Back

Gipuzkoa orain ala betiko

Klima aldaketa esaten zaio Lurreko klimaren aldaketa globalari. Aldaketa hori kausa naturalengatik eta gizakiaren ekintzagatik gertatzen da, eta klima-parametro guztietan gertatzen da: tenperatura, prezipitazioak, hodeiak, etab., denbora-eskala oso desberdinetan.

Lurrak, sortu zenetik duela 4.500 milioi urte inguru, aldaketa ugari pairatu ditu klimari dagokionez, non glaziazio eta glaziazio-arteko hainbat ziklo gertatu diren. Hauek, kausa natural desberdinengatik gertatu direla esaten da, hauen artean aldaketak atmosferaren konposizioan, lurraren orbitan, erradiazio kosmikoan edo eremu magnetikoan egongo liratekeelarik.  

Industrializazio garaia hasi zenetik, eta bereziki 1980. hamarkadatik aurrera, berotegi efektuko gasen kontzentrazioak atmosferan esanguratsu egin du gora erregai fosilen gehiegizko erretzeagatik, bai metanoarenak bai oxido nitrosoenak, baina bereziki CO2-arenak. Hori dela eta, behar baino bero gehiago atmosferan harrapaturik geratzen ari da eta Lurraren gainazalaren tenperatura igotzen ari da. Horregatik, zientzialariek elarazi dute pairatzen ari garen klima larrialdi egoera gizakion aktibitateen ondorio dela.

 
 

Deba

Estuarioa

Deba bezalako Gipuzkoako ibai garrantzitsuek mendeetako giza jardueraren eragin zuzena izan dute. Hori dela eta, Debaren arroak hondatze ekologiko izugarria jasan du presio demografiko eta industrial handiaren ondorioz, neurri batean, gaur egun arte mantentzen dena. Jarduera horiek ibaien hondoan utzi dituzten inpaktu fisiko eta biologiko guztiak ibilguen bidez garraiatu dira, estuarioetaraino eta hortik itsasora.

Estuarioa ur geza eta gazia konbinatzen diren ibaiaren bokaleko eremuari deitzen diogu. Uren arteko nahasketaren ondorioz, ingurumen-gradiente handiak eta parametro fisiko-kimikoen aldakortasun handiak sortzen dira. Landare eta animalia ugari dituzten komunitate ekologikoei babesa ematen diete eta arrain, hegazti eta itsaski askorentzat habitat garrantzitsuak eskaintzen dituzte. Estuarioek gizakientzako zerbitzu ekosistemiko baliotsuen sorta eskaintzen dute, hala nola elikagaien hornidura, uraren iragazketa, mantenugaien erregulazioa eta ekaitzen aurkako babesa.

Sistema horiek garrantzitsuak dira espezie batzuentzat oso baldintza bereziak dituztelako, bai eta azken 10.000 urteetan kostaldeko ingurumen-baldintzak berreraikitzeko informazio geologiko kritikoa dutelako ere; izan ere, sedimentuek sinadura geologiko egokiak dituzte ingurumen-berreraikuntza egiteko.

Kostaldeko eremurik sentikorrenetako bat denez, estuarioak arriskuan daude, besteak beste, eragin dugun klima-aldaketagatik. Estuarioa bereziki kaltebera da berotze globalarekiko, eta hiru aldaketek eragiten diote: ur gezako isurketaren kantitateak eta kalitateak; Itsas mailaren gorabeherek eta itsasoko uraren ezaugarriek; eta uraren eta gasen arteko elkarrekintzek, batez ere CO2, hala nola bero trukeak, lurruntzeak eta prezipitazioek edota haizeak.

ZER GERTATUKO DA?

Aldaketa klimatikoak ekaitzen maiztasun handiago bat dakar. Ur-kantitate handi horiek ubideak gainezka egitea eragin dezakete, eta, beraz, urez bete daitezkeen eremuak askoz zabalagoak izango dira. Ekaitzek higadura larria, sedimentazioa eta sedimentuen migrazioa eragin dezakete estuarioan. Hauez gain, materia organiko onuragarria eta elikagaiak ere garraiatzen dira, baina baita kutsatzaileak ere. Horrek guztiak, estuarioak muturreko gertaera horien ondorioetatik berreskuratzeko behar duen denbora murriztuko du.

Halaber, estuarioen eta ur gezako akuiferoen gazitasuna handitzea eta marea-mailak aldatzea espero da. Ur gaziaren eta ur gezaren arteko balantzeak, denboran zehar nagusi denak, markatuko du estuarioaren bilakaera, ibaiak eragindako estuarioa izaten jarraituko duen edo mareek menderatzen duten estuario bihurtuko den, orain arte izan duen funtzionamendua aldatu eta, beraz, paisaia eta ekosistema eraldatuz.

Tenperaturak gora egiten badu, estuarioko uraren tenperaturak gora egingo du aldi berean, sedimentuen tenperatura handituz, zeinak fauna eta florari eragingo dion, hondokoari batez ere. Ondorio guzti hauek etorkizunean aldaketak eragingo dituzte espezieen banaketan, biodibertsitatean eta produktibitatean, eta zuzeneko eragina izango dute sedimentuen metatzean eta lortzean.

Azken mendeetan, bereziki industrializazioaren hasieratik, giza eragina nabarmena izaten ari da ekosistema naturaletan. Giza jardueraren seinaleak elkarren artean lotutako hiru prozesuren emaitza dira: giza populazioaren hazkunde azkarra, garapen teknologiko azkarra eta baliabideen kontsumo handiagoa. XX. mendearen erdialdean, aipatutako hiru jardueren hazkundea ematen da eta horiekin batera tenperatura globalaren igoera ere. Geologo batzuen iritziz, horregatik eta, klima-aldaketak jatorri antropikoa duela frogatuta, antropozeno izeneko aro geologiko berri batean sartu gara.

Antropozenoa deritzo giza inpaktuen ondorioz lurraren geologian aldaketa sakon eta azkarra gertatzen ari den garaia delako, inpaktu hauen artean gaur egungo klima aldaketa dagoelarik. Aldaketa hau sedimentuetan eta izotzean seinale geologiko iraunkor bat uzteko bezain handia da. 

