Back

“Dagoeneko ez gara planeta salbatzeaz ari, krisi klimatikoaren ondorioz arriskuan dauden gizakiez hitz egin behar dugu"

Bere hitzadian zehar eta ondoko elkarrizketan ere Irene Bañosek bereziki nabarmendu zuen hezkuntzak eta ingurumenari buruzko informazioak nolako garrantzia duten herritarrek arazoaren larritasuna uler dezaten. “Ez dira inpaktu abstraktuak soilik, pertsonengan oso eragin zuzenak baