Back

Igartzak Mugikortasun Adimentsuari buruzko Uda Ikastaroa hartuko du irailaren 15ean

“Smart Mobility: mugikortasun adimentsu eta jasangarri baterantz” izeneko ikastaroan, Euskadi eta nazioarte mailan erreferentzia diren ikerketa zentro eta unibertsitateek hartuko dute parte, CAF eta Irizar enpresez gain.

Duela hiru urte bezala, Beasaingo Udalak eta UPV/EHUKO Uda Ikastaroak Fundazioak, euren indarrak elkartu dituzte Uda Ikastaroen 41. edizioaren esparruan jarduera bat burutzeko. Pandemiaren etena gaindituta, gaurkotasun itzela duen gaiaren bueltan antolatu dute bi erakundeek ikastaroa; mugikortasun adimentsu eta jasangarria.


“Smart Mobility: mugikortasun adimentsu eta jasangarri baterantz” izena duen ikastaroa irailaren 15ean burutuko da Igartzako jauregian egun osoz eta ekitaldi honen aurkezpena egin dute Beasaingo alkate Leire Artolak, Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoak Itziar Alkortak eta ikastaroaren zuzendaria eta Beasaingo Lurraldea saileko buru den Adur Ugartemendiak Igartzako jauregian.   


Leire Artola alkatearen esanetan, Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune baitira. Arreta pizten dute eta Beasaingo Udalaren asmoa da Beasain eta kasu honetan Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzaren erreferentzia bihurtzea. Ikastaroak landuko duen gaiaren aukeraketa ez da kasualitate hutsa, gaineratu du alkateak. Udal gobernu honek tinko mantentzen du bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako erronkan. Azken honen aurrean, ezinbestekoa suertatzen da herritarren eskutik pedagogia egin eta gizarte bezala ditugun mugikortasun ohiturak aldatzea aukera jasangarriagoen alde egiteko. Eta ikastaro honek bide horretan urrats bat gehiago eman nahi du, herritarrak gai honek duen garrantziaz jabetzeko eta gizarte bezala kontzientziazioa sortzeko. Era berean Leire Artolak eskertu egin du Uda Ikastaroak Fundazioaren laguntza eta elkarlana, baita bertan parte hartuko duten erakunde eta enpresen parte hartzea.


Itziar Alkorta, Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak azpimarratu du beraien helburu garrantzitsu bat dela uda ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea. Uda Ikastaro Ibiltarien programa bitartez, udalerriek esku artean dituzten erronken azalpen eta debateari leku ematen zaio. Kasu honetan, hiri-mugikortasun jasangarria lehen mailako gizarte erronka da. Beasaingo Udalaren eskutik landu ahal izatea aukera ezin hobea da Uda Ikastaroentzat, izan ere, Beasainek batzen baitu mugikortasun eredu berritzaileen ekosistema puntakoa. Bestalde, Igartzan ikastaro hauek tradizio bat dute jada pandemiarekin eten zena eta orain poz handiz berreskuratzen duguna.


Ingurumenarekin eta etorkizunarekin zerikusia


Ikastaroaren zuzendariak Adur Ugartemendiak, ikastaroaren xehetasunak eta egitarauari buruzko azalpenak eman ditu. Ingurumenarekin eta etorkizunarekin zerikusia estua duen gaia da mugikortasun jasangarriarena. Konplexutasun handiko terminoez jantzi dena. Azken urteetan, digitalizazioan eman diren aurrerapausoek Smart Mobilty (mugikortasun adimentsua) eta Mobility on Demand (eskaripeko mugikortasuna) bezalako kontzeptuak azaleratu dituzte, epe motzean hiri mugikortasunerako oso baliozkoak izango diren tresnak, baina oraindik herritarrentzat arrotzak direnak, azaldu du Ugartemendiak. 


Horretaz gain, gaineratu du, Beasainek mugikortasun arloan gune erreferente izaten jarraitu nahi du eta Udalak ezinbestekotzat jotzen du sektore honetan lanean diharduten erakunde, ikerketa zentro, unibertsitate eta nola ez, enpresen topaleku bezala mantentzea. Izan ere, Goierri bailara, mugikortasunaren arloan abangoardian egon da historikoki. Badira 100 urte baino gehiago CAF Beasainen trenak fabrikatzen hasi zela eta Irizarrek 1929tik dihardu azken teknologiadun autobusak merkaturatzen. Erreferentzia diren enpresak ardatz bilakatuta, mugikortasun sektoreko ikerkuntza eta garapen ekosistema indartsu bat osatu da eskualdean.

Egun osoko ikastaroa

Jardunaldia bi zati desberdinetan antolatuko da. Goizekoan, Mugikortasun Adimentsuan erreferente diren ikerketa zentro eta unibertsitateek hartuko dute parte, hala nola: Vicomtech, Tecnalia, EHU eta Deusto Smart Mobility erakundeek. Beraien azken garapenak azaltzeaz gain, mahai inguru bat egingo da etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa bateratu bat egiteko. Ondoren, CAF eta Irizar enpresetako ikerkuntza eta ingeniaritza arduradunek hartuko dute hitza teknologia hauek nola aplikatzen ari diren azaldu eta datozen hamarkadei begira duten perspektiba azaltzeko. Ikastaroari buruzko informazioa eta izen-ematea irekita dago eta ekimenaren web gunearen bitartez egin beharko da.


Arratsaldeko saioa berriz herritar orori zabaldua izango da eta mugikortasun joera eta teknologia berriei buruzko aurkezpen pedagogiko bat egitea izango du helburu. Honen atzetik noski, garraiobide jasangarriagoen aldeko aldarrikapena egingo da Beasaingo garraio azpiegiturek  eta tresna digitalek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatzeko. Horretarako, Stuttgarteko BABLE kontsultorak bi hitzaldi-tailer antolatuko ditu gerturatu nahi duten herritarrentzat: “Mugikortasun Jasangarri eta Digitala” eta “MAAS - Mugikortasun Partekatua eta Mugikortasuna Zerbitzu Bezala”.