Deba estuario berezia da, Euskadin dugun estuario bakarra baita, ibaiak menderatzen duena, eta ez itsasoak. Ibaiak nagusi diren estuarioak ibai-sedimentuen hornidura handiarekin lotuta daude. Kontuan hartuta Debako herriaren garapena eta hazkundea, beste asko bezala, ibaiaren inguruan gertatu dela, gizakiek haren aprobetxamenduan izan dituzten eraginak itsasadarrera iristen diren sedimentuetan ikus daitezke jarduera antropogenikoen goranzko joera erakusten dutenak, hala nola industria-trazako metalen kontzentrazio handiagoa duten oraintsuko sedimentuetan. Sedimentu berri eta modernoetan metalen kontzentrazioa da mundu osoko estuarioetako inpaktu antropogenikoaren sinadurarik garrantzitsuenetako bat.

Gaur egungo sedimentu antropogeniko gehienak meatzaritzakoak, hondakinen kudeaketakoak eta urbanizaziokoak dira. Antzeko maila batean, plastikoen fabrikazioa, XX. mendearen hasieran hasi zena, nabarmen hazi da 1950eko hamarkadatik, eta giza biomasa osoaren pareko urteko ekoizpena lortu du.

Plastikoek eta zementuak teknofosil ugari sortzen dituzte, orain eratzen ari diren geruzetan aztarna geologikoak. Gaur egun, harea- eta harri-pikor asko gizakiak sortutako materialak dira, hala nola kristal biribildua, adreilu-zatiak, zementua eta gero eta plastiko-zati gehiago. Plastiko horiek, batez ere mikroplastikoa, mundu osoko hondartzen sedimentuetan aurkitu dira, baita itsas hondoan ere, gehienbat zuntz moduan.

Hipotesi gisa, Gorrondatxeko hondartza eta Tunelboka (Bizkaia) har ditzakegu. Sedimentuak pilatu dira eta horiekin integratutako arrokak sortu dira. Nork ez digu esango Deba inguruko arrokak eta Euskal Kostaldeko Geoparkea ez direla plastiko eta material batzuen zatiekin osatuta egongo? 

Plastikoa Lurreko geologiaren parte ez izatea oso berri ona litzateke. Antropozenoak egingo duen ibilbidea gaur hartzen dituen erabakien eta ekintzen araberakoa izango da, eta hurrengo hamarkadetan gizarte globalak hartuko dituen erabakien araberakoa.

 
 

Zumaia

Flysch

Duela 4.6 mila milioi urte inguru sortu zenetik, lurrak aldaketa ugari eta etengabeak jasan ditu, gizakiok geologia garai ezberdinetan banatu ditugunak. Garai eta aldaketa hauek Zumaiako flysch-ean ikusgai ditugu, itsas hondoan sedimentatzen eta metatzen joan diren materia gogorrak eta bigunak txandakatzen dituzten geruzez osatutako eraketa geologikoa baita eta lurraren mugimenduaren prozesuen bitartez formatu baitzen. 

Zumaiako flysch-a balore handiko erreferentzia da, ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu mailan ere, planetaren eraketaren mugarri garrantzitsuenetako batzuk ulertzeko informazio geologikoa oso zehatza ematen baitu. Esan beharra dago geruza horiek 20 milioi urte dituztela Zumaian, baina Deba eta Mutriku gehituz gero, hau da, Euskal Kostaldeko Geoparke osoa, 60 milioi urtera iristen dira.

Eremu hauek balio kultural eta zientifikoez gain, zerbitzu ekosistemikoak ematen dizkigute, hau da, hauen funtzioak direla eta gizakiek, zuzenean edota zeharka, onurak lortzen ditugu. Horien artean balio geosistemikoak daude (mineralak, euskarria, babesa...), oso agerikoak ez izan arren, bizitzak aurrera egiteko beharrezkoak direnak.

Flysch-a itsasoarekin kontaktuan dago eta aldaketa klimatikoaren ondorioz itsasoko uraren tenperatura igotzen ari da. Ur beroago batek itsasoak energia gehiago izatea eragiten du. Itsas denboraleak gogorragoak eta ohikoagoak izango direla iragartzen da eta olatu handiagoak itsasoa lehorrean gehiago sartzea eragingo du. Azterketek jada azalarazi dute, epe luzeko aldaketen emaitzetan, penintsula iparraldean denboraleen gehikuntza egon dela. Gainera, Kantauriko kostaldean olatuen altuera nabarmen handitu da (0,2 cm/urtea), eta aldaketa horiek gogorragoak eta esanguratsuagoak izan dira neguan.

ZER GERTATUKO DA?

Muturreko fenomeno meteorologiko asko klimaren aldakortasun naturalaren ondorio dira. Hala ere, klima aldaketak fenomeno horien maiztasuna, intentsitatea, hedadura espaziala eta iraupena aldatzea espero da. Izan ere, IPCC-ak aitortu du gertatu den 0,5° C-ko tenperatura igoerarekin eskala globalean muturreko gertakarien maiztasuna (bero boladak, lehorteak, uholdeak, urakanak) handitu egin direla eta tenperatura igoerak jarraitzen badu, litekeena da etorkizunean gehiago areagotzea.

Karbono dioxido gehien duen atmosfera berotzeko joera duenez, ur-lurruna biltzeko ahalmen handiagoa du eta energetikoki muturrekoak diren fenomeno meteorologikoak garatzeko probabilitate handiagoa dago.

Haizete, ekaitz eta prezipitazioen areagotzeak muturreko itsas mailaren igoera gertakariak eta kostaldeko arriskuak areagotzen ditu. Gertakari hauen intentsitatea eta batez besteko magnitudea handitzearen ondorioz, arriskuak are larriagoak izango dira, bereziki berotegi-efektuko gasen emisioak maila altuetan mantentzen diren testuinguru batean, non kostaldeko higadura areagotuko duen, eta itsaslabarrak kolapsatu egingo diren oinarriaren soiltzea dela-eta, eta hirigintza-arazo larriak sortuko dira. 
Etorkizunean, mundu mailan, desoreka litostatikoa gertatuko da, izotz masa kontinental handien desagerpenek plaka tektonikoak birdoitzea eragingo dutelako, jasaten duten izotzaren pisua denbora-tarte labur batean askatzearen ondorioz, eta honek lurrikarak eta mugimendu tektonikoak sortuko ditu plaken arteko ukipen-eremuetan. 
Zumaiako Geoparkearen kasuan, hasiera batean, itsaslabarretan higadura zerbait bortitzagoa izan daitekeela suposatuko du, baina susmoa besterik ez da, labarretan neurketarik egiten ez denez, ez baitakigu zein abiaduratan higatzen diren.

