaz osaturiko komunitatea izango dugu 2023an UIKk antolaturiko aktibitateetan.

Aurten, gazteen parte-hartzea sustatzea zen helburua. Gazteen parte-hartzea funtsezkoa da UIKentzat eta gazte gehiago erakartzeko asmoz abiatutako ekimenek harrera ona izan dute. 25 urte arteko gazteek matrikula prezioan beherapenak izan dituzte eta gazteei zuzenduriko programa modu berezituan egokitu da beraien interesetara. Adibide moduan, Saltillo eskola-ontzian zenbait egunetako zeharkaldia egiteko aukera izan dute ozeanoaren iraunkortasunaz eta nabigazioaz ikasteko; edo, IHOBErekin elkarlanean antolatutako Ingurumen Komunikazioko Eskolaren bosgarren edizioa, Nola komunikatu ingurumen-gaiak gazteekin eta gazteentzat ikastaroa.

Gaurkotasun handiko gaiak jorratu dituzten ikastaroak ere nabarmentzen dira, gizartearen kezka iturri diren gaiak ere jarri dira mahai gainean: indarkeria futbolean, gazte-delinkuentzia eta suizidioa, besteak beste. Jarraipen handia izan dute ikastaro hauek guztiek.

Berritasun gisa, esperientzian oinarritutako ikastaroak oso harrera ona izan dute eta aurrera begira horrelako proposamenei tarte berezia eskainiko diegu. Lehenik eta behin, Irulegiko Eskuari buruz bere testuinguruan, Ilundainen bertan, egindako ikastaroa nabarmentzen da. Jarduera honek aukera eman zien matrikulatuei indusketa bisitatzeko eta azken berrikuntzak ezagutzeko. Bestetik, Aezkoako bailarara ere hurbildu gara Pirinioetako despopulazioaren aurka borrokatzeko baliabide gisa komunala berreskuratzeko lana ezagutzeko; eta Izarrak, gastronomia eta matematika ikastaroarekin, aurten lehen aldiz pertseidak behatu ditugu Jakiunderen eskutik zientziari eta astronomiari buruzko gure ezagutzak zabaltzen genituen bitartean. Gainera, Ataungo Barandiaran museora hurbildu gara Jose Migel Barandiaranek Arkeologiari, Etnografiari eta Euskal Mitologiari egindako ekarpena ezagutzeko, eta lehen esan bezala, Saltillo eskola-ontzian ibili gara ozeanoen iraunkortasunaz arduratzeko.

Baionan egin den Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen 2. edizioak 1173 pertsona bildu ditu, eta Euskadi, Akitania Berria, Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean egindako proiektua sendotzeko balio izan du. Mugaz Gaindiko Udako Ikastaro hauek mugakide diren herritarrei zuzenduta daude, eta unibertsitateek lurralde-kohesio hobea duen mugaz haraindiko espazio baten sorreran duten zeregin proaktiboa ikusaraztea dute helburu, Europako mugaz gaindiko beste eremu batzuetan lortu den bezala. Bigarren edizio honetan, 12 ikastaro eskaini dira eta mugaz gaindiko ikerketa-laborategien arteko topaketa bat egin da.

Aurrez aurreko modalitateaz gain, ikastaroak online zuzenean jarraitzeko aukerari esker, UIKen eskaintza nazioarteko erreferente bihurtzen ari da; aurten, Alemania, EEBB, Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Mexiko, Argentina, Suitza, Polonia, Suedia, Txina eta Herbehereetako ikasleak izan ditugu, besteak beste.

UIKn elkarlanean egiten dugu lan, sarean, komunitateak sortuz eta sinergiak baliatuz. Edizio honetan errekorra hautsi dugu ikastaroetako laguntzaileen sarea handituz, 300era iritsi arte.

Metodologiari dagokionez, hainbat ikastaro baliatu dira parte hartzeko hainbat modu esperimentatzeko eta praktikan jartzeko. Besteak beste, honako ikastaro hauek nabarmenduko ditugu; Eskola publikoa, pertsonarengan fokua, HEIZEk zuzendua, ikastetxeen gobernantzari buruzko ondorio garrantzitsuetara iritsi zen. Sexualitateak emakumeari dagokionez, parte-hartzaileen artean sentsibilitate eta konfiantza handiko giroa sortzea ahalbidetu zuena, Ekintza komunitarioa ertzetatik eta absentzietatik, eta Inklusiorako trantsizioa: parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea sustatzeko eredu eta ikuspegiak, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei ahotsa eta parte-hartzea eskaini zietenak. Azken hiru hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatuak, TopaGune proiektuaren esparruan. Aurrerantzean, metodologia horietan sakontzen jarraituko dugu.

42. edizio honetan bederatzi erronka nagusi izan dira ardatz: gazteak hizpide; giza eskubideak ortzi-mugan; hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna; bizi-kalitatea oinarri; kultura eta artea; iraunkortasuna; ekonomia soziala; digitalizazioa eta adimen artifiziala.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzenduriko Aldaketa klimatikoa, elikadura eta gastronomia ikastaroak ingurumenari eta iraunkortasunari dagokienez, elikadurak duen dimentsio soziala agerian utzi digu, eta jarraipen handia izan duten ikastaroetako bat izan da. Aldaketa klimatikoari lotuta, Baso-suteak, nola egin aurre? ikastaroak zeresan handia eman du bizi ditugun garaiongatik.

