Itzuli

Elkarteen apustua: zientzia eta teknologiaren zabalkundea eta komunitatearen garapena

Zientziak eta teknologiak gizartearen eraldaketa eragiteko duten garrantzia azpimarratu dute ZarautzOn, Lemniskata Goierriko zientzia sarea eta Ondarroako Zientziaren Giltzak elkarteetako kideek

Lara Burgoa Ondarroako Zientziaren Giltzak elkarteko kideak, Ane Bustinduy ZarautzOn elkarteko lehendakariordeak eta Jose Luis Etxezarreta Lemniskata Goierriko zientzia sare elkarteko idazkariak TopaGune ikastaroa: Hiritartasun aktibo baten alde. Esperientziak eta hausnarketa. Uda Ikastaroan parte hartu zuten. Bertan, zientzia eta teknologiaren dibulgazioaren garrantziaz hitz egin zuten, eta herritarrei ezagutza hurbiltzeko duten konpromisoa nabarmendu zuten. Gainera, belaunaldi desberdinen arteko harremanetan ikasteko eta garatzeko eskaintzen dituzten aukerak azpimarratu zituzten.

Zeintzuk dira zuen helburuak eta zein ekintza mota prestatzen dituzue?

Ane Bustinduik azaldu duenez ZarautzON elkartearen helburua zientzia eta teknologiarekin lotutako egungo erronketara sarbidea erraztea da, baita dibertsiorako, sozializaziorako eta irakaskuntzarako ere. Elkarteak esperientziak eta ikasteko eta eboluzionatzeko aukerak eman nahi ditu, elkarreraginaren eta ezagutza-trukearen bidez. Jakin-mina eta ikasteko gogoa izatea garrantzitsua dela azpimarratu zuen, eta kideek euren iritzi propioak osatu behar dituztela, esperientzia eta ezagutzetatik abiatuta.

Zientziaren Giltzak elkarteko Lara Burgoak azpimarratu duenez elkartearen helburu nagusia zientzia eta teknologiaren inguruko jakintza herritarrei, batez ere Ondarrutarrei, gerturatzea da. Garrantzitsua da jendartean zientziaren eta teknologiaren inguruko kontzientzia piztea edo jakin-mina sortzea. Antolatzen dituzten hitzaldiek aukera ematen diete herritarrei entretenimenduaz gain, jakintza eskuratzeko. Urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dituzte, baina jardueraren ardatza hilero antolatzen dituzten zientzia eta teknologia hitzaldiek osatzen dute. Hitzaldi hauek Ondarroan izaten dira eta bertan unibertsitateko katedradunak edo ikerketa-zentroetan lanean dabiltzan ikertzaileak izaten dituzte hizlari eta zientzia eta teknologiari buruzko gaiak jorratzen dira.

Lemniskata elkarteko Jose Luis Etxezarretak uste du zientziaren, teknologiaren eta ezagutzaren dibulgazioa beharrezkoa dela. Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte, zikloetan banatuta: urtarrilean matematikaren inguruko zikloa, otsailean emakumeak zientzian ekimenak, martxoan “Made in Goierri” izeneko hitzaldi eta erakusketak, ekonomia eta industriaren inguruan. Urrian Ordizian, Ordizientzia izeneko ekitaldia antolatzen dute eta azaroan, Beasainen, "azaroa zientziaroa", bertan urtero gazte ekintzaile eta ikertzaileen jardunaldiak egiten dira. Era berean, bi edo hiru erakusketa antolatzen dituzte, urtero liburu berri bat argitaratzen dute Lemniskata kaierak bildumakoa, eta matematikaren inguruko nazioarteko Lemniskata matematika argazki-lehiaketa antolatzen dute. Helburua dibulgazioa eta jakintza herritar ororengana gerturatzea da.

Zergatik animatuko zenituzke norbanakoak elkartean parte hartzera? Zer ikasi duzu pertsonalki?

Lara Burgoak adierazi du hitzaldi zientifikoak edo teknologikoak antolatzea eta horietan parte hartzea ez dela soilik gai jakin bat ikastea, baizik eta pertsonalki ere onuragarria izan daitekeela. Normalean, herri mailan, adin edo generazio jakin bateko pertsonen artean erlazionatzen gara, gutxi gora-behera lau edo bost urteko tartearekin. Elkarte honetan parte hartzeak zure herrian bizi diren pertsona ezberdinekin harremanetan jartzeko aukera ematen du. Taldean hamabi pertsona inguru dira, eta horietatik heren bat jubilatuak dira, beste heren bat 40 urte bitartekoak eta gainerakoak 40 urtetik beherakoak. "Elkarte hau ez da soilik zure adinekoekin erlazionatzeko aukera, baizik eta esperientzia beste adin-taldeetatik datozen pertsonekin ere izaten duzu. Horrela, ikuspuntu eta iritzi ezberdinak trukatzen dira, eta horrek ikasteko aukera ematen du. Herria beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera ematen dizu eta konturatzen zara zure ikuspegiak eta esperientziak anitzak direla".

José Luis Etxezarretak, aldiz, antolatzen diren ekimenak beharrezkoak ote diren galdetuko lieke ingurukoei. "Uste dut garrantzitsua dela, ematen duzuna baino askoz gehiago jasotzen duzula eta arrazoi hori dela jendea animatu beharko lukeena. Ordu batzuk eskaintzen badituzu ere, trukean jasotzen duzuna askoz handiagoa da". Horrelako zerbaitetan parte hartzeak merezi duela uste du. Gazteei,  animatu eta ezagutu dezatela esango lieke. Atzera egiteko denbora beti dago, baina lehenik ezagutu beharko lukete. Dioenez beste esperientzia batzuk ezagutzeak merezi du.

Azkenik,  Bustinduyk adierazi du pertsona moduan aberastu egiten dela parte hartzean. "Asko ikasten duzu, gai bat agian oso azaletik ezagutzen duzu eta agian iritzi bat daukazu, baina hitzaldi bat entzunda zeharo aldatzen duzu iritzia. Pertsona moduan garatzen zara eta hori da elkartearen helburua, askotariko pertsonen artean gure herria garatzea eta onerako izatea".