Back

Artikutza, Donostiako iraunkortasunerako elementua

Gaur egun larrialdi klimatikoan egonik, Artikutzak garrantzi handiagoa hartzen du klima-aldaketaren aurkako borrokan ekartzen duen eta ekar dezakeen guztiagatik. Horiek horrela, Arturok baso zaharrak eta kalitatekoak izateko beharra azpimarratzen du.

Egindako ikerketatik, Artikutzak izan duen bilakaera positiboa azpimarratzen du. Alde horretatik, uste du horrek itxaropenez bete beharko gintuzkeela; izan ere, benetan nahi bada, neurri berean beste leku batzuk berreskuratu ahal izango ditugu. Horri gehitu dio: “Epe luzera uren kalitatea bermatu nahi badugu, Artikutzak jarraitu beharreko bidea erakutsiko digu”. Txostengileak urari lotutako ekosistemen egoera aztertzeak eta Artikutzari buruz ikertzeak duen garrantzia ere azpimarratzen du. Hau da, beste ibai batzuen egoera baloratzeko unean baldintza lorgarriak definitzen lagun diezaguke Artikutzak. Ibaiei dagokienez, uste du neurririk garrantzitsuena presa edo presa txikiak kentzen hastea dela, arrainen eta beste espezie batzuen mugimendua eragozten baitute.

Artikutzak ezkutatzen duen bitxietako bat uretako satorra edo desman piriniarra da. Espezie hori Artikutzan kontserbatu da, baina bertako populazioa ez dago egoera onean, ez baitu loturarik Urumearen arroko beste inongo herrirekin. Hori horrela izanik, esan du espezie horren etorkizuna ziurtatzeko modu lokalean lan egin behar dela, baina baita zabalagoan ere, populazioen arteko harremana bermatzeko asmoz.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ibai naturaletan hildako egurraren tratamendua da. Joera nagusia oztopoak kentzea eta ibilguak garbitzea da, gainezkatzeak eta beste arazo batzuk saihesteko, baina Añarben egin zuten azterketan horrek dakartzan onurak islatzen dituzte. Ibaiertzeko basoko zuhaitzak hiltzen direnean, ibilgura erortzen dira eta modu naturalean antzeko egurrezko presak eta egiturak sortzen dituzte. Horiek garrantzi handia dute, besteak beste, habitatak sortzen dituztelako eta ekosistemen funtzionamendua handitzen dutelako. Horretan ere Artikutza jarraitu beharreko eredua da.

Azkenik, Artikutzaren etorkizuna marrazteko garaian bost alderdi azpimarratzen ditu: naturaren kontserbazioa ahalik eta mailarik gorenean lehenestea, ganadua basotik ateratzea, biodibertsitatearen jarraipena egitea, hura behar bezala kudeatzeko azterlan gehiago egitea, eta haren bilakaera aztertzea.