Back

UPV/EHUko Uda Ikastaroak inoiz ez bezalako parte hartzea eta nazioartekotzea lortu dute

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Uda Ikastaroen 41. edizioa ikastaro eta jarduera irekien eskaintzaren dibertsifikazioaren islada izan da, bai eta online, aurrez aurre eta/edo hibridoen ikaskuntza-modalitate guztietan ere, bere esentzia eta bermatzen duen nortasun-ezaugarria galdu gabe, ezagutza berritzearen eta haren zabalkundearen aldeko etengabeko apustua.

  • Aurten ezagutza lurrez eta itsasoz transmititzeko modu berriak probatu ditugu: Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak - UNUM Baionan eta “Itsasora begiratzen duen unibertsitatea” Saltillo ontzian. Arrakasta ikusita, berriro egingo dira. 
  • Atentzioz erreparatu diogu errealitate globalari nahiz lokalari: Ukrainiako inbasioa, EBren erronkak, herri txikien transmisioa eta memoria, tokiko gobernantzaren forma berriak eta landa eremua Euskadin, besteak beste.
  • UIK marka berriari esker, inoiz baino ikasle gehiago iritsi dira nazioartetik. Gehienak herrialde hauetatik etorri dira: Alemania, Argentina, Kolonbia, AEB, Frantzia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Suitza, besteak beste.
  • Ikaskuntza modalitate berrien (online, presentziala edo hibridoa) arrakasta egiaztatu dugu; izan ere, jende gehiagorengana iritsi gara, eta publiko gaztea erakarri dugu. 
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuarekin sinatutako hitzarmenari esker, TopaGune proiektua garatu dugu, iraunkortasunerako, inklusiorako eta ekintza komunitariorako hezkuntzaren inguruan herritarrek parte hartzeko eta ahalduntzeko modu berriak sustatzen dituzten 4 ikastaro parte-hartzaile eginez.
  • Aipatzekoa da, halaber, KulturGest zikloaren lehen edizioa egingo dela Bilboko Udalarekin lankidetzan, eta kongresu batekin amaituko dela, 2024ra arte aurreikusitako hiru edizioen ondoren.
     

UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak gizarte erronketan aurrera egiteko duen konpromisoak kalitate handiko programa bat egituratzeko aukera eman du Donostiako Miramar Jauregiaren egoitzan (99), eta protagonismoa nabarmena izan da Bilbon (22) eta Gasteizen (6), baita Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko beste udalerri batzuetan ere. 138 Uda Ikastaro egin ditugu; publiko guztiari irekitako jarduerak, workshopak eta online ikastaroak kontutan izanik 203 jarduera programatu ditugu. Guztira 14.695 pertsona 2022an.


Publiko gazteago batengana iritsi gara, eta ildo horretan jarraituko dugu lanean belaunaldien arteko transmisioa indartzeko eta horretarako topagune egokiak bultzatzeko. Atzerritarren parte hartzea inoiz baino handiagoa izan da, eta hizlari eta ikasleak hainbat herrialdetatik etorri dira, hala nola Alemania, Argentina, Kolonbia, AEB, Frantzia, Herbehereak, Erresuma Batuak eta Suitza.


Estreinatu berri dugun markak, UIK, gure helburuekin bat datorren difusioa eta hedapena egitea ahalbidetu digu, horien artean baitago, izan ere, mundura are gehiago irekitzea, zuzeneko online ikastaroen bidez, eta Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak - UNUM bezalako formula berriak garatzea; Baionan egindako ekimen berri horretan NAEN euroeskualdearen unibertsitate eta erakunde publiko nagusien lankidetza izan dugu, eta lehen edizio honetan 734 pertsona elkartu dira. Saltillo ontzian “Itsasoari begira dagoen unibertsitatea” izenpean Euskal Herriko Unibertsitateko eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleekin izandako itsas esperientziak agerian utzi du trebetasun berberaz mugitzen garela lurrean eta itsasoan, eta aurrekaririk gabeko inpaktu emozional eta akademikoa izan du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuak sustatuko topaketetan, gobernantza moduen inguruko parte hartzean eta gogoetan sakondu da, eta, besteak beste, ahalduntzea eta berdintasuna bultzatu dira, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko. Topaketek argi utzi dute partekatzeko modu berriak ongietorriak eta beharrezkoak direla. Esperientzia guztietan ikasleen erantzuna bikaina izan da, eta luzaroan irauteko bokazioa dute, haien ekarpena ezinbestekoa baita gure gizartearentzat.

