Enpresa, giza eskubideak eta iraunkortasuna
Fernanda Hopenhaym Enpresen eta Giza Eskubideen arloko NBEko Lantaldeko kidea da. “La sostenibilidad, la empresa y los derechos humanos” izeneko hitzaldia eskaini zuen, eta jarraian elkarrizketan aritu zen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz eta Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbideko katedradun Juanjo Álvarezekin. Elkarrizketa Mikel Mancisidor NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kideak aurkeztu eta moderatu zuen.
Fernanda Hopenhaymek enpresaren eta giza eskubideen arloko erronka global garrantzitsuenak izan zituen hizpide, eta NBEko bere lantaldearen jarduna zertan datzan azaldu zuen oso modu berezian. Printzipio Gidarien gakoak aletu zituen (Ruggie printzipioenak) haiek onartu eta 10 urtera. Enpresei eta giza eskubideei buruzko tratatuaren proiektuaren egoeraz ere aritu zen eta, hobeto uler zedin, sakonago azaldu zituen gaur egun konplexu samarrak izan daitezkeen hainbat alderdi. Amaitzeko, erakunde publikoen eta enpresen etorkizunerako gako nagusiak zehaztu zituen.
Horrez gain, Rodríguez Ranz sailburuordeak mahai gainean jarri zuen arlo horretan eskumenak dituzten estatuz kanpoko erakundeek ahalegin global horretan izan dezaketen eginkizuna. Hizlariak azaldu zuen halako erakundeek nazioartean parte hartzeko aukera dutela, eta Enpresen eta Giza Eskubideen Plan propio bat onartzera bultzatu nahi izan zuen Euskal Herria, estatuaren ahalegin orokorrekin koordinatuta, bere eskumenak hobeto antolatu ahal izateko eta euskal enpresei modu praktikoan laguntzeko.
Bestalde, Álvarez irakasleak Enpresen eta Giza Eskubideen auziak ikerketa akademikorako dituen erronkei erreparatu zien, gaia aberatsa, dinamikoa eta oso aldakorra baita. Elkarrizketan, Hopenhaymek esfortzu global horretan parte hartzera animatu zituen euskal unibertsitateak.
Topaketa amaitu aurretik, bertan zeuden zein ekitaldia online jarraitzen ari ziren hainbat entzulek galderak egin zizkieten adituei.