2030erako Ingurumen Esparru Programaren diseinuan parte hartu dugu
Ingurumen-politikak gidatuko dituen 2030erako bosgarren Ingurumen Esparru Programa onartu du Eusko Jaurlaritzak euskal gizarteko hainbat eragile eta sektoreren parte-hartzea izan duen prozesu zabal baten ondoren. Programaren diseinu fasean parte hartu du UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) eta aurrera begira planaren hedapenean lankidetzan ariko gara UIK-ren abaroan dugun Donostia Sustainability Forum-aren bidez.
2022ko apirilean hasi eta gero, 2030erako Ingurumen Esparru Programa prestatzeko lana prozesu parte-hartzaile batez gauzatu da; bertan, euskal gizartearen eremu guztietako 40 adituk hartu dute parte.
Donostiako Miramar Jauregian, IHOBEk antolatuta, lan saio emankorra egin zen programaren diseinu fasean. Sei lantalde izendatu ziren fase honetarako eta Itziar Alkortak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Zuzendari Akademikoak, lantalde horietako baten koordinazioaren ardura izan du.
Hauek izan dira programaren diseinu faseaz arduratu diren koordinatzaileak eta gidatu dituzten lan taldeak.
- Ingurumena beste politika batzuetan integratzea: Itziar Alkorta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen Zuzendari Akademikoa eta Donostia Sustainability Forumaren koordinatzailea
- Osasuna eta ingurumena: Cristina Ortiz de Salido, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Programen arduraduna.
- Jasangarritasun lehiakorra: Jorge Fernández, Orkestra—Lehiakortasunerako Euskal Institutukoaren Energia eta Ingurumen Labaren koordinatzailea
- Kontsumo-eredu kontziente eta jasangarria: Eneko Atxa, Azurmendi taldeko chef eta jabea.
- Finantzazio jasangarria: Garbiñe Manterola, BRTA - Basque Research & Technology Allianceko Transferentzia arduraduna
- Monitorizazioa eta kudeaketa aurreratua: Mª José Sanz, BC3 - Basque Center for Climate Changeko Zuzendari Zientifikoa
Diseinu fasea amaituta, zortzi proiektu eraldatzaile aurkeztu berri ditu Eusko Jaurlaritzak 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programa-ren baitan (IEP 2030). Ingurugiroaren zaintza eta pertsonen ongizate maila hobetzea dira plan honek oinarrian dituen helburu nagusiak. Hauek dira zehaztu diren proiektuak:
- Produktu eta zerbitzu jasangarriak erosteko zentral bat bultzatzea.
- Lurraldearen kohesio jasangarria sustatzea.
- Osasunaren eta ingurumenaren behatoki bat eratzea.
- Balio-kateetan zirkulartasuna sustatzea.
- ETEei jasangarritasunerako trantsizioan laguntzea.
- Jasangarritasunaren zerbitzurako berrikuntza soziala sustatzea.
- Herritarrak kontsumo jasangarrian ahalduntzea.
- Finantza jasangarriak sustatzea.
Proiektu hauek arazo globalak lantzen dituzte ingurumen-ikuspegitik, eta jardunbide jasangarriagoak sortzeko ekintza disruptiboak egitea aurreikusten dute. Asmoa da eragile eta sektore ezberdinak prozesuan inplikatzea eta planaren garapena gizarteratzea.
Norabide horretan sortu genuen 2020. urtean Donostia Sustainability Forum ekimena eta, IEP2030 proiektuarekin bat eginez, DSF-ren baitan, IHOBE-rekin elkarlanean, programa gizarteratzeko ekintzak antolatuko ditugu.
Itziar Alkorta, UIK-ko Zuzendari Akademikoak dioen moduan “Ingurugiroa zaintzeko, iraunkortasun helburuak partekatzeko, hiritarrei partizipazio aukerak emateko, ezagutzan inbertitu behar dugu” eta 2030erako eman nahi diren pausuak emateko hiritarron konpromezua ezinbestekoa izango da.