Itzuli

Mugikortasun jasangarriaren erronka: baterien eta hidrogenoaren artean

“Hidrogenoa pixkanaka-pixkanaka lekua egiten joango da mugikortasun jasangarriaren barruan, baina bateriek garapen oso handia badute eta gero eta autonomia handiagoa ahalbidetzen badute, soluzio hobea izango dira ikuspegi ekonomikotik. Eta nolabaiteko borroka egongo da bi teknologien artean”. Iosu Ibarbia CAFeko Teknologia zuzendariak bateria elektrikoetan eta hidrogenoan oinarritutako garraioak gaur egun bizi duen egoera azaldu zuen Donostia Sustainability Forumean. Gipuzkoako enpresa hori lantzen ari den garraio proiektu integralen zati garrantzitsua dira jada bi teknologia horiek.

Gaur egun, klima aldaketa eragiten duten CO2 isurien % 25 sortzen du salgaien eta pertsonen garraioak, eta horregatik da garrantzitsua mugikortasuna modu eraginkorrean diseinatzea, klimaren aldeko ekintzaren barruan. Karbono aztarna murrizteko gai diren eta intermodalitatea errazten duten garraio soluzioak dira deskarbonizazioa lortzeko ardatz estrategikoetako bat. Testuinguru horretan, tren eta autobus jasangarriagoak garatzen ari da CAF taldea.

Autobus elektrikoen arrakasta

Ibilgailu publikoen zein pribatuen errepideko garraioak CO2 emisioen zatirik handiena eragiten du, petroliotik eratorritako erregaien oso mendekoa izaten jarraitzen baitu. CAFek, Solaris filialaren bidez, urteak daramatza baterietan edo hidrogeno piletan oinarritutako propultsioa duten autobusak garatzen. Autobus horiek batez ere hiri garraiorako dira, eta CAF-Solaris Europako buru bihurtu dute autobus elektrikoen eta hidrogeno bidezkoen salmentetan. 2021ean, enpresak eraikitako 1.500 autobusen erdiak 0 emisiokoak izan ziren.


Gaur egun, autobus elektrikoek erabiltzen dituzten bateriek 200–300 km egiteko autonomia dute, eta hiri eremuan hori nahikoa da autobus batek egun osoz funtzionatu eta gauez kargatu ahal izateko. Ibilbide luzeagoak egiten dituzten autobusetan, ordea, hidrogenoan oinarritutako teknologia erabiltzea planteatzen da. 

Iosu Ibarbiak azaldu zuenez, “Europan gero eta hiri gehiago ari dira hidrogenozko autobusak zerbitzuan jartzen”, eta adierazi zuen merkatu bat sortzen ari dela garraiobide mota horren inguruan; izan ere, hidrogenoak bateria elektrikoek baino autonomia handiagoa ematen dute, eta autobusetan errazago aplika daitezke, trenarekin alderatuta. Hala ere, zenbait erronka teknologiko geratzen dira, hala nola hidrogeno berdearen ekoizpena merkatzea, ibilgailu horiek diesel ibilgailuak bezain erabilgarriak izan daitezen.
 

Trenaren etorkizuna

Trenaren panorama bestelakoa da. Trenek eragiten dituzten CO2 emisioak % 0,5 baino gutxiago dira; izan ere, garraiobide oso elektrifikatua eta berez eraginkorra da, eta Europako trenen ehuneko txiki batek baino ez dute erabiltzen diesela. Hala ere, tren elektrikoek katenaria behar dute zirkulatzeko. Orain arte garatu diren bateriek ez dute autonomia nahikorik horren ibilgailu astunetarako, eta, horregatik, hidrogenoa planteatzen da alternatiba gisa. Iosu Ibarbiak azaldu zuenez, CAF gaur egun Zaragozan probatzen ari den hidrogenozko trena horren adibide da, eta, etorkizunera begira, eredu berri bat izan daiteke. Mugikortasun mota berri hori duela zenbait urte sortu zen, hiriguneetan katenariarik gabe ibiltzeko gai ziren tranbiak diseinatzeko beharrarengatik. Hortik aurrera, “aldiriko tren mistoak sortu dira, hiriguneetan katenaria bidez zerbitzua emateko gai direnak, eta, kanpora ateratzen direnean, dieselik erabili gabe zerbitzua eman dezaketenak”, gaineratu zuen Iosu Ibarbiak.
Iosu Ibarbiak trenaren etorkizunari buruz nabarmendu zuen alderdietako bat da dentsitate txikiko lineak mantentzeari ematen ari zaion garrantzia. “Bidaiari gutxik erabiltzen dituzten arren, garrantzi handia dute lurraldearen artikulazioaren ikuspegitik”, azaldu zuen CAFeko arduradunak. Linea defizitarioak izan arren, horiek mantentzearen alde daude zenbait herrialde, hala nola Frantzia eta Alemania, mugikortasunari laguntzen diotelako.

Mugikortasun jasangarria eta adimenduna

CAFek berrikuntzaren eta teknologia berrietan inbertitzearen aldeko apustua egiten du, garraiobide gero eta eraginkorragoak garatzeko, CO2 emisioak murrizteko eta ibilgailuak gidatzeko lana optimizatzeko asmoz. Azken gai horri dagokionez, Iosu Ibarbiak adierazi zuen garrantzitsua dela ibilgailu autonomoaren kontzeptua; hots, gizakiaren esku hartzerik gabe eta kontsumoa minimizatuz zirkulatzeko gai den ibilgailuarena.