Higaduraren igoera hori gertatzen den arren, flysch-ean inpaktua minimoa izango dela uste da, hori bai, betiere denbora tarte labur batez hiz egiten ari bagara. Esan bezala ez dago neurketarik eta geologian neurketak denbora geologikoan egiten dira, non denbora unitate txikiena milioi bat urte den. 

Planetak 4.600 milioi urte inguru ditu, eta denbora horretan aldaketa asko izan ditu. Gizakiak 2,5 milioi urte baino ez ditu, eta horrek planeta honetan daramagun denbora laburraz eta garai labur horretan eragin dugun inpaktuaz jabetzera garamatza, bere sistema asko hondatzeko gai izanik, eta, esan bezala, tenperaturaren igoera bezalako efektu ezberdinak eraginez (geologo batzuen iritziz, aro berri batean, antropozenoan, sartuz).

Aurreko guztiaren ondorioz, etorkizunean Zumaiakoa bezalako itsaslabarrek atzera egingo dute eta itsaslabarrek mugatzen dituzten hondartza horiek, Itzurungoa kasu, ez lukete nora mugitu, izan ere itsasoko marea altua gorago iritsiko denez eta atzean labar bat duenez ur azpian geratu daiteke. Interes geologiko nabarmena duten eremuak desagertuko dira, eta horrek geodibertsitatea eta, beraz, zientzia- eta kultura-ondarea galtzea ekarriko du.

Topografikoki altuagoak diren kostaldeko eremuetan, hasiera batean eragin txikiagoa izango luke, baina Zumaia bezalako herri batean, estuario baten inguruan eraikia, tokiko morfologia birmoldatuko luke eta hirigintza-arazoak sortuko lituzke.

Gainera, tokian-toki, itsas maila igoz gero eta olatuak kostara gehiago sartuz, kostaldeko akuiferoetan ur gaziko masak sartuko dira, batzuetan inguruko herriak hornitzeko balio dutenak kutsatzeko arriskua izanez.

Gipuzkoan kokatutako interes geologikoko hogeita hamar eremuetatik hamazazpi afektatuak izango lirateke Eusko Jaurlaritzaren 2015eko inbentarioaren arabera, eta bereziki sentikorrak izango lirateke Zumaiako flysch-aren eremuak. Interes geologikoko leku edo eremu horiek guztiak galtzeak eragin oso negatiboa izango luke, ez bakarrik interes zientifikoarekin, estetikarekin, didaktikarekin eta baliabide geologikoaren kontserbazioarekin lotutako alderdiak desagertzeagatik, baita zalantzan jarri ezin den potentzial geoturistikoa desagertzeagatik ere.

Denbora giza eskalan neurtuta, klima aldaketak eragin dituen efektuak eta ondorioak behatzeko gai izan bagara, eraldaketa horiek berehalakoan izango dira agerikoak  eskala geologikoan.

 
 

Donostia

Kontxako Badia

Donostiako erdialdean bertan, Kontxako badia dugu, Igeldo eta Urgull mendien arteko espazioa hartzen du, Kontxa eta Ondarretako hondartzekin eta erdian, Santa Klara uhartearekin. Bestetik, Urumea ibaiaren eta Ulia mendiaren artean Zurriola hondartza dugu. 

Hondartza hauek, duten kokapen paregabearen ondorioz, hiriari bere izaera emateaz gain garrantzizko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Hondartzek babesa ematen diete itsasotik gertu bizi diren biztanleei, ekaitz indartsuen haizeteen eta olatuen motelgailu gisa balio dutelako; halaber; hondartzek habitat bereziak eskaintzen dizkiete landare eta animalia askori. Era berean, lurraren gainazalak indar naturalen eraginez jasaten duen higadura kontrolatzen dute, izan ere, sedimentuak pilatu eta egonkortu egiten dituzte, baita atmosferako karbonoa ere.

Hori guztiaz gain, mendez mende, itsasoaren eta lehorraren artean duten kokapen apartaren ondorioz, kostako hondartzek eta dunek zerbitzu garrantzitsuak eskaini dizkiete gizakiei, hala nola, lehengaiak, erosio kontrola, ur-harrapaketa eta garbiketa, basa-bizitzaren kontserbazioa, karbono-sekuentzia, eta turismoa, aisialdia, hezkuntza eta ikerketa.

Baina, kostaldeko babesa da, zalantzarik gabe, hondartzako ekosistemek eskaintzen duten zerbitzurik baliotsuenetako bat, batez ere itsas mailaren igoeraren aurrean.

Klima-aldaketaren eragin nagusietako bat itsasoaren maila igotzea da. Itsas mailaren igoera hori berotze globalak eragiten duen izotza urtzearen ondorio nabarmenetako bat da. Itsas masen urtzeak ez du eragin zuzenik itsas mailan, jada bolumen hori okupatzen baitago, baina, lehorretik datorren urtzea gehigarria denez, itsasoan aurkitzen den bolumenean eragiten du. 

Itsas maila 23 zentimetro igo zen 1880tik 2015era eta NASAren azken neurrien arabera (2019ko abendua); aldaketa-tasa urteko 3,3 mm-koa da, ez bakarrik izotza urtzearen ondorioz, dilatazio termikoaren prozesuak ere, parte hartu baitu. Prozesu honek ura berotzen denean bolumena handitu egiten dela esan nahi du, izan ere, molekulen mugimendu bibrakorra handitzen baita beroaren eraginez, eta, beraz, hartzen duten bolumena handiagoa da. Ondorioz, aurreko mendean zehar eman zen itsas mailaren igoeraren erdia inguru, ozeanoak berotzean leku gehiago okupatzen zutelako izan zela estimatzen da. 

ZER GERTATUKO DA?

