Itzuli

Mugikortasun jasangarria eta Aldaketa Klimatikoa

Jon Macías Umerez eta Josu del Campo Etxeberria. Batak zein besteak Geografia eta Lurralde Antolakuntzako gradua burutu zuten Euskal Herriko Unibertsitatean, bertan elkar ezagutuz. Gradua egin ostean, lurralde zein hiri plangintzan espezializatu nahian, alde batetik, Josuk Planificación Urbana y Sostenibilidad masterra burutu zuen Universitat Politécnica de Catalunya-n eta, egun, geografo lanetan dihardu Solucions Geografiques kooperatibaren barnean. Jonek, berriz, Dinámicas Territoriales y Desarrollo masterra ikasi zuen Universidad Complutense de Madrid-en eta, momentuz, geografiarekin loturik dagoen lan bat eskuratu bitartean, beste proiektu batzuetan dihardu.

Haritik Hiriraren oinarria eta esentzia. 

Geografia eta Lurralde Antolakuntza gradua batera egin zutenez, bertan ezagutu genuen elkar. Ondoren, azaldu duten moduan, bakoitzak bere bidea hartu zuen, baina beti ere lurralde zein hirien inguruko ikasketei jarraipena emanez. Hori horrela, gradu ondorengo ikasketak bukatzear zirela sortu zuten Haritik Hirira, oinarri moduan hiru ardatz izanik. Alde batetik, ordura arte ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ona zela pentsatu zuten, eta ez hori bakarrik, baita ikasten jarraitzekoa ere. Bestetik, geografiak eta geografoek ere izan dezaketen papera aldarrikatzea, egiten dugun lanaren inguruan ezjakintasun nabaria baitago orokorrean. 

Bestetik, egungo hiri-eredua zalantzan jarri eta denontzat onuragarriagoa izan daitekeen eredu bat bilatzea ere euren erronka nagusietako bat da. Helburu hau lortzeko bidean, hainbat faktore aztertu dituzte: eremu berdeekiko gertutasuna edota bizikletak izan dezakeen irisgarritasuna. Gainera, beraien podkastaren lehen atala ere ildo hori jarraituz garatu dute (https://www.ivoox.com/haritik-hirira-podkasta-0-eredua-zalantzan-covid-19-audios-mp3_rf_83728100_1.html), gertutasunean oinarrituriko ereduan sakonduz. Azken finean, hirian zehar kokaturiko baliabide eta zerbitzuen banaketa heterogeneoa izan da orain arte, gutxi batzuen onuran eta askoren kaltetan. Horren ordez, gure auzoan bertan behar ditugun baliabide eta zerbitzu guztiak eskura edukitzean dago gakoa, gertutasunean eta zaintzan oinarrituriko 15 minutuko hiri-ereduan, alegia.

Azkenik, Twitter edota sare sozial zein komunikabideetan lurralde antolakuntza, hirigintza edo mugikortasuna bezalako gaiak jorratzen dituzten euskarazko proiektuak faltan somatzen zituzten. Hori dela eta, nolabait hutsune hori bete nahian, Haritik Hirira bezalako proiektu bat sortzea aukera ona izan zitekeela pentsatu zuten, euren estilo propioarekin, estetikoki edo bisualki erakargarriak izan daitezkeen mapa edo irudiekin bateratuz, askotan ulertzeko zail xamarrak izan daitezkeen gaiak sinplifikatzen saiatu eta irakurleengana gerturatuz.

Mugikortasun iraunkorrean begirada jarrita, zeintzuk dira eskuartean dituzuen helburuak eta erronkak?

Mugikortasuna iraunkorra eta jasangarria izan dadin, ezinbestekoa izango da gaur egungo egitura iraultzea. Gure hiriak autoaren mugikortasunerako diseinatuak izan dira, kale eta errepide zabaletatik zehar automobil pribatuaren joan-etorriak lehenetsiz. Oinezkoak, aldiz, bigarren mailako erabiltzaileak izango balira bezala tratatu dira askotan, bizikletazko mugikortasunarekin gertatu den moduan.

Mugikortasun iraunkorraren oinarrian, ordea, oinez zein bizikletaz egiten diren lekualdaketek egon beharko lukete. Horretarako, ezinbestekoa izango da aipatu duten egitura iraultzea eta, pixkanaka bada ere, gure hiriaren egitura mugikortasun jasangarrira moldatzea. Garraio publikoak ere, nola ez, eredu honen oinarrian egon beharko luke, ahal den heinean zerbitzuak indartuz. Zentzu horretan, ezinbesteko ikusten dugu bidezko prezioak dituen garraio publikoa bultzatzea, hiritar guztientzat erakargarria den eta auto pribatuarekin lehiatzeko gaitasuna duen eredu bat ezarriz. Azken finean, mugikortasun iraunkorraren oinarria kotxe pribatuaren dominazioarekin amaitzea izan beharko luke eta, horretarako kotxearekiko dependentzia murrizten joatea funtsezkoa litzateke.

