Ezagutzaren alde
Irudi berriarekin eta 154 proposamenekin heldu dira UPV/EHUko Uda Ikastaroak 41. ediziora.
Gaur goizean, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzako sailburua, Roberto Iñíguez de Onsoño Irizar S Coop. kooperatibako langileen zuzendaria, Agustín Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoa Donostiako Miramar jauregian izan dira, 41. edizio hau osatuko duten zenbait programa espezifikotako edukiak aurkezten.
“Ezagutzaren alde” lelopean, Uda Ikastaroen muina transmititu nahi da: ezagutzan sakondu eta bere zabalkundea bermatu. Gure etorkizunaren ildoa aldatuko duten gertaera garrantzitsuak bizitzea tokatzen ari zaigu, gertaera disruptiboak, eta horrek guztiak eragiten duen ziurgabetasun egoeraren aurrean, eta gure gizartea polarizaziora eramaten duen desinformazioaren aurrean, ezagutzaren alde egitea dagokigu guri.
Ezagutzarako, hausnarketarako eta eztabaidarako topagune iraunkorra gara. Jakintza, prestakuntza eta pentsamendu kritikoa partekatzeko gune komuna. Horregatik, Uda Ikastaroak inoiz baino beharrezkoagoak dira.
Maiatzaren 5eko aurkezpen ofizialean aurreratu genuen bezela, Fundazioak marka berria du, UIK, eta Uda Ikastaroen bereizgarriaren ondoan agertzen jarraituko du; hain zuzen ere, Eduardo Chillidak UPV/EHUko Uda Ikastaroetarako sortu zuen logotipoarekin, eta Fundazioak eskaintzen dituen programen erreferentziak ere izango ditu.
Marka berrian, urte natural osoan Fundazioak egiten dituen prestakuntzako jarduera guztiak (online ikastaroak, workshop-ak, Donostia Sustainability Forum, ikastaroak…) bilduko dira; Uda Ikastaroetan, aldiz, udan egin izan diren jarduerak sartzen dira. Ekainaren 15etik irailaren 15era bitarteko aldia zehazten dugu, baina beti izango da muga horietatik kanpo antolatutako Uda Ikastaroren bat.
Irudi berriarekin batera webgune berria ere prestatu da; eduki gehiago eskaintzen dituen eta bisualagoa, interaktiboagoa eta intuitiboagoa den plataforma digitala.
41. edizio honetan 8 erronka nagusi izango dira ardatz: gobernantza modu berriak, berdintasuna, digitalizazioa, osasun mentala, zahartzaroa, jasangarritasuna –Donostia Sustainability Forumaren bitartez–, hezkuntza eta euskal kultura.
Ukrainako gerraren eragina kontuan izango da programazioan, baita pandemiaren bilakaera eta ondorioak ere, edizio honetan guztian zeharkako gaiak izango dira eta.
Gaur, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin batera eta Irizarrekin elkarlanean garatutako programak aurkeztu dituzte erakunde horietako arduradunek.
Hezkuntza Programa
1993. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta UIK-k elkarlanean diseinatzen eta garatzen dute EAEko irakasleei zuzendutako eskaintza. Elkarlan horren bitartez, bi erakundeek lankidetzan jarduten dute berrikuntza hezkuntzan txertatzeko lanetan.
Elkarlan horren barruan sartzen dira “Irakasteko ikasten” eta “Prest_Gara” programak.
Hezkuntza Sailak bere estrategia nagusiekin bat datozen ikastaroak (Uda Ikastaroak, online ikastaroak, …) homologatzen ditu eta, hartara, unibertsitateaz kanpoko irakasleek beren eskumenak berritu ahal izan ditzaten. Jarduera horiek “Irakasteko Ikasten” programan sartzen dira eta irakasleek deskontua lortzen dute ikastaro horien matrikulan.
Aldi berean, homologatutako ikastaroetatik –irakasteko Ikasten, 9 jarduera txertatu dira “Prest_Gara” eskaintzan. Ikastaro bakoitzerako 20 plaza eskaintzen dira Prest_Gara deialdian.