Torturaren biktimen kolektiboaren aitortza eta erreparazioa ahalbidetzeko orain arte hartutako neurriei eta jarduerei buruz hausnartzeko antolaturiko Egia eta aitortza torturaren biktimentzat ikastaroak interes handia piztu du, baita indarkeria jasan duten haurrak eta nerabeak elkarrizketatzeko moduei buruzko nazioarteko ikerketaren egungo egoera aztertzeko egin den Kontatu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen ikastaroak ere.

Ongizatea eta osasuna hizpide izan dira eta jakin-min handia eragin dute Osasun Digitalaren Nazioarteko X. Biltzarrak, adikzioei buruzko ikastaroak zein gizonezko eta maskulinitateei lotutako tratamendu eta laguntzari buruzkoak. 

Arteak eta kulturak tarte berezia dute UIKn. Kultur gestioa interesekoa dutenei zuzendurik, Kulturgest Bilbao zikloaren bigarren edizioa antolatu dugu Bilboko Udalarekin lankidetzan. Datorren urtean, ondo bidean, kongresu batekin amaituko den hirugarren edizioa dugu jomuga.

Eduardo Chillidaren obraren eta pentsamenduaren ikerketan sakondu asmoz hirugarrenez antolaturiko Eduardo Chillida Eskola, Benito Barrueta jaio zeneko 150. urteurrena-ren harira egin den ikastaroa zein Anjel Lertxundi: idazlea eta obra ikastaroak nabarmendu dira. 

Ezagutzan sakontzeko ezberdinen arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da. Eta UIKn dibertsitatea letra larriz idazten dugun ezaugarria da. Ezberdinen arteko bilgune garenez, zentzu orokorrean (ikastaroetako edukiak, partaide diren pertsonen profilak, adina, generoa, kultur ikuspegia) aniztasuna sustatzea da gure eguneroko ogia. Baita hizkuntza-aniztasunari dagokionez ere. Askotariko hizkuntzak entzuten dira gure ikastaroetan eta euskararen presentzia arretaz zaintzea eta areagotzea da UIKren etengabeko apustua.

Duen funtzioaren eraginez, ezinbestean, behatoki izaera du UIKk eta gizartearen beharrizanak identifikatuz, etengabeko eraldaketan ari gara joera berriak identifikatuz eta eskaintza norabide horretan lerratuz. Gure helburua dibulgazioa eta gizarteko arlo ezberdinen arteko elkarrizketa bideratzeko topagune izatea da eta jardueretan sortzen diren ideia, hausnarketa eta sareek, ikastarotik haratago, proiektu berriak eta transformazioa eragitea da gure nahia. Eta hori lortzeko bide ezberdinak jorratzen ari gara, Uda Ikastaroen formatuak eta haien zabalkunderako bitarteko teknologikoak berrituz.

Garaira egokitzeko etengabeko ahalegina da UIKren eskaintzaren harrera onaren giltza: programazioa osatzerakoan ezagutzaren alorrean erreferenteak diren erakundeekin eta norbanako adituekin elkarlanean aritzea eta sare hau etengabe berrikustea; gizartearentzat interesgarriak diren gaurkotasun handiko gaiak plazaratzea; adin-, genero-, maila akademiko- zein kultura-askotariko hartzaileak aintzat hartzea eta, ezagutzaren transmisioa bermatzeko garaiko baliabideak eta metodologiak erabiltzea, horiek dira UIKren errezetaren sekretuak. Horiekin batera, nola ez, ezinbestekoak dira UPV/EHUren kalitate bermea den programa batzordearen ezagutza zein eskarmentua eta Fundazioko lantaldearen lan zaindua.

Datorren edizioa antolatzeari ekingo diogu berehala. 2024ko Uda Ikastaroen programa osatzeko proposamenak jasotzeko epea azaroan zehar luzatuko da, eta, interesa duen eragile zein norbanako oro gonbidatzen dugu parte hartzera.

Uda amaitzear da baina UIKk urte osoko programazioa du. Kutxa Fundazioarekin lankidetzan Gazte Ekoliderrak egitasmoaren edizio berria abian jarri dugu. DIPCk antolatutako Passion for Knowledge programan parte hartuko dugu urriaren lehen astean. Teknologia berriei eta hezkuntza alorrari buruzko iraupen luzeko online ikastaro asinkronoak eskainiko ditugu, eta Donostia Sustainability Forum-en baitako jarduera irekiak izango ditugu, besteak beste. Udazkeneko programazio zehatza www.uik.eus atarian jarraitu ahal izango da.

Edizioaren amaieran, pozarren, eskerrak eman nahi dizkiegu UPV/EHUko Uda Ikastaroen Batzorde Antolatzailea osatzen duten erakundeei beraien babes eta laguntzarengatik; BBVA Fundazioari, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Halaber, eskerrik beroena ziklo berezien babesle diren Irizar, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari, ikastaroetako zuzendari eta hizlariei zein ezagutzaren plazara hurbildu diren ikasle guztiei, jakintzaren zabalkundean jarritako indarra eta egindako ahalegina eskertu nahi dizkiegu. Eta, nola ez, mila esker komunikabideei eta hedabideetan ari zareten profesionalei Uda Ikastaroetako hausnarketak eta ikaskuntzak hedatzeagatik.

Mila esker denoi ezagutzaren alde egindako apustuarengatik.
 

Erlazionatutako edukiak