Ditugun erronka nagusien artean egungo eredua zalantzan jarri eta denontzat onuragarriagoa izango den mugikortasun eredua lortzea legoke, automobil pribatua ez litzateke mugikortasun piramidearen oinarria egon beharko, eskubide bat baino gehiago denon kalterako “luxu” bat baita.


Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, hirietan azterketa zehatzak egin dituzue. Zertan datza egin duzuen hori?

Euskal Herriko hiriburuetan mugikortasunarekin loturiko azterketa zehatza jorratzea izan zen aburu. Hori dela eta, honako galdera erantzuten saiatu ziren: gure hirietako erdiguneetatik abiatuz, ordu laurden batean lortu dezakegun irisgarritasuna zein den islatzea. 

Kasu batzuetan, Gasteiz edo Iruñean, esaterako, hiriko edozein txokotara iritsi gaiteezkela ikusi zuten. Besteak beste, bertako erliebe lauaren laguntzaz. Alabaina, malda gehiago dituzten Donostia edo Bilbo bezalako hirietan ere lorturiko emaitzak bereziki nabarmenak izan ziren. Azken finean, bizikletaz eginiko lekualdaketen eraginkortasuna islatzea zen helburu nagusietako bat. Askotan pentsatzen dugu modurik azkarrena beti izango dela ibilgailu motorizatu bat. Hala ere, Euskal Herriko hirien tamaina kontuan hartuz, erdialdetik abiatuta, ordu laurden batean, hiriko ia edozein txokotara iritsi gaitezke. 

Azken batean, irisgarritasuna, mugikortasun jasangarria eta jarduera fisikoa uztartu eta bateratzeko aukera bikaina izan daiteke bizikleta. 

Teknologiaren laguntzaz zuek sorturiko erraminta hori munduko beste eskualdeetan ere erabilgarria izan daiteke? Zer aportatu dezake?

Bai, noski. Aipatu bezala, tresna oso erabilgarria izan daiteke mugikortasun berdeak duen potentzionaltsuna islatzeko. Gero, beraien mapetan aztertu ditugun aldagaietaz gain, eskualde edo hiri bakoitzak bere ñabardurak izango ditu eta bizikleta bidezko lekualdatzea hainbat faktorek baldintzatuko dute, hala nola, kokapen geografikoak, kulturak, egoera sozioekonomikoak, garraio azpiegituren egoerak… Laburbilduz, uste dute abiapuntu interesgarria dela modu adierazgarri batean zenbait hiriren egoerara hurbiltzeko, beti ere, ondoren, tokian tokiko analisi zehatz eta sakon bat egiten bada.


Zuen hariak honakoa dio: “Asko hitz egiten da 15 minutuko hiriaz, baina ez gehiegi bizikletak-eredu hau lortzeko bidean izan dezakeen eraginkortasunaz”. Hari horri tiraka, zein aspektuetan jarri behar da arreta gehiago? Hobetu daitezkeen faktoreren bat dagoela uste duzue?

Irisgarritasun aldetik bizikleta bereziki eraginkorra izan daitekeela islatu zuten, baina irisgarritasuna soilik ez da nahikoa izango. Erabiltzaile batzuek ere haien herri eta hirietan aurki daitekeen egoeraz hitz egin zieten, eta denek antzeko zerbait zioten: “irisgarritasun aldetik ez dugu arazorik, baina ditugun azpiegiturak ez dira egokiak, ezinbestekoa da hauek hobetzea”. Orokorrean hobetu daitezkeen faktoreen artean azpiegiturena aipa daiteke. Bizikleta sustatu nahi badugu, adin eta sexu guztietako pertsonak seguru sentitu behar dira garraioa hau erabiltzerako orduan, eta hau lortzeko oinarrizkoa izango da azpiegituretan inbertitzea.

Eredu aldaketa hori posible egiteko pertsonon borandatea eta nahia beharrezkoak direla uste duzue? Aldaketa txikiak ikusten dituzue edo tendentzi aldaketa bat? “Hari” luzea oraindik bidean da? Zer somatzen duzue?