IPCCren Emisioen Agertokiei Buruzko Txosten Bereziaren arabera, mende honen amaieran igoera 0,22 eta 0,44 metro artekoa izan daiteke, nahiz eta mundu osoan uniformea ez izan, 1990eko mailaren gainetik. Berehalako ondorio gisa, hirigintzan eta edateko uraren horniduran arazoak egongo lirateke. Ekosistema biologiko osoei eragingo lieke ere, eta desagertu egin litezke.

Hainbat emisio-egoeratan oinarritutako klima-agertoki desberdinak erabiltzen dira etorkizuneko egoera aztertzeko, eta egoera horiek suposizio solido eta koherenteetan oinarritzen dira. Ez dira iragarpenak, baina baliagarriak dira, egoera eta neurri desberdinen bilakaerak izango lituzkeen ondorioen panorama eskaintzen dutelako.

Bada, agertoki hauek izango ditugu Donostiako hondartzetan: Kontxa eta Ondarreta agertokirik mesedegarrienean, 4 metroko lerro atzerapena izango dute 2030erako, 7 metrokoa 2050erako eta 14 metrokoa mendearen amaieran, non 2100. urtean tenperatura 1 ° C bakarrik igotzen den eta CO2 maila 421 zati milioiko izango litzateke (ppm). Aldiz, agertoki ezkorrago batean, non lurraren tenperatura 4 ° C igo daitekeen eta 936 ppm CO2 egongo liratekeen 2100erako, 20 metrora arteko atzerapenak zenbatetsi dira.

Bestetik, Santa Klara uharteko hondartzak atzerapen-balio txikiagoak ditu, 1, 2 eta 5 metrokoak, hurrenez hurren, 2030, 2050 eta 2100 urteetarako. Hala ere, egungo zabalera kontuan hartuta, mende honen amaierarako itsasbeheran baino ez litzateke agertuko, eta egungo zabaleraren erdi inguru izango litzateke. Azkenik, Zurriolako hondartzak du kosta-lerroaren atzerakada nabarmenena, beste biek baino 1,5 aldiz handiagoa izanik agertoki guztietan: 7, 11 eta 24 m, 2030, 2050 eta 2100 urteetarako eta 33 m-rainokoa ezkorrenean.

Ondorio gisa, kostaldetik gertu dauden akuiferoak eta landa lurrak kutsatu ditzake eta hiriko estolderiari eragin diezaioke, izan ere, ur gazia oso korrosiboa baita. Higadura areagotu eta itsasertzeko uholde-gertaerak areagotu ditzake, izan ere ozeano berotzearekin batera jasotzen duen energia kopurua handiagoa da, denboraleak eta olatu indartsuagoak sortzeko probabilitatea handituz.. Ur gehiagorekin eta energia gehiagorekin olatu oldarrak eta ekaitzak gogorragoak eta ugariagoak izango direla espero da. Honek eragin kaltegarria izan dezake alderdi sozioekonomiko eta biologikoan.

Desoreka honek ondorioak izango ditu arrantzan ere, espezieen bizi-zikloan eta banaketan eraginak sortaraziko dituelako. Ozeanotik bizi diren gizarte taldeetan eragin handiago izango du igoera honek eta askok bere bizitzeko lehengaia eta eremua galduko dute, migratzera behartuta ikusiko dira, errefuxiatu klimatikoak bihurtuz. 

Agian, hain preziatua den Kontxako Badiako lehen lineako biztanleak ere Donostiako beste eremu batzuetan errefuxiatu  beharko dira etorkizunean.

 
 

Deba garaia

Oñati

Gaur egun Gipuzkoako azaleraren % 69,5 basoek estaltzen dute. Hala ere, kontuan hartu behar da basoa ekosistema natural bat dela, gutxienez hektarea erdiko eta % 40ko zuhaitz-estaldura duen eremua, tokian tokiko espeziez osatutakoa, egur hila eta hainbat adinetako zuhaitzak dituena, eta Gipuzkoan, pinudiak eta bestelako landaketak zabaltzen direla batez ere. Askok diote hauek ezin daitezkeela baso kontsideratu, hain zuzen ere landaketak dira, garai batean modu homogeneo eta ordenatu batean landatutako espezie exotikoak, baina gure paisaian jada urteak daramatzetenak, batez ere zuraren ustiaketarako.

Bertako basoen garrantziaz ohartuta, Oñatiko Iturrigorriko pagadia dugu. Euskal pagadiak garrantzitsuak dira, Kantauriko, Pirinioetako eta Iberiar penintsulako populazioen artean jarraitutasuna izateaz gain, ondare kultural eta etnografiko baliotsua ere gordetzen baitute. Euskal pagadiei berez lotutako paisaia ere dago, pago motzak edo lepatuez osatutakoa

Baso osasuntsu eta naturalak izateak onura ugari ekarriko dizkigu, izan ere, basoek esponja moduan lan egiten dute, lurgaineko eta lurpeko uraren banaketan eragiten dute eta euren sustraiekin lurra eusten dute, urak lurra eramatea zailduz. Beraz, higadura kontrolatzen dute, baita lurzoruaren sortzea, kontserbatzea eta berreskuratzea ere.

Gainera, basoak erabakigarriak dira karbonoaren zikloan eta, horrenbestez, klimaren erregulazioan. Basoetako landareek karbono asko finkatzen eta metatzen dute fotosintesiaren bidez, eta orbelaren bidez ere karbono ugari gordetzen da lurzoruan. Hori dela eta, basoak epe luzeko karbono-gordailu dira. Aldaketa globalaren garaian bizi garenez, eta karbono-isuriak izugarri murriztea ezinbestekoa izanda, karbonoa atmosferatik kendu eta epe luzean gordeta mantentzeak aldaketa globala leuntzen laguntzen du.

Baina basoek klima-aldaketaren aurrean duten papera bikoitza da, berotegi-efektuko gasen isurketen kausa eta irtenbide baitira.

Baso-ekosistemak klimarekiko sentikorrak dira. Klima-aldaketak eragin nabarmenak ditu espezieen banaketan, hazkuntza-tasan, basoen egituran eta ugalketan. Baso dinamikak aldatzen ari dira eta zuhaitzen hilkortasun tasa handitzen ari da. Gainera, basoak ustiaketarako erabiltzen badira, askatu egingo da karbono metatuaren portzentai handiena, zuhaitzetan eta inguruko lurrean dagoena. Eta haien eremua txikitzen goazen ehinean, metatzeko eremu gehiago galduko dugu.

