Back

Ekainaren 20an eta 21ean KulturGest Bilbao Kongresua ospatuko da UPV/EHUren Uda Ikastaroen baitan

Kongresuak kulturak eta ondareak garapen inklusiboa eta iraunkorra sustatzeko duten zeregin erabakigarria azpimarratzea du helburu.

Ekainaren 20an, KulturGest Bilbao: ARTEA, KULTURA ETA ONDAREA: Kudeaketa eta jasangarritasunerako praktika egokiak kongresua hasiko da Bilbon. Kongresuaren helburua kulturaren eta ondarearen esparruan, iraunkortasunaren arloan, maila lokalean, estatuan eta nazioartean, sortzen ari diren beharrak, erronkak, ikuspegiak eta estrategiak identifikatzea da.

Bilboko Udalaren laguntzarekin Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) batzorde zientifiko batek antolatutako kongresua da. Zuzendariak Alazne Porcel, Arte Ederretan doktorea eta Patxi Juaristi Soziologian doktorea dira. Haiekin batera, Arantxa Elizondo (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, UPV/EHU), Enara Artetxe (Arte Ederretako Fakultatea, UPV/EHU), Estibaliz Sáez de Cámara (Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren arloko zuzendaria, UPV/EHU) eta Miren Ibarluzea (Kultura Arloko Zuzendaria, UPV/EHU) dira batzorde zientifikoko kideak.

Azken urteotan, gizarte eta giza zientzietan, asko eztabaidatzen ari da arteak eta kulturak Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) egin ahal dizkieten ekarpenei buruz. Hain zuen ere, ikusi dena zera da: kulturaren eta ondarearen alorra ezin dela errealitate horretatik kanpo gelditu eta, egiatan, garapen inklusibo eta iraunkorra bultzatzeko paper garrantzitsua joka dezaketela.

Artearen, kulturaren, ondarearen eta iraunkortasunaren arteko elkarrekintza etorkizun bidezkoago eta bizi garen planetarekin harmoniatsuago baterako bidea da. Komunitateak batzen dituen elementua da, inklusioa eta berdintasuna sustatuz eta hiri eta hiri-ingurune bidezkoagoak eta jasangarriagoak sortuz.

Guzti hau kontutan hartuz antolatu den kongresua ekainaren 20an eta 21ean izango da Bilboko  Bizkaika Aretoan-UPV/EHU eta aurrez–aurre zein online zuzenean jarraitu ahal izango da. Kongresuaren baitan, alde batetik, gonbidatutako konferentziak izango dira, 2030 Agendak zehaztutako testuingurua eta kulturari eta ondareari loturiko sektoreak jasangarritasunaren inguruan sortu den paradigma berrian duen erantzukizuna ulertzen lagunduko dutenak; eta, bestetik, hiru gai hauen inguruan komunikazioak aurkeztuko dira:

  • Kultura Ondarea eta jasangarritasuna
  • Sormen prozesuak eta jasangarritasuna
  • Kudeaketa kulturala eta jasangarritasuna

Lehenengo egunean, kongresua 9:30ean hasiko Estibaliz Sáenz de Cámararen aurkezpenarekin eta hainbat adituren eskutik arratsaldeko 17:30ak bitartean hamaika hitzaldiz eta mahai-inguruz osatutako egun osoko jardunaldi mamitsua izango da, non, besteak beste, kulturak, landa-paisaiak eta ondarearen kudeaketak jasangarritasunarekin duten harremanaz ariko diren.

Bigarren egunean, Kongresua goizez izango da, 10:00etatik 13:30ak bitartean hainbat hitzaldi eta mahai inguru izango dira artea, sorkuntza eta jasangarritasuna perspektiba ezberdinetatik aztertuz.

Hizlari eta hitzaldiei buruzko programa zehatza eskuragarri da uik.eus atarian.

KulturGest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak, kulturaren orainaz eta etorkizunaz eta haren kudeaketaz hausnartzeko espazioa.

1999az geroztik, UPV/EHUk antolatutako udako jarduera akademiko baten eszenatokia izan zen Bilbo, artea eta kultura topaketa. Topaketa horiek 2016ra arte egin ziren, erakunde propio batekin. Topaketak unibertsitateko egoitzan bertan egiten ziren (UPV/EHU-BBK Etxean), baita hiriko kultur etxeetan ere, hala nola Campos Eliseos antzokian edo Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioan. 2016an, Unibertsitateko Errektoretzak Bilboko ikastaroak Donostian eta Gasteizen antolatzen ziren erakunde berberarekin koordinatzea erabaki zuen.

Dinamika horretan sortu ziren KulturGest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak. Bilboko Udalaren eta UPV/EHUren Uda Ikastaroen ekimena da, eta kulturaren orainaz eta etorkizunaz eta haren kudeaketaz hausnartzeko sortu zen, Bilboko eta, oro har, Euskadiko kultura-bizitzaren eragile diren pertsona eta erakunde arduradunei zuzenduta.

2022an eta 2023an 6 ikastaro egin ziren eta 2024an egingo den kongresua biltzen ditu egitasmoak. Helburuen artean daude artisten eta kudeaketa-arduradunen artean beharrizanak eta erronkak eztabaidatzea; daukagun azpiegitura aztertzea; egungo eta etorkizuneko publikoa eta kultura hedatzeko bitartekoak eta metodoak aztertzea, 2030eko Agendan ondasun unibertsal gisa ulertuta.

Kongresuarekin hiru urteko proiektu mamitsua borobilduko da

Aurtengoa KulturGest Bilbao proiektuaren hirugarren eta azken edizioa da. Lehenengoa duela bi urte egin zen, 2022an, eta hiru egunetan banatutako ikastaroa izan zen. Lehenengo jardunaldian hirietako kultur politikak jorratu ziren, kultur kudeaketaren iraunkortasunari, aniztasuna txertatzeari eta publiko ezberdinen parte hartzeari begira. Bigarren jardunaldian kultura formatu teknologiko berrietara eraldatzea jorratu zen eta azken egunean ondarearen kudeaketan zentratu zen eredu eta ikuspegi berriak barne, genero ikuspegia esaterako.

Bigarren Uda Ikastaroa iaz egin zen, eta lehenengoak bezala, hiru eguneko iraupena izan zuen eta ondarearen kudeaketa eta belaunaldi aldaketa kultur sektorean bezalako gaiak jorratu zituen. Helburua Euskadiko egoeraren diagnostikoa eskaintzea eta kultur kudeatzaileek gaur egun bizi dituzten esperientzia errealak aurkeztea zen. Horrez gain, kultura-politikaren marjinak kultura-kontsumoaren eta sorkuntzaren bidez hedatzeari buruz eztabaidatu zen, baita osasun mentala eta digitalizazioaren erabilera bezalako alderdietan duen eragina ere.