Back

DSF-en bigarren edizioan planetaren osasun integralari buruzko edukiak landuko dira, iraunkortasunerako 5 erronkaren bidez

Donostia Sustainability Forumen bidez, UPV/EHUko Uda Ikastaroek iraunkortasunaren erronka garatzen dute, eta, horretarako, BBVA Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren (Ihoberen bidez), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumena eta Obra Hidraulikoak departamentuaren eta Donostiako Udalaren laguntza dute.

Aurten, Foroaren edukiak honako arlo hauen ingurukoak izango dira:

Ekosistemak eta baliabide naturalak

Arlo honetan 9 ikastaro egingo dira, landa eta hiri paisaien osasunari buruzkoak. Landa eremuaren eta basoen kudeaketa jasangarrirako ekimenei eta estrategiei buruz eztabaidatuko da; naturan oinarritutako irtenbideak aurkeztuko dira, lurzoru kutsatuak birgaitzeko, bai eta hiriak ekitatearen eta justizia klimatikoaren ikuspegitik berreraikitzeko ekintza planak ere, diseinu ekologiko baterako eta hiri eredu jasangarriagoak lortzeko. Eskualde eta Europa mailako estrategiak aztertuko dira, ozeanoen jasangarritasuna eta ekonomia urdina xede hartuta, hazkunderako eta lehiakortasun jasangarrirako aukera gisa. Gainera, artearen, geologiaren eta ekologiaren arteko elkarrekintza azalduko da, esparru oso desberdinak, Cristina Iglesiasen lanaren bidez; eta Eduardo Chillidaren figura berraztertuko da ikuspegi jasangarri batetik, bere lanaren inguruko narratiba berriak sortzeko.

Ikusi programa

Elikadura, osasuna eta tokiko garapena

Arlo honetan 10 ikastaro proposatzen dira, besteak beste elikaduraren, osasunaren eta jasangarritasunaren kontzeptuak integratzen dituen eztabaida gune bat sortzeko asmoarekin. Elikadura biztanleen osasunaren eta planetaren jasangarritasunaren palanka gisa hartuta, bizi garen ingurunearen kalitatearen eta pertsonen bizi kalitatearen eta ongizatearen arteko lotura sendoak azpimarratuz. Osasunean eragina izan dezaketen ingurumen arazoak aztertuko dira, administrazioen nahiz herritarren inplikazioa eskatzen dutenak proposamen adostuak egiteko. Produktu naturalei buruzko jasangarritasun, segurtasun eta marketin estrategiak aztertuko dira, kontsumitzaileak eta elikaduraren kateko eragileak elkarrengana hurbiltzeko, eta auzoetako eta herri txikietako tokiko produktuei eta kulturari balioa emango dieten bide berriak irekitzeko.

Ikusi programa

Energia, mugikortasuna eta hiriak

Garraioak energia asko kontsumitzen du, eta berotegi efektuko gasen zati handi bat isuri. Energia, mugikortasuna eta hiriak lotzen dituen testuinguru honetan, 9 ikastaro egingo dira, eta European Green Deal izango da klima krisiaren aurrean inflexio puntu gisa proposatutako ekintzen ardatza, trantsizio energetikoa bizkortzeko. Arlo horretan, oraindik definitu gabe dagoen hidrogenoaren merkatuak aukerak eskaintzen ditu mugikortasunaren sektorean, eta horiek aztertuko dira. Era berean, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko, arkitekturan eta eraikuntzaren industrian gertatzen ari den eraldaketa aztertuko da, eta hiri diseinuari aplikatutako zirkulartasunaren beharra eta gakoak azalduko dira, jasangarritasuna aztertuta energiari zein materialei dagokienez. Ildo horretan, landu beharreko gaietako bat izango da nola ekin eraikinak birgaitzeari, baso politiken, eraikuntzaren eta zuraren zaharberritzearen arteko lotura azpimarratuta.

Ikusi programa

Enpresen jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra

Enpresa baten errendimendua neurtzeko ikuspegi tradizionala balio ekonomikoan oinarritzen da, baina 10 ikastaroko gai multzo honen helburuetako bat izango da balioaren kontzeptu zabalago bat kontuan hartzea, gizarte eta ingurumen balioak ere sartuta. Natura eko-berrikuntzako estrategietan oinarritutako produktu eta zerbitzu berriak sortzeko eredutzat hartzen duten prestakuntza prozesuak bultzatuko dira, enpresa berrikuntza GJHekin lerrokatuz. Horrela, garapen jasangarria balioa sortzen duen eta errentagarritasun ekonomikoa hobetzen duen negozio aukera gisa aurkeztuko da, adibidez, modaren sektorean. Gainera, digitalizazioak ekonomia zirkularrari nola lagundu diezaiokeen aztertuko da, eta elkarlaneko ekonomia sustatuko da ekonomia zirkularraren parte gisa, karbono aztarna murrizten laguntzeko eta deskarbonizazioaren helburu klimatikoak lortzeko bidean aurrera egiteko..

Ikusi programa

Ingurumen komunikazioa eta hezkuntza

Pandemiak markatutako urte baten ondoren, hazkunde jasangarrirako estrategia berri bati ekin behar zaio, eta, trantsizio hori egiteko, ingurumen komunikazio eta heziketa on bat behar da; bada, horixe landuko da 8 ikastaroren bidez, dibulgazioaren ikuspegitik. Ziurgabetasun garai hauetan, gure ikaskuntza espazioak malgutasunez birpentsatu beharko ditugu, eta, horretarako, aukera berriak eta estrategia pedagogiko eta komunikatibo berriak aintzat hartu beharko ditugu, egoerara egokitu ahal izateko. Ingurumen komunikazioak ekologian, gizartean eta hezkuntzan duen garrantzia azpimarratuko da, eta ingurumen hezkuntzaren eraldaketa gaitasunari buruzko gogoeta sustatu. Haur eta gazte literaturaren eta GJHen arteko harremana aztertuko da, bai eta ingurumenarekiko errespetuaz jabetzeko eta ohitura jasangarriagoak bultzatzeko ahalmen didaktikoa ere.

Ikusi programa

Ikastaroez gain, doako jardunaldi irekien programa bat diseinatu da, urtean zehar egingo dena.

Lehenengoa maiatzaren 6an izango da, Jaime Zufiarekin (Aztiko Prozesu Eraginkorren eta Jasangarrien Saileko koordinatzailea). Elikadura-eredu jasangarriagoak lortzeko aukera desberdinak ikustea ahalbidetuko duen elkarrizketa izango du. (info gehiago)

Aurtengo jardunaldi irekietara, Ezagutzaren Mugak Sariaren eta Biophilia Sariaren irabazle bana ekarriko ditu BBVA Fundazioak, eta jasangarritasunaren arloko beste pertsona garrantzitsu batzuekin batera, beren gogoetak partekatuko dituzte.

Egitarau osoa jardueren datak hurbildu ahala argitaratuko da.

Eduki hauek guztiak DSFren plataforman argitaratuko dira: http://www.donostiasustainabilityforum.eus.