Esan bezala, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko, basoak irtenbide garrantzitsuenetarikoak dira. Gutxi gorabehera 2.600 mila milioi tona CO2, erregai fosilak erretzean askatzen den CO2-aren heren bat, basoek xurgatzen dute urtero.

ZER GERTATUKO DA?

Karbono dioxido mailek ere eragina dute landareen hazkuntzan. CO2 kantitate handiak zuhaitzen hazkuntzari positiboki eragiten dio, izan ere, haiek bizitzeko behar dute, arnasteko, hazteko. Baina, ikusi da hazkuntza hori puntu bat arte ematen dela, izan ere, CO2 kantitatea gehiegizkoa bada kontrako efektua gerta daiteke, hazkuntza txikiagoa gertatzea.

Klima aldaketa dela eta, asalduren maiztasuna eta intentsitatea aldatzen ari da, hala nola intsektuen izurriteak, espezie inbaditzaileak, baso-suteak eta ekaitzak. Tenperatura igoerarekin basoen berritzea baxuagoa da, eta honek haien erresilientzia murrizten du eta asaldurek baso-ekosistemaren egitura, osaera eta funtzioa gehiago apurtuko dute.

Zuhaitz askok nolabaiteko lehortearekiko erresistenteak badira ere, etorkizuneko lehorteak iraganean izandakoak baino eragin kaltegarriagoak izan ditzake. Gipuzkoaren kasuan, baso suteak ez dira egungo arrisku bat kontsideratzen, baina etorkizun batean aurreikusita dauden tenperatura igoerek arazo hau areagotu dezakete, batez ere landaketetan, espezie sukoiagoak baitira.

Egoera klimatikoak zuhaitz-espezie batzuen banaketa geografikoak ere aldatzen ditu, iparralderantz edo garaiera handiagoetara mugituz, espezie batzuei kalte eginez, baina beste batzuei mesede eginez habitat berrira egokitzeko. Gaur egun zenbait eremutako mendi tontorretan bakarrik dauden espezie batzuk desagertu egin daitezke, ezin baitira altuera handiagoetara mugitu. Iturrigorriko basoa, adibidez, baso mediterraneoa izan daiteke, eta hezetasun txikiagoan bizi daiteke, balioa aldatuz.

Baso berri asko daude (140 urte baina gutxiagokoak), zahar oso gutxi, eta hauetan ere denborarekin aldaketak espero dira. Izan ere, klima aldaketari aurre egin behar diote eta honek mugatu egingo ditu. Adibidez, ikusi da jada zuhaitzen altuera baxuagoa dela, izan ere, altuagoak zaurgarriagoak dira bai plaga zein haizeteen aurrean, eta ura igotzeko ere zailtasun handiagoa dute.

Basoak geroz eta natural, anitz eta heterogeneoagoak izanda klima aldaketari aurre egiteko aukera handiago izango dute, erresilienteagoak dira eta. Ikusi da, baso autoktonoak osaera sinpleagoko zuhaitz-landaketak baino eraginkorragoak direla karbono-metaketan, ur-horniduran, eta, bereziki, lurzoruaren higadurari aurre egiten eta biodibertsitatearen gordailu gisa, honek denak erresilienteagoak bihurtzen ditu eta gizakion ongizaterako egokiagoak. Zuhaitz-landaketak, berriz, ez dira eraginkorrak eta ez lirateke egokiak izango klima aldaketari aurre egiteko, baina hobeak dira egurra ekoizteko, balore ekonomikoari bakarrik begiratzen bazaio.

Beraz, Gipuzkoako berezko, harizti, artadi, pagadi, amezti eta haltzadiez gozatzen jarraitu ahal izateko eta basoen onurak handitzeko, Iturrigorrin bezelaxe, baso natural gehiago babestu behar dira, basoak modu iraunkorrago batean kudeatu eta galdu ditugunak berreskuratu.

 
 

Bidasoa

Txingudiko padurak

Bidasoako bokalean Txingudiko padurak sortzen dira, hegaztiak ikusteko leku aparta delako ezagunak; izan ere, Europako iparraldetik Iberiar Penintsularen hegoaldera edo Afrikara doazen hegazti migratzaileak gure lurretatik igarotzen dira, ekialdean Pirinioetako mendikatea eta mendebaldean Kantauri itsasoa saihesteko, eta gelditu egiten dira indarberritzeko. Hori dela eta, Txingudi Ramsar Nazioarteko Garrantziko Hezeguneen Zerrendako kide da, eta titulu hori ematen zaie hezeguneei, oso ekosistema baliotsuak direlako eta hegaztientzat garrantzi handiagoa dutelako.

Hezeguneak ekosistemarik emankorrenetakoak dira hegaztientzat, lehengai kopuru izugarria sortzen dutelako, eta fotosintesiaren bidez karbonoa bahitu eta pilatu dezakete, landare-biomasa, ur-biomasa edo lurzoruan materia organiko gisa, karbono urdina deritzona.

Lurraren azaleraren % 1,5 soilik estaltzen duen arren, hezeguneek ekosistema-zerbitzu globalen % 40 ematen dute. Padurak bezalako hezeguneen kasuan, karbono-metaketa, uholdeetatik babestea eta elikagaiak lortzea garrantzitsuak dira higaduraren aurrean, araztegi natural gisa funtzionatzen dute, arrantzari eusten diote, turismoa sustatzen dute eta jolas-, hezkuntza- eta ikerketa-balio oso garrantzitsuak dituzte.

Ekosistema oso indartsuak eta erresilienteak dira, uraren eta lurraren artean daudelako eta marea-aldaketa etengabeen eraginpean daudelako. Hala ere, munduko hezeguneen erdia galdu da gutxi gorabehera, eta gainerako hezeguneen baldintzak okertzen ari dira. Klima-aldaketa mehatxu handia da hezeguneentzat.

ZER GERTATUKO DA?

Klima-aldaketak hezeguneei eragingo dieten uholdeak, lehorteak, gehiegizko bero egunen kopurua eta ekaitz larrien maiztasuna areagotzea aurreikusten da.

