Back

Uztailaren 15etik 19ra, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak ospatuko dira Baionan

  • Askotariko gaiei buruzko 11 ikastaro programatu dira, doan, Cité des Arts arte eskolan. 

  • “Migrazioa: kontrolari buruzko eztabaidatik gizarteratzera” solasaldiarekin emango zaie hasiera.

Datorren astelehenean hasi eta aste betez Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak ospatuko dira Baionako Cité des Arts arte eskolan. Irekiera gisa ekitaldi berezia izango da uztailaren 15ean goizeko 9etan.

Alde batetik “Migrazioa: kontrolari buruzko eztabaidatik gizarteratzera" izeneko solasaldia izango da. Eva Caballero kazetariak gidatuko duen mintzaldian Clémentine Mazille Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko irakasleak eta Miguel Laparra Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Laneko irakasle titularrak hartuko dute parte.

Ekitaldi berean, Yannick Hernández Bordeaux Montaigne Unibertsitateko irakasle titularrak eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko zuzendari akademikoak 2023ko Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroei buruzko liburua aurkeztuko dute.

Hamaika ikastaroz osaturiko programa

Egitasmoaren hirugarren edizioa izango den honetan 11 ikastaro programatu dira.

Hizkuntzalaritzari lotutako 3 ikastaro izango dira: Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika berrirako urratsak aztertuko dira, hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza parte-hartze aktiboan oinarrituta mugaz bi aldeetan sustatu diren esperientziak ezagutuko dira eta egun bizirik dauden euskalkien egoeraren argazki orokorra eta alorrean dabiltzan ikertzaile gazteen lana azaleratuko dira.

Jasangarritasunari eta ingurugiroari loturiko gaiak aztertuko dira. Alde batetik elikadura sistema izango da hizpide etorkizunari begira euskal gastronomiarako jasangarritasuna eta lankidetza ereduak mahai gainean jarriz; bestetik, euskal kostaldeko biodibertsitatearen egoera eta mugaren bi aldeetan itsas ingurunea babesteko neurriez ariko dira gaian adituak eta, gainera, aldaketa globalaren aurrean landa-eremuen ezaugarri bereizgarriei eta berezko arazoei buruz hausnartuko da.

Gizarte gaiei erreparatuz, munduko egoera desberdinetan oinarrituz mugaren izaeraz eta eraginaz hausnartuko da eta etxebizitza publikoaren politikaren oinarri nagusietako batzuk berrikusiko dira mugaren bi aldeetan nola aplikatzen den aztertuz eta mugaz gaindiko herritarren parte-hartzeari buruzko esperientziak eta egitasmoak ezagutzera emango dira.

Kultur alorrari dagokionez, ondarearen sustapenean eta babesari lotuta desagertzeko arriskuan dagoen irundako argizariaren ekoizpenari lotutako ezagutza teknikoak nabarmenduko dira.

Baionan ospatuko diren ikastaroez gain Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen baitan, SALTILLO eskola-ontzian egin den itsas ibilbidearen bidez itsas ingurunearen osasunaren aldeko mugaz gaindiko azterketa egin da uztailaren 2tik 5era.

Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetza

Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin. Egitasmoa erakunde guzti hauen lankidetzaren emaitza da:

l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa, l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA/NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER zentroa eta Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx). Halaber, mugaz gaindiko tokiko erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Communauté d’Agglomération Pays Basque eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearena.

Izen-emate epea zabalik ikastaroak ospatuko diren egunera arte

Matrikula zabaldik dago eta izen-ematea doan da.

Informazioa eta matrikula: https://www.uik.eus/eu/jarduerak/programak-mugaz-gaindiko-uda-ikastaroak