Saltillo eskola-ontziko Mugaz gaindiko Uda Ikastaroa esperientzia paregabea da euroeskualdeko ikasleentzat
Gaur amaitu da “Itsasoari begira dagoen unibertsitatea” Mugaz gaindiko Uda Ikastaroa Bilboko Itsasmuseum museoan.
Uda Ikastaro aitzindariaren bigarren edizioa uztailaren 18an hasi zen, eta Saltillo eskola-ontzia eta euskal kostaldea izan ditu jakintza-erdigune. Halaber, herritar guztientzat hitzaldiak eskaini dituzte Portugaleten, Mutrikun, Donibane Lohizunen, Donostian eta Bilbon. Tripulazioko kideek, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleek, alegia, beren unibertsitateetara eramango dute nautikari eta gure itsaso eta ozeanoen iraunkortasunari buruz ikasitakoa.
Ikastaroaren amaieran, programak eskainitako kulturarteko, eleaniztasuneko eta bizikidetzako ingurunean ezagutzaren transmisioak duen garrantzia azpimarratu dute.
Emaitza ezin hobea izan da; halaxe adierazi du Gorka Morenok, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak: “Esperientzia akademiko eta pertsonal guztiz berritzaile baten bigarren edizioa da hau: UPV/EHUko eskola-ontzia, Saltillo, gure uda ikastaroetako baterako unibertsitate-gela bihurtuta. Hamar egunez, hainbat unibertsitatetako ikasleez osatutako tripulazioa euskal kostaldean ibili da, lankidetzan ikasteko gaitasunak garatuz eta ozeanoak modu iraunkorrean ustiatzeko beharraz sentsibilizatuz. Esperientzia sendotu egin da eta, zalantzarik gabe, gure uda ikastaroen hurrengo edizioetan jarraituko du”.
Bestalde, Euskampuseko zuzendari Igor Campillok azpimarratu du elkarren segidako bi urteetan Euskampus Fundazioak laguntza eta, aldi berean, parte-hartze handia eman duela Mugaz gaindiko Uda Ikastaro honen diseinuan, zuzendaritzan eta garapenean, UPV/EHU - UIKren Uda Ikastaroen barruan: “oso pozik eta harro gaude itsas bidaiak eta portuetako jarduera irekiek izan duten garapena ikusita”.
Ikastaro honek UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen Euroeskualdeko Campusaren lankidetza-ereduko funtsezko osagaiak biltzen ditu, eta guk, Euskampus Fundazioak, horiek sustatu eta kudeatzeko ohorea dugu.
Asmo handiko ikastaroa da: bi unibertsitateetako ikasleak bildu ditu diziplina arteko, kultura arteko eta hizkuntza anitzeko tripulazioa osatzeko, unibertsitateen arteko itunari bizia ematen dion komunitatearen isla.
SALTILLOn ontziratutako ikasle-tripulazioa bi unibertsitateak elkarrekin egiten ari diren zeharkaldi handiaren ikur da. Unibertsitate-komunitateen eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren haizeak bultzatu du zeharkaldia, eta mugaren bi aldeetako herritarrei zabaldu zaie parte-hartzea, gizartean benetako eragina izateko.
Unibertsitateak harrera-portu bakoitzean ordezkaritza duten eragile eta erakundeekin koordinatu dira ezagutza eta talentu akademikoa zabaltzeko, adituekin hitz egiteko eta itsas ondare eta instalazioei balioa emateko eta, horrela, ozeanoen balioespenaren, osasunaren eta iraunkortasunaren alde lan egiteko, gure lurraldeetako trantsizio energetiko, ekologiko eta sozialaren erronkei aurre egiteko beharrezko jarduera-ildo gisa.
Saltilloren bigarren zeharkaldi honek gizarteari helarazi dizkio bikaintasun zientifikoaren, kulturaren eta gure mugaz gaindiko eremuaren hizkuntza-aberastasunaren aldeko apustua, erakunde publiko eta pribatuen mobilizazioa, eta bi unibertsitateek herritarrei zerbitzua emateko duten bokazio argia ozeanoen iraunkortasunaren aldeko lankidetzan murgiltzean, mugetatik haratago.
Mugaz gaindiko ikastaro hau UPV/EHUren IKDi3 hezkuntza-ereduan oinarrituta dago. Eredu horretan, iraunkortasunarekin konprometitutako herritarrak hezteko, ezagutza, trebetasun eta balioetan oinarritutako prestakuntzaren aldeko apustu irmoa egiten da. Ikastaro aitzindaria da bere berezitasunagatik: ikasleak dira, bi unibertsitateetako ikasleek osatutako tripulazioa, alegia, ikastaroaren benetako protagonistak. Prestakuntza itsasontziaren barruan zein kanpoan garatzen da, eta horren garrantzia agerian gelditzen da hitzaldien hasieran eta erabilitako dokumentu-erregistroan (bidaia-bitakora edo landa-koadernoa).
Tresna hori taldeka eta teknologiaz baliatuz eraiki dute, aldi berean, nabigazioari, iraunkortasunari, bizikidetzari, talde-lanari eta eleaniztasunari eta beste gai batzuei lotutako ikaskuntzen, aurrerapenen eta bizipenen berri emateko. Ikastaro hau osatzen duen testuinguru berezi honetan, gainera, tokiko hiru hizkuntza (euskara, frantsesa eta gaztelania) eta ingelesa (lingua franca gisa) elkartu dira; tripulazioak hizkuntza horiek eta beren komunikazio-baliabide guztiak erabili ditu itsasontziko bizikidetzak arrakasta izan zezan eta esperientzia ahaztezina izan zedin.