Lurraren eta ozeanoaren ertzean kokaturik, padura gaziak bereziki ahulak dira klima-aldaketa globalaren ondorioen aurrean. Klimak, eta batez ere tenperaturaren igoerak, eragin zuzena du paduretako prozesu biologiko eta kimikoen tasetan, fotosintesian, transpirazioan, deskonposizioan, mantenugaien zikloan eta materia organikoaren metaketan barne.

Horrek guztiak hezegune baten funtzioa alda dezake, zerbitzu ekosistemiko garrantzitsu batzuk dizerbitzu ekosistemiko bihurtzeraino.

Itsas mailaren igoerak estresa sortzen du kostaldeko ekosistemetan. Horien erantzun bat lehorrerako migrazioa izango da, itsas mailaren igoeraren ondorioz, padurak lur galtzen joango baitira eta atzera egin beharko baitute. Txingudiko padurei eta estuarioei dagokienez, oso antropizatuta dagoen badia batean baitaude, itsas uholdeak bereziki eragingo die horretarako berariaz diseinatutako azpiegiturek babesten ez dituzten lursail baxuei.

Horrek, aldi berean, sortuko diren eurite eta ekaitz gogorrenek itsasoa lehorrean gehiago sartzea eragingo du, eta padura askori eragingo die. Itsasertzeko habitatak – dunak eta padurak – dira desagertutako espezie gehien dituztenak, eta habitata murriztea da mehatxu-faktore nagusia.

Tenperatura altuek deskonposizio-prozesua bizkortzen dute. Ekoizpen primarioa baino deskonposizio-tasa altuagoak karbono-hustubide izatetik iturri izatera eraman dezake bere funtzioa. Klima-aldaketak eragindako perturbazioen ondoren paduretako landare-materiala galtzeak karbonoa harrapatzeko ahalmen hori murriztu lezake, guztizko landare-biomasa murrizteak fotosintesiaren bidezko harrapaketa-ekarpena murriztuko du, landare-materialean biltegiratutakoa galduko da (egiturazko karbonoa) landareen heriotzaren ondorioz, eta, agian garrantzitsuena, karbonoaren perturbazioak, gatz-mineralen bidezko higadurak eta karbonoaren askapenak eragin lezakete.

Gipuzkoan hezeguneek hartzen duten azalera % 7,1 murriztu da 2005etik. Hezeguneen galerak ondorioak ditu lurraldeko biodibertsitatean, Batasunaren intereseko habitatak eta espezie mehatxatuak babesten baititu.

Klimak ondorioak ditu aldizkako erritmoko fenomeno biologikoetan, hala nola hegaztien loratzean edo migrazioan. Hegaztiak, batez ere migratzaileak, oso sentikorrak dira aldakuntza horiekiko. Faktore horietakoren bat aldatzen bada, migrazio-estrategia ez da bideragarria izango, eta eragina izango du hegaztien portaeran, ugalketan, biziraupenean, migrazioan eta banaketa geografikoan.

Horrela, klima-aldaketarekin lotutako tenperaturen igoerak hegaztien portaera aldatzea eragin lezake, paduretako landarediaren mende baitaude neurri handiagoan, eta denbora laburragoan egon liteke eskuragarri, itsasoaren mailak gora egin duelako. Paduretako habia-kumeen hazkuntza arrakastatsua murriztu egingo da, udako hilabeteetan udaberriko mareen gainetik landaretza erabilgarri gutxien dagoen heinean. Gainera, kostaldeko konpresioak paduren eremu osoa murriztuko du, lehen mailako produktibitatea murriztuko du eta hegaztiak elikatzeko, atseden hartzeko eta habiak egiteko denbora murriztuko du.

Tenperaturak berotzeak, atmosferan karbono dioxidoaren maila handitzeak eta prezipitazioen maiztasuna eta intentsitatea aldatzeak prozesu ekologikoak aldatuko dituzte. Klima-aldaketarekin batera, estres-faktore horiek egungo ekosistemak desegin eta ekosistema berriak ager daitezke, hezeguneek gizarteari ematen dizkioten onurak are gehiago aldatuz.

Txingudiko padurak leheneratutako padurak dira, hau da, behin galdu dira, baina berriro gerta liteke, eta hegaztien populazioari ez ezik, herritarrei ere kalte larriak eragin diezazkieke.

 
 

Goierri

Aralar

Natur eremu askok duten balioa altua da eta hauek babesteko ahalegina egiten dugu gizakiok. Aralar 1994an izendatu zen Parke Natural hainbat arrazoiengatik: paisaien edertasuna, flora eta faunaren aniztasun eta berezitasuna, historikoki abeltzaintzak izandako garrantzi handia, bertan dauden monumentu megalitikoengatik eta mendizale askok mendilerroari ematen dioten aisia erabilerarengatik. Hala, bioaniztasun handiko eta ekosistema anitzeko eremu bat da.

Ekosistemek aurrera egiteko behar dituzten funtzioak eman daitezen ezinbestekoa da aniztasun biologikoa. Funtsezkoa da lurreko bizitza guztia bermatzen duten prozesuetarako, gizakiona barne. Animalia, landare eta mikroorganismo ugaririk gabe, ezin ditugu arnasten dugun airea eta jaten dugun janariaz hornitzeko oinarritzen garen ekosistema osasuntsuak eduki. Hau da, biodibertsitateak bermatuko du ekosistema zerbitzuak egotea, onurak izatea.
 
Bioaniztasuna mehatxatuta ikusten ari da aspalditik eta klima aldaketak egoera okertzen du. Gipuzkoako bataz besteko tenperatura 1,2 ° C igo da, eta urtean 30 bero egun gehiago ditugu. Uda hilabete luzatu da eta, horrela jarraituz gero, mendearen amaieran 3-4° C arteko igoerara heldu gaitezke agertokirik okerrenean. Eguneko tenperatura minimo eta maximoek gora egin dute, eta tenperatura minimoen igoera nabarmenagoa izango da.

