Back

Ayona Datta: “Adimen artifiziala arriskutsua izan daiteke esku okerretan egonez gero”

Ayonak digitalizazio etikoa eta emakumeen ahalduntzea esploratu ditu

Pasa den irailean University College Londonen Giza Geografiako irakaslea den Ayona Dattak ponentzia bat eman zuen Donostiako Miramar Jauregian. Hitzaldian zehar hiriek teknologiarekin duten harremanaz hausnartu zuen. Horretaz gain, emakumeak eremu digitaletan ahalduntzeko balio duen “Feminist toolkit” ekimena aurkeztu zuen.

Kenian egin zenuen lanaz mintza zaitezke? Zer egin zenuen bertan eta zein erronka topatu zenituen?

Europako Ikerketa Kontseiluaren ”Regional Futures” proiektu zabalaren baitan ari naiz Kenian lanean. Indiako, Keniako eta Mexikoko hiri metropolien periferiak alderatzen ditugu. Kenian adibidez, Nairobiren kanpoaldean zentratu gara, azkar urbanizatzen ari diren eremuetan, digitalizazio azkar bat eskatzen baitute.

Honekin esan nahi dut periferia hauetan lurra tradizionalki paperean mapatua izan dela eta gobernuak azkar digitalizatzeko premia duela, bertan gertatzen ari diren aldaketak ulertzeko. Lan honen bitartez, jabetu gara aipatutako eremu horren zati handi bat indigenen komunitateenak direla, gehiengoa masaiena. Eta tentsio handia dagoela eremua hiritartzera doazenen eta indigenen artean.

Auzi oso korapilatsua da, indigenek ere aurrerapenak izan nahi dituztelako, hazi nahi dute eta euren bizitzak hobetu nahi dituzte. Oraindik ez gara irtenbide batera iritsi baina elkarrizketak izan ditugu interesatutako bi alderdiekin; alde batetik, estatuko funtzionarioekin eta beste aldetik, Keniako lurralde-justiziarekin. Etikan oinarritutako proposamenak sortzen ahalegintzen ari gara.

Zein iritzi duzu adimen artifizialaren inguruan?

Nire ustez adimen artifiziala arriskutsua izan daiteke esku okerretan egonez gero. Nire ustetan oinarrian etikak egon behar du, bestela desinformazioa eta manipulazioa eragin ditzake, Cambridge Analyticaren kasuan bezala. Baina beharrezkoa zait aipatzea adimen artifiziala oso kontzeptu zabala dela, gauza ezberdin gehiegi biltzen ditu kontzeptu bakarrean biltzeko.

AAren aurreko formek algoritmo eta kode berrien sorkuntza eskatzen zuten. Orain, ChatGPT eta antzerakoak garapen ezberdin bat direla ikusi dugu. Pentsatzen dut arriskutsuak izan daitezkeen AAren alderdiak bereizi beharko genituzkeela teknologiaren garapen normal bat direnetatik, gure bizitzak eraginkorragoak izan daitezen.

Adimen artifizialak gizakiok menderatuko gaituztenaren ideiarekiko eszeptikoa naiz. Hala ere, adimen artifiziala mugatzeko eta arautzeko lege eta politika berrien aldekoa naiz, ez dadin min egin dezakeen desinformazioaren erreminta edo estatu-iruzurren esku legokeen arma bilakatu.

“Erreminta-kaxa Feminista” aipatu zenuen, azal dezakezu zer den?

Herreminta-kaxa Feministarena langile klaseko komunitateetako emakumeekin elkarlanean ari ginenean bururatu zitzaigun. Ikusi genuen espazio digitaletan ikusgarritasun falta zutela emakume hauek. Telefono mugikorrak eduki bazituzten, baina ez zituzten guk egiten dugun gisa euren historiak kontatzeko erabiltzen.

Erreminta-kaxa Feministaren helburua emakume hauei euren historiak kontatzeko beharrezkoak dituzten tresnak eskaintzea da. Hiru fase ditu: Birbideratzea, birgaitzea eta berriro imajinatzea.

Birbideratzea emakume hauek erabiltzen ari diren teknologiak ulertzean datza. Kasu batzuetan, erabiltzen zituzten mugikorrak Nokiak ziren, mugikorrak bai, baina ez smartphoneak, edo beste kasu batzuetan; smartphoneak izanda ere, gaitasun mugatukoak zituzten. Halaber, konturatu ginen haietako batzuk tokiko hizkuntzetan komunikatzen zirela, ingeles alfabetoan idatzita, eta horrek erronka gehigarriak zekartzala.

Birgaitzearen kontua sinplea da, euren ahotsak topatzeko laguntza eskaintzean datza. Maratoiak egin genituen euren auzoak Wikipedian dokumentatu zitzaten, podcast komunitarioak egin genituen, aldi-baterako erakusketak eta beste hainbat estrategia ezberdin euren historiak konta zitzaten.

Berriro imajinatzea esan dudanean, beste mundu berri bat imajinatzea esan nahi nuen. Adibidez, talde batek rap abesti bat egin zuen beraien ingurua kritikatu eta salatu eta etorkizun hobe bat imajinatzen zuena.

Erreminta-kaxa feminista ez da formula zurrun bat, espazio digitalen autoritatea beste era batera banatzeko modu bat da. Parte hartu ostean, emakume askok aitortu ziguten lehenengo aldia izan zela euren historia kontatzeko gai izan zirela eta euren esperientzia eta borroketarako baliagarritzat ikusten zutela.

Demokrazia digitala lortzeko bost pausuak azal ditzakezu?

Beste proiektu batean ikusi genuen pertsona askok, batez ere langile klaseko komunitate gutxituetakoak, zailtasun handiak zituztela informaziora sarbidea izateko. Arazoa ikertzerakoan, demokrazia digitalaren zutabeak identifikatu genituen.

Lehenengo pausua sarbidea da, batez ere pertsona horiek teknologiarik eskura baduten eta horren bitartez informaziorik ea lor dezaketen jakitea. Baina, ikastaroan komentatu genuen bezala, datuak eta informazioa ez dira gauza bera. Datuak informazio bilakatzen dira behin prozesatu eta esanahia hartzen dutenean. Hortik abiatuta, informazio esanguratsuak jakintza ekar dakiguke: pertsonek informazio zuzena dutenean, euren ingurua eta egoera hobeto ulertzeko gaitasuna lortzen dute.

Laugarren fasea kontzientzia kritikoarena da. Puntu honetan, pertsonak euren inguruan ikusten dutena eta esaten zaiena zuzenean onartu beharrean, kritikatzeko eta zalantzan jartzeko gai dira. Puntu honek ekintzara garamatza, non statu quoari erronka botatzen dioten eta gauzak aldatzeko ahaleginak egiten diren.

Azkenik, ekintzak ahalduntzera garamatza, non norbanakoak, jakindurian eta pentsamendu kritikoan oinarriturik, gai diren ekintza esanguratsuak egiteko. Telefono mugikorra izatea eta ahaldunduta egotea parekatzen dituen Garapen Jasangarrien Helburuen ideia xehatzea lortu dugu.

Bestalde, sei pausu azaltzen ditugu telefono mugikorra izateak ez dakarrela ahaldunduta egotea xeheki erakusteko. Benetako ahalduntze bat lortzeko beharrezkoa da tarteko hainbat etapetara iristea. Hau da demokrazia digitala lortzeko proposatzen dugun bidea.