Zalantzarik gabe, jakintzaren itsasoan barrena egindako bidaldiak Saltillo eskola-ontzia izan du protagonista. Hona hemen Mikel Lejarza kapitainaren hitzak: "lehen esperientziaren moduan, bigarrena ere bikaina izan da. Halako bidaiek prozesu inplizitu bat izan ohi dute: tripulazio osoa egokitu behar da bai itsasontzira bai bizikidetzara, hor baitago nabigazioaren eta gainerako guztiaren arrakasta. Pixkanaka egokitu eta sinkronizatu gara guztiok, eta egunetik egunera hobera egin dugu. Eguraldia eta itsasoa lagun izan ditugu uztailaren 18tik 24ra, eta Donostian irteera ordua aurreratu behar izan genuen eguraldiaren iragarpen txarraren ondorioz. Horri eta talde-lanari esker, primeran irten da guztia. Ezagutza eta esperientziak partekatu ditugu, eta aberastu egin gara, besteak beste, nabigazioari, ozeanoen egoerari eta iraunkortasunari eta kulturari buruzko gaietan”.
Horrez gain, beren esperientziaren berri eman digute bi unibertsitateetako tripulazioetako partaideek.
Bordeleko Unibertsitateko Camille Rigoletek positiboki baloratzen du esperientzia. Gogoan du zorabioen ondorioz deseroso samarra egin zitzaiola itsasaldiaren hasiera, baina egokitzen joan dela dio. Haren hitzetan, "tripulazio osoa pazientzia handikoa eta edukatua izan da", korapilo guztiak egiten ikasi dute, itsasontziko zereginetara eta ohituretara egokitu dira eta denak oso ondo funtzionatu du.
Bordeleko Unibertsitateko Leo Mathis pozik dago abenturarekin. "Hasieratik sorpresa handia izan zen, ez bainuen espero ontzia hain handia eta ederra izatea, eta gainera historia handia du. Tripulazioa bikaina izan da, eta denetarik ikasi dugu. Kapitainak lemapean jarri ninduen maniobrak egiteko, baita nabigatzeko ere, eta sinestezina izan da. Korapiloak egiten ikasi dugu, baita gai korapilatsuagoak ere, eta une nekagarrietan, ahal genuenean hamar minutuko siestak egiteko erritmoa topatzen ikasi dugu. Paisaia ederrak ikusi ditugu eta oso gauza interesgarriak ikasi ditugu ammonoideoei, ingurumenari eta plastikoari buruzko hitzaldietan. Benetan, bikaina izan da. Tripulatzen eta taldean funtzionatzen ikasi dugu. Hasieran, maniobretan, beti egoten zen norbait galduta, zer egin ez zekiela. Baina Donostiara iritsi ginenetik, zubian ez da soinurik egon maniobren zain. Guztiok egokitu gara eta esperientzia zoragarria izan da”.
Eneko Larrarte UPV/EHUko ikaslearentzat bidaia uste baino hobea izan da: "Elkarbizitza zailagoa izango zela uste nuen. Tripulazioko kide guztiok hainbat hizkuntza hitz egiten ditugu (gaztelania, frantsesa eta ingelesa) eta horrek lotu egin gaitu. Hitzaldiak interesgarriak eta apartak izan dira. Erakundeak oso ondo tratatu gaitu orokorrean. Donibane Lohizunen, adibidez, afaltzera gonbidatu gintuzten. Oso giro ona sortzea lortu dugu tripulazioko kide guztien artean. Nire kasuan, Nautika ikasten ari naiz UPV/EHUn, eta ikasitakoa praktikan jarri ahal izan dut. Esperientzia bikaina izan da, tripulazioak jakin-min handia erakutsi du eta oso pozik daude esperientziarekin".
Aurreko guztiaz gain, funtsezko beste alderdi bat ezagutza lau hizkuntzatan transferitu izana da: tokiko hiru hizkuntzetan (euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz) eta ingelesez (lingua franca moduan). Guztiek erabili dute beren hizkuntza-errepertorioa, komunikazioa eta bizikidetza hobetzeko. Halaber, hizlariek ahalegin handia egin dute beren hitzaldiak formatu eleaniztunetan emateko. Gainera, taldeak lau hizkuntzatako baliabideak izan zituen itsasontzian elkarbizitza arina eta irekia izateko: belaontziaren oinarrizko terminologia osoa, materialen gidak eta jarraibideak/erabilera eta bidaian zehar osatu duten bitakora-koadernorako gidalerroak. Hizkuntza-aniztasuna erreferentea izan da, eta praktika eleanitz horiekiko malgutasuna eta tolerantzia aukera paregabea taldearen gizarte-kohesiorako. Norberaren hizkuntza-nortasunari eusteko modu aberasgarria, aldi berean hurkoaren nortasuna errespetatuta.
Ontziaren geldialdietan antolatutako jarduera irekietan 253 lagunek hartu dute parte.
Programaren arrakasta dela eta, 2024ko edizioa prestatzen hasi dira dagoeneko.
Ikastaro hau Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen programaren barruan antolatu da.