Back

Nola ikasi ardiengandik bulego batean ulertzen ez dena

Beste aldeak nola funtzionatzen duen erakusten dizun esperientzia argigarria. Horrela definitzen du Elena Galán Basque Centre for Climate Changeko doktorego ondoko ikertzaileak Nafarroa Beherean artzain gisa izan zuen esperientzia.

Kontratu artean libre zituen hilabete batzuk aprobetxatu zituen lanbide horretan trebatzeko eta egonaldi bat egiteko Donibane Garaziko mendigune komunal batean. Bulegotik urrun mendian bizi eta ikasi zuenaren kontakizuna izan zen Donostia Sustainability-k antolatutako jardunaldiaren ardatz nagusia, eta artzaintza jasangarria zer den azaldu zuen.

Elena Galán del Castillo Historia Ekonomikoan doktorea eta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da. Haren egungo ikerketa oinarritzen da Euskal Herriko artzain sistemen alderdi ekonomiko, sozial eta instituzionalen azterketan. Artzain lanetan aritu zen, erosotasun handirik gabe, aterpe harturik argindarrik gabeko artzain etxola bat, ura mendiko iturburu batetik hartuz eta berotzeko sua piztuz. Egunaren 24 orduak hartzen dituen zeregina, lan fisiko gogorra eskatzen duena, baldintza meteorologiko zailetan: hotza, euria eta lainoa. Nolanahi ere, mendian igaro zuen uda horretan, teorian bazekien baina inoiz bizi izan ez zuen zerbait aurkitu zuen.

Zer da artzaintza jasangarria? Elena Galánen hitzetan, «zirkuitu bariatu bat izan behar duzu, landare partxe heterogeneoekin, eta ardiak batetik bestera mugitzeko artea menderatu behar duzu, sastraka gehien dituzten eremuetan jan dezaten eta gehiegi larratu behar ez den belar finera joan ez daitezen».  Hain zuzen ere, mendiko larreen maneiu jasangarriak horixe behar du: mendia gehiegi ez larratzea, lurzorua biluzten baita, baina ezta gutxiegi ere, sastraka sortzen baita eta horrek sute arriskua dakarrelako.

Elena Galánek agerian utzi zuen artzaintza tradizionalak duen garrantzia ekosistemak mantentzeko, «larreek balio natural handia dutelako biodibertsitatearen ikuspegitik, abeltzaintza erabilerei lotuta prezeski, CO2-a finkatzeko gaitasun handia dutelako eta sute arriskua txikitzen laguntzen dutelako».

Komunikazioa animaliekin

Animaliekiko komunikazioa funtsezkoa da denak funtziona dezan lortzeko, azaldu zuen ikertzaileak. Eta hori lortzeko, «terrorearen erregimena» erabil daiteke txakurren bidez, edo ardi liderraren laguntza bila daiteke. BC3-ko ikertzaileak bigarren aukeraren alde egin zuen. Sagarren bitartez, lortu zuen ardi beltza -beste ardiak hari jarraitzen zioten- bere esanetara ibiltzea, eta artaldea errazago mugitzen lagundu zion horrek.

Mendira doazen pertsonekin komunikatzeak beste berezitasun batzuk ditu, ikertzaileak azaldu zuenez. «Baimenik gabe grabatzen dute, artaldea zatitzen dute, ardiak izutzen dituzten txakurrekin datoz askotan, eta belar fineko larreak erabiltzen dituzte aparkaleku gisa», kexatu zen. «Deskonexio handia dago gizartearen eta landa eremuaren artean», erantsi zuen, eta, ondorioz, «iritzi sinplista asko daude, are mespretxuzkoak ere», artzainaren lanbidearen inguruan.

Sektorearen etorkizuna

Elena Galánen ustez, arazo nagusia lurra eskura edukitzea da, mundu guztiak ez dituelako lurrak oinordetzan jasotzen edo ezin dituelako larre komunalak erabili. Gero, pizgarriak daude. Nola ordaintzen zaio eguneko 24 orduak lanean igarotzen dituen pertsonari? Frantzian, adibidez, laguntzak dituzte norbait kontratatzeko eta Elena Galánek egin bezala udako hilabeteetan mendian artaldea zaintzeko. Kontratuarekin eta osasun estaldurarekin lan egitea, berak egin zuen bezala, lagungarri izango litzateke lana erakargarriagoa egiteko. 

Artzain lanetara itzuliko ote litzatekeen galdetuta, baietz erantzun zuen, zalantzarik gabe. «Ikertzaile batentzat ez da hain frustragarria landa eremua aztertzea landa eremuan lan egin ondoren».