Borondatea lagungarria da beti, borondate kolektiboa, noski. Borondateak soilik, baina, ez garamatza inora, aldaketa sakonak burutu ahal izateko, beharrezkoa da tresnak izatea eta bestela, hauek sortzea. Horretarako, hirigintza parte-hartzaileago bat bultzatu behar dugula pentsatzen dute, hiritarrek hiriarengan duten erabaki ahalmena indartuz eta bizilagunen arteko antolakuntza bultzatuz. Mugikortasuna jasangarria izatea nahi badugu, hiri-eredua interes orokorraren mende jartzea nahitaezkoa dela azpimarratzen dute.
 
Espezifikoki mugikortasunari dagokionean, nire borondatea nire hiritik zehar bizikletaz mugitzea bada baina ditudan azpiegiturak egokiak ez badira, borondatea duten pertsona askok alde batera utziko dute nahi hori eta beste alternatibak bilatzen hasiko dira. Aldiz, borondateaz gain tresnak ere eskuragarri baditugu, mugikortasun eredua aldatzea askoz ere bideragarriagoa izango da. Horregatik da horren garrantzitsua hiri eredu desegokiak sortzen duen nahigabea saretzea eta antolatzea, hala nola, azpiegituren hobekuntza bat erreklamatzeko.

Momentuz aldaketa txikiak ikusten dituzte arlo honetan, baina tendentzia aldaketa batera eraman gaitezkeen aldaketa txikiak dira. Iraultza handiak ere aldaketa txikiekin hasi zirela esan dezakegu, gauza asko egun batetik bestera aldatzea zaila izan ohi da. Gure hiriak autoaren irudira eraikiak izan dira hamarkadetan zehar eta zaila den arren, orain argi dugu hori aldatzeko unea dela, baina pixkanaka bada ere, joera positiboa da eta norabide honetan jarraitu behar dugu, atzera pausorik eman gabe.

Jada eginiko bidetik zer azpimarratuko zenukete? Zerbaitetan arreta berezia jartzea komeni dela uste duzue?

Hiriak biztanleria-kontzentrazio handia dutenez, hondakinak sortzeko ere foku handiak ere badira. Kontuan hartzen badugu pertsonen osasunaren %75 bizitza garatzen duten ingurunearekin lotutako faktoreen mende dagoela, eta hiriko ibilbideek garraioaren CO2 isurketen % 40 eragiten dutela, hiriko mugikortasuna funtsezko pieza bihurtu da egungo hirian. Zentzu horretan, azken hamarkadetan, klima aldaketaren kezka zabaltzean joan da gizartean eta honek hirigintza zein lurralde politiketan hainbat aldaketa ekarri ditu. 

Gure hiriekin alderatuta, Europako hainbat hiritan aurrerapauso sendoagoak ematen ari dira mugikortasun alorrean, batez ere bidegorri azpiegituren hobekuntzarekin, hedapenarekin eta konektibitatearekin loturikoak. Esan dezakegu neerlandarrak, esaterako, abangoardia direla gaur egun eta, hemengo hirietan aurrerapenak egin diren arren, oraindik kotxe pribatuaren nagusitasuna eta honekiko dependentzia askoz handiago da eta, beraz, bide luzea dute aurretik. Hala ere, egia da hirien zentroetatik autoak ateratzeko eta garraio publiko elektrifikatzeko esfortzuak egiten ari direla.


Etorkizuneko begirada 


Kontraesana dirudien arren, zenbait aspektutan etorkizuneko hiria iraganeko hiriaren antzekoa izan daitekeela pentsatzen dute. Duela mende bat baino gehiago, kontsumo gizartea eta automobilaren eztandaren aurretik, hiriko espazio publiko gehiena, oinezkoei zuzendua zegoen. Bizikletak edota garraio publikoak ere, tranbiak adibidez, hiriaren islada ziren.


Horrez gain, gertutasunean eta auzotarren zaintzan oinarrituriko hiri eredua lantzea ezinbestekoa izango dela pentsatzen dute. Horretarako, oinarrizko zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, aisialdia) eta lantokia bizi garen tokitik gertu egotea ahalbideratu beharko genuke, erabilera mixtoko eredua bultzatuz, oinez egin daitezkeen joan-etorriak lehenetsiz. Bestalde, erabilera edo funtzio bakarreko hiri eremuak murriztu beharko liratekeela uste dute, hauek izan ohi baitira joan-etorri luzeak eta autoarekiko dependentzia sorrarazten dituzten eremuak, etxetik lantegira eta kontrako norabidean egiten dugun pendulu mugimendua biderkatu eta honek sortzen dituen kalteak erreproduzituz: kutsadura, auto pilaketak, azpiegituren hedapena, natura eremuen suntsipena etab.