Espezieak banatzeko, tenperatura minimo hauen igoera faktore mugatzaile garrantzitsua izan daitekeela ikusi da. XX. mendearen bigarren erdian gutxieneko tenperatura gehieneko tenperatura baino bizkorrago igo denez, baliteke aldaketa handiagoak gertatzea biodibertsitate patroietan. Baina biodibertsitate galera hau klima larrialdi egoera baino lehenagoko giza presioek jarri zuten martxan jadanik: gehiegizko ustiapena, kutsadura, espezie inbaditzaileen hedapena eta habitaten galera.

Azken hau, lurzoruaren erabileraren aldaketengatik gertatzen da, bai nekazaritzako laboreek, zein hiri-hedapenak, errepideen eraikuntzak eta bestelako arrazoiek eraginda, eta munduko biodibertsitatea galtzeko arrazoi nagusia da. Habitat naturalaren kantitate garbia galtzeaz gain, tamaina eta distantzia desberdineko habitat-zatiak osatzen dituzte, hau da, habitaten zatiketa gertatzen da.

Aurreko presioei beste bat gehitzen zaie, klima aldaketa, gizakiek eragindakoa hau ere.

ZER GERTATUKO DA?

Zalantzarik gabe, tenperaturen igoerak, prezipitazioen patroien aldaketak eta abar, gaur egun ezagutzen ditugun ekosistemak birbanatzea ekarriko dute. Landare- eta animalia-espezieen banaketa bizi-zikloak osatzeko ingurumen-parametro egokienek baldintzatzen dute, baina parametro horiek aldatzen ari direla ikusi da. Distribuzio aldaketa eta espezieen mugimenduak posible dira habitatak beraien artean konektatuak daudelako.

Klima-aldaketa azkartzearekin batera, giza jarduerak populazioak eta komunitate biologikoak dauden eremuen zatiketa eragiten du. Sortzen diren zatiak eta jatorrizko habitata desberdinak dira: txikiagoak dira, neurri handiagoan edo txikiagoan isolatuak daude eta ertz-efektuak dituzte.

Desberdintasun horiek ugaritasun-aldaketak eragiten dituzte espezieetan eta haien erlazio ekologikoetan. Zatikatzeak, jatorri naturalekoa nahiz artifizialekoa izan, mugatu egiten ditu organismoek klima-aldaketarekiko izan ditzaketen erantzunak. Espezieak desagertzeko aukera areagotzen du, eguneroko eta urtaroko mugimenduak zailtzen dituelako, sakabanatze-tasak murrizten dituelako eta etorkizuneko klima-egoeretan habitat egokiak izan daitezkeen eremuak kolonizatzeko aukera murrizten duelako.

Klima aldaketak ekosistemak ahuldu egiten ditu, tenperatura, euri, lehorte eta gaixotasunen maiztasuna handituz, ekosistemetan desoreka sortuz eta, beraien funtzioak ondo egiteko gaitasuna galtzen dute, bertan lotura funtzioa egonik.

Ikerketek iradokitzen dute hurrengo hamarkadetan klima-aldaketak habitataren suntsiketari gainditu diezaiokeela biodibertsitatearen mehatxu global handiena gisa. Batez ere, eremuen egoera fisikoaren murrizketa iradokitzen zaio, maila ezberdinetan adierazten direnak eta gizabanako, populazio, espezie, sare ekologiko eta ekosistemetan eragina dutenak. Biodibertsitate-maila oinarrizkoenetan, klima-aldaketa populazioen aniztasun genetikoa murrizteko gai da hautapen naturalaren eta migrazio azkarraren ondorioz, eta horrek ekosistemen funtzionamenduan eta erresilientzian eragin dezake. Espezie indibidualek klimaren beroketaren aurrean modu ezberdinean erantzungo dutela espero da, eta efektu garrantzitsuenak komunitate mailan izango direla.

Gainera, mendiko biodibertsitatea klima aldaketarekiko oso sentikorrak diren espezie arraro eta hauskorrekin lotzen da. Mendiko ekosistemek biodibertsitate maila handia hartzen dute eta bereziki mehatxatuta daude, banaketa-eremu txikiak, sakabanaketa gaitasun txikiak eta espezializazio fisiologiko eta ekologiko maila altuak dituzten espezieak daudelako. Altuera handiko espezieak izango dira kaltetuenak, izan ere, altitude handitako egoeretara moldatutakoak dira. Hau da, Aralar nahiko mendi baxuez osatutako eremua denez, goragoko eremua behar duten espezieek ez dute izango nora joan eta hauek galtzeko arrisku handia dago; ira-belar urdin piriniarra edo gaitun handia kasua da, arriskuan dauden espezieen zerrendetan sartuta baitaude.

Sakanako harana, adibidez, interes handiko eremua da Aralar eta Urbasa-Andia mendilerroen arteko fauna-loturarako eta ezinbestekoa da habitataren zatiketarekiko sentikortasun berezia duten espezieentzat, kakalardo eremita, baso-igel jauzkaria, okil ertaina edo Bechstein saguzarrarentzat, besteak beste.

Ikerketa ugarik frogatu dute espezieek egoera berriei erantzun diezaieketela, plastikotasun edo erresistentzia ekologikoa deiturikoaren bidez, non aldaketa txikiak egiten dituzten beren morfologian eta funtzioetan; edo mikroeboluzioaren bidez, non mutazio eta egokitzapen-genotipo jakin batzuk hautatzen diren oso belaunaldi gutxitan.

Kontua da ea espezieak nahiko azkar moldatzeko gai izango diren klima aldaketaren erritmoari jarraitzeko eta zatiketari aurre egiteko.

 
 

Tolosaldea

 

Gure bizitza osoa lurzoruaren gainean ematen dugu baina orokorrean kontzientzia maila baxua izaten dugu ingurune bizi eta aldakor bat dela eta horrek ere eragiten gaituela.

Euskadin bertako produktuak asko baloratzen ditugu, eta zer esanik ez Tolosaldean. Nahiz eta eskualdea Industrializatua izan, nekazaritzak bizirik dirau. Baserri gehienek, bere kontsumorako baratza dute, baina haietako zenbaitek asteroko merkatuetan saltzen dituzte ortuariak, Tolosako larunbateko azoka Gipuzkoako aipagarrienetarikoa izanik. Baina, klima aldaketa honek eragin sakon bat ekarri dezake gure lurzoru eta laborantzetan.