Ikusi dugu identifikatutako 8 erronka nagusiek, gure errealitate aldakorraren ulermen sakonenean ardaztutakoek, erantzun oso positiboa izan dutela ikasleen aldetik, nazioartekoak barne, online eta modalitate presentzialean parte hartu dutenak gobernantzari, berdintasunari, digitalizazioari, osasun mentalari, zahartzaroa eta iraunkortasunari buruz aritu diren Uda Ikastaroetan, gure ohiko ardatzak ahaztu gabe: hezkuntza eta euskal kultura


Errealitatea ez dugu ulertzen honen behaketa eta gogoeta sakonik gabe, eta, horregatik, gobernantzari dagokionez, hari beste esanahi bat emateko lekuen beharrari so, aztergai izan dugu Ukrainako inbasioa, egoera geopolitiko berriak epe labur eta ertainean izango dituen ondorioak aletuz. Alde horretatik, Francisco Aldecoa Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federaleko presidente eta Nazioarteko Harremanen katedradunak, hizpide izan zuen errusiarrek Ukrainari eginiko erasoa, demokraziari, balio partekatuei eta Europako herritarrei eginiko eraso gisa, eta Europar Batasunari bultzada berria emateko beharra aipatu zuen. Hari horretatik tiraka, Europar Batasunaren desafio globalei erreparatu diegu, eta dimentsio globala aztertu dugun modu berean, tokiko ikuspegia ere landu dugu, inguratzen gaituzten herri txikien etorkizunaz aritu diren ikastaroetan, arreta berezia jarriz landa inguruneko belaunaldien arteko harremanetan eta memoria kolektiboaren transmisioan.


Klima aldaketa ulertzeko eta erronka horri aurre egiteko tresnak sortzeko, ikastaro askok ikuspegi berriak eman eta gogora ekarri dituzte, gizarte ongizatean eragina duten eraldatzeko gaitasun handia duten baliabideak. Ana María Alonso Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME-CSIC) zuzendariak adierazi zigun gizadiak ez duela gaitasunik planeta suntsitzeko, eta gu desagertuko bagina hark bizirik iraungo lukeela zehaztu zuen. Hitz egin dugu energia berriztagarrien trantsizioaz, Smart Mobility aukerez, jakinik hirigintzak planteatzen dizkigun erronkak, eta aztergai izan dugu ere Euskadiko landa eremua, haren etorkizuna zirriborratzen saiatuz. Antonio Turiel aditua da klimak ozeanoetan eta baliabide naturaletan dituen eraginetan, eta gogoratu zigun planteatu den trantsizio energetikoa ez dela bideragarria desazkundea xede izango duen eredurik gabe, eta ez dela inola ere trantsizio eredu bat planteatu klima aldaketan pentsatuz. Hori guztia Donostia Sustainability Forum-en esparruan. Bertan, BBVA Fundazioak, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak (ekonomiaren garapen, ingurumen eta jasangarritasun Sailaren bitartez) eta Gipuzkoako Aldundiak parte hartzen dute.


Feminizazioaren pobrezia eta behartutako migrazioak aztergai izan dira Ihobek antolatu dituen ingurumen komunikazioko zein jasangarritasunerako hezkuntza eskoletan, eta gogorarazi digute beharrezkoak ditugula pertsona trebatuak eta informatuak, ikuspegi feminista batetik arituko direnak, aurrean dugun erronka hobeto ulertzeko eta irtenbide egokiak aurkitzeko. 2030 Agenda, gizarte kontratu berri bat ikastaroan, Miguel Ángel Poiares Madurok nabarmendu zuen akordio berrien beharra, desafio berriei aurre egiteko gaitasuna bermatzeko.


Badakigu gizarte batek ez baditu adinekoak eskubideen subjektutzat tratatzen, gizarte horri ezin zaiola bidezko gizartetzat hartu, eta horixe gogorarazi zigun Inmaculada Sánchez Federpen-eko presidenteak, adinekoei etxean bezala sentiarazten dieten arreta ereduei buruzko ikastaroan. Arkitektura aztertu genuen, bizitzaren etapa horretan izaten diren beharrak aintzat hartuta, eta Miguel Ángel Mira, arkitekto eta Jubilares elkarteko presidenteak, “cohousing”-aren adibidearen bitartez gogorarazi zigun orain dela gutxi arte hurbileko inguruneetan bizi ziren pertsonek elkar zaintzeko idatzi gabeko konpromisoak hartzen zituztela, betiere iraupen luzeko zaintzaren etorkizunarekin ere lotuta.


Osasun mentalari buruzko ikastaroetan, gure lehentasunezko gaietako bat, gizartearen tabuak gainditu eta izena baduenaz hitz egiteko aukera izango dugu: suizidioaz, emakumeen ondoezaren sindromeaz, sexu indarkeria lantzeko ezinbestekoa den genero ikuspegiaz, eta ezkutuko indarkeriaz ere, azken hori orain dela gutxi arte isilarazia izan dena, eta oso gertu daukaguna. Gaian aditua den Mercedes Bautista Gipuzkoako fiskalordeak aipatu zuen bezela, identifikatzeak aitortzea eta sendatzea baitakar.