“Bizitzaren bidaia”, Irizar
17 urte dira, jada, Irizarrek Uda Ikastaroetan parte hartzen duela.
“Bizitzaren bidaia”, aurten Irizarren laguntzarekin sortutako programan, errealitate asaldatua bizitzea tokatzen ari zaigun honetan, hausnarketa egingo dugu gai hauen inguruan: “Ser Humano. Ser espiritual”, “Salud: alimentación, actividad física, descanso, microbioma y reprogramación de hábitos”; era berean, Elkanok duela 500 urte munduari bira ematearen gertakari historikoak ere gure egungo munduarekin duen loturaren inguruan ere hausnartuko dugu ikastaro honetan: “Elkanoren oroitzapena: ondorioak eta galdera berriak”.
Topagune
Aldi berean, 2020an abiarazi zen Topaguneak formatuari jarraipena emango diogu edizio honetan; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuarekin elkarlanean sortu genuen formatu hori, herritarren arteko topaketa aktiboak sustatzeko asmoz, politikaren eta gizartearen arloko parte-hartzean urratsak eman daitezen.
Aurten parte-hartzean oinarritutako 4 topagune egingo dira: “Parte-hartzea, autodeterminazioa eta ahalduntzea: gizarteratzea lortzea eta indarkeria matxistari aurre egitea. Esperientziaren ahotsak”, “Ekintza Komunitarioa: erronkak eta esperientziak”,”Naturan Hezi II Topaketak: Ekozentrismoruntz bidaia” eta “Eskola Publikoa, ahaldunduz hobetu”.
Biktimologiako Nazioarteko Sinposioa
Jarduerak, parte-hartze eta eragin handia izango duenez, Biktimologiako Nazioarteko Sinposioaren edukiak aurreratu dira; izan ere, 400 pertsona baino gehiago bilduko dira Donostiako Kursaalen ekainaren 5etik 9ra bitartean, eta mota guztietako biktimei arreta emateko esku har dezaketen alderdi guztiak aztertzen dira, hiru urtean behin munduko hainbat hiritan egiten den nazioarteko topaketarik garrantzitsuena da hau. Ekainaren 6an Lehendakariak emango dio hasiera, eta Zuzenbide Penaleko katedradun Odesa Viacheslav Tuliakov izango da lehen hizlaria; gaur egun, errefuxiatua da Viacheslav, Ukrainako gerran ematen ari diren giza eskubideen urraketen inguruan mintzatuko da.
Uda Ikastaroen inaugurazioa
Psikologia Klinikoan eta Osasunaren Psikologian doktorea, psikoterapeuta eta idazlea den Laura Rojas-Marcos -ek UPV/EHUko Uda Ikastaroen 41. edizio honen hasierako hitzaldia emango du “La adaptación saludable a los cambios” titulupean.
Ekitaldia ekainaren 21ean izango da arratsaldeko 17:30etan.
Online zuzenean jarraitu ahal izango da, UIK-ren webgunean izena emanda.
Matrikula eta esker onak
41. edizio hau ez litzateke posible izango gure Batzorde Antolatzailearen eta Donostia Sustainability Forum ekimeneko kolaboratzaileen aldetik jasotako laguntza eta konfiantzarik gabe; eskerrik asko BBVA Fundazioari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari; baita Zikloetako eta Uda Ikastaro bakoitzeko erakunde laguntzaileei ere, proiektu ziraragarri hau egia bihurtzen laguntzen digutelako. Eskerrak, halaber, gure hezkuntza komunitatea osatzen duten Uda Ikastaroetako zuzendari, hizlari eta ikasleei, aurre egin behar diogun aro berri honetan erreferentzia izateko inspirazio iturri direlako guretzat.
Matrikula egiteko epea zabalik dago, jarduera hasten den egunera bitarte; publiko guztientzako moduko proposamenak biltzen dira: mundu akademikoa, ikerketa, profesionalak, erakunde publikoak, ikasleak eta, oro har, gizarte osorako.
Matrikula erraz egin daiteke bai mugikorraren bitartez, baita webgune berrian ere: www.uik.eus.