Lurzorua biosferaren parte garrantzitsu eta anitzenetarikoa da, eta naturako ekosistema konplexuenetako bat kontsideratzen da: lur osasuntsu gramo bakar batek milioika organismo ditu, elkarreragin eta bizitza posible egiten duten ziklo globaletan laguntzen dutenak.

Gure planetako biodibertsitatearen laurdena hartzen du, elikagaien segurtasunerako eta elikadurarako funtsezko elementua izanik. Kontsumitzen dugun elikagaien % 95a, zuzenean edo zeharka, gure lurretan ekoiztuta dagoela kalkulatzen da. Beraz, kalitateko elikagaiak gure lurzoruak osasuntsu badaude lortu daitezke, bakarrik.

Lurzoruak funtsezkoak dira ekosistemen orekan: iragazki eta motelgailu gisa funtzionatzen dute substantziak atxikitzean, lurpeko eta azaleko urak babesten dituzte agente kaltegarrien sartzetik, eta konposatu organikoak eraldatzen dituzte, deskonposatuz edo egitura aldatuz, mineralizazioa lortuz. Lurzoruek klima-aldaketari aurre egiten eta egokitzen laguntzen dute ere, karbonoaren zikloan paper garrantzitsua betetzen dutelako, karbonoa harrapatuz eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketak murriztuz. Ozeanoen ondoren, lurzorua karbonoaren bigarren hustuleku natural handiena da.

Giza jarduera eta klima aldaketa dela eta, munduko lurzoruen %33a degradatu dela kalkulatzen da. Klima-aldaketaren eraginez espero diren lehorte aldi luzeagoak, prezipitazio bortitzagoak eta tenperatura altuagoak zoru bakoitzaren funtzionamendua eta ohiko emankortasuna arriskuan jar ditzake.

ZER GERTATUKO DA?

Urak eta haizeak, laborantzekin batera, eremua higatzen dute. Klima aldaketa eraginez lurzoruen degradazioa bizkortu egingo da, eta ekosistema jakinetako lurzoruak ez dira osasun egoera egokian egongo ondasun eta zerbitzu arruntak emateko.

Euskadiko lurzoruen mehatxu handienak higadura, zigilatzea, materia organikoaren galera eta zoruko bioaniztasunaren galera dira, eta guzti mehatxu hauei ere klima aldaketak eragingo die. Kontuan hartuta nahiko eremu malkartsuan bizi garela eta euri asko egiten duela, klima aldaketak eragindako higadura areagotzeko arriskua dago.

Etorkizunean, prezipitazio gutxiago espero dira, nahiz eta bortitzagoak izango diren, eta, ondoren, lehorte-aldi luzeak emango dira lurzoruaren ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoetan eraginez. Ekaitz bortitzagoek ere uholde arriskua handituko dute. Uholde eremuko zoruak nahiko erresilenteak dira ohituta daudelako, baina uholde hauek geroz eta handiagoak badira, oraindik eta inpaktu handiagoa jasango dute, bai lurrek zein biztanle eta azpiegiturek, eta hauetatik errekuperatzeko behar den denbora aldatu daiteke.

Lurzoru osasuntsuek zoruko organismoen komunitate anitza dute, landareen gaixotasunei, intsektuei eta belar-txarrei aurre egiten laguntzen dietenak, eta landareen sustraiekin sinbiosi elkarte onuragarriak sortzen dituztenak. Biodibertsitate honi tenperatura igoerak eta prezipitazio alterazioek afektatu egiten diote eta gainera, klima egoera berri honek bestelako espezieak errazago hedatzea balioztatzen duenez, espezie inbaditzaileek eta izurriteek eremua eraldatzen dute eta bere galera areagotuko dute.

Aipatu ditugun aldaketen ondorioz, materia organiko galera azkartu egingo da eta arazoak ekarriko ditu lurraren funtzioetan, zoruko karbono organikoaren galera ekarriko duena. Lurzoru asko karbono-igorle bihurtu ahal dira, egoera klimatikoa larrituz.

Munduan gero eta biztanle gehiago gara eta klima aldaketaren eraginez desplazamenduak emango dira. Euskadin pertsona asko bizi gara oso espazio txikian, eta lurzorua zigilatzen dugu biztanleon beharrak asetzeko. Biztanleriaren portzentaia igotzea espero da, besteak beste, errefuxiatu klimatikoak ere iritsiko direlako. Gure herrietako azoketan, beraz, erosle berriak izango ditugu, baina agian produktu berriak ere.

Kontuan izan behar dugu larrialdi klimatikoko egoera hau berria dela, ez dakigu zehatz mehatz zer gertatuko den, hipotesietan eta eszenatoki probableetan oinarritzen baita. Landareek, ziurrenik, aldaketak izango dituzte klima-aldaketari aurre egiteko, genetikan, hazkundean, loraldietan eta biziraupenean, eta eragin zuzena izango dute haien hazi eta fruituetan. Klima-aldaketara hobeto egokitzen diren barietateak lantzen hasiko gara, eta hasi gara. Aldagarritasun genetikoarekin lotuta dago barietate gutxiago egotea, eta horrek aldakortasun genetikoa galtzea eragingo du, klima-aldaketari aurre egiteko aukera murriztuko du eta gure baratzeen irudia alda dezake.

Hain ezagunak diren Tolosako babarrunak, eta lekaleak orokorrean, klima aldaketaren aurkako aliatu bikainak dira. Lurzoruan nitrogenoa finkatzen oso onak dira, beraz, ongarrien erabilera arrazionalean laguntzen dute eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten dituzte. Baina landare delikatuak dira, eta klimaren aldaketek haien funtzioak eraldatu ditzakete, batez ere, tenperatura altuek eta euriteek.

Planetaren lur azalera mugatua da eta hauen baliabideak mugatuak dira ere. Lurzoruek ekosistemen kontserbazioan duten garrantziaz ohartuta eta honen erabilera iraunkorra eginda elikadura-segurtasuna hobetuko luke, bai eta aldaketa klimatikoaren egoera ere. Hala, euskal sukaldaritzan hain estimatuak diren produktu horiek kontserbatuko genituzke, baina bertakoak izango diren produktu berrien sarrera ere ikusiko dugu.