Bi urteurren garrantzitsu ospatu ditugu euskal kulturarentzat: Amaiurren 500. urteurrena, memoriaren leku bat eraikiz historiaren eta zuzenbidearen bidez uztartuz, eta Elkanoren zirkunnabigazioa. Euskara sustatzeko beharrezko aktibazio soziala planteatu dugu, eta itzulpengintzaren sektorean teknologiaren erabileraren eraldaketa amaigabea aztertu da, Itziar Cortés, Elhuyarreko itzulpen-teknologien arduradunaren eskutik, Fundazioaren 50. urteurrenean. Eduardo Chillida Eskolak, artista hil eta 20 urtera, bere oroimena presente izan du bere bigarren edizioan, non natura, artea eta etika izan diren ildo nagusiak.

Hezkuntzari dagokionez, besteak beste, hizkuntzaren garapenean eta ikaskuntzan nahasmenduak dituzten haur elebidunekin hezkuntzan eta alderdi soziosanitarioan esku hartzeko ereduetan sakondu dugu, eta Belén Compains pediatra eta ikastaroko zuzendariak esan zuenez, elebitasuna gauza positiboa da, denbora luzez uste zenaren aurka.


Uda Ikastaroen 41. edizioari amaiera emateko, hiru hilabete hauetan adituei egindako 50 elkarrizketatik gora eskaintzen ditugu ikus-entzunezko formatuan. Elkarrizketa horiek irekian daude, bai gure webgunean, www.uik.eus, bai YouTubeko gure kanalean ere. Urtean zehar edukiak sortzen eta partekatzen jarraituko dugu.


Aurrera begira, klima aldaketaren arloko adituekin topaketak sustatzen jarraituko du Donostia Sustainability Forumek datozen hilabeteetan, eta, horretarako, gurean izango ditugu Caty Arévalo, EFEVerde plataformaren sortzaileetako bat dena eta BBVA Fundazioaren Biodibertsitatearen Zaintza Saria jaso duena, eta Matt McGrath, BBCren ingurumeneko korrespontsala eta BBVA Fundazioaren Ingurumen Komunikazioko Biophilia Saria irabazi duena. COP-27ari gertutik jarraituko diogu, haren emaitzak interpretatzeko, eta Ekoliderrak programa ere izango dugu, jasangarritasunean oinarrituta gazteengan lidergoa sustatzen duena eta gizartea eraldatzeko prozesuan aurrera egiten duena.


Bertako nahiz nazioarteko ikasleen eskaerei erantzunez, iraupen luzeko online ikastaroen alde egingo dugu. Besteak beste, El Salvadorreko Hezkuntza Ministerioak eskatuta, eta Ayuda en Acción erakundeak sustatuta, gamifikazioak, errealitate birtualak eta errealitate areagotuak ikasgeletan eta hezkuntzaren eremuan eskaintzen dituzten aukerak landuko ditugu urrian, ministerio horretako langileentzat. DIPCen (Donostia International Physics Center) Workshopak eta beste mintegiak egiten jarraituko dugu, eta "Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Unibertsitate Eremuan" izeneko Nazioarteko II. Kongresua egingo dugu urriaren 7an. 

Udazkeneko programa horiek guztiak etengabe eguneratuko dira www.uik.eus Fundazioaren webgunean.


2023ko Uda Ikastaroen edizio berrirako proposamenak aurkezteko epea azaroaren 2tik abenduaren 2ra bitarte izango da, eta hemendik esparru akademiko, ikertzaile eta sozialeko eragileak proposamenak aurkeztera animatzean ditugu, gertutik bizi ditugun gizartearen erronken inguruan elkarrekin hausnartzen eta urratsak ematen jarraitzeko.


Beste behin ere, gure esker ona UPV/EHUko Uda Ikastaroen Batzorde Antolatzailea osatzen duten erakundeei; BBVA Fundazioari, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, erakusten diguten babes eta laguntzarengatik. Eta, jakina, ikastaroetako zuzendari eta hizlariei, jarduera bakoitza posible egiten laguntzen duten erakundeei eta ikasleei, betikoei, eta ikasle berriei ere. Komunikabideei, eskerrik asko, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako hausnarketak eta ikaskuntzak topagune hauetatik haratago hedatzen laguntzen diguzuelako.

Eskerrik asko ezagutzaren kontzeptua zabaltzeagatik, eta haren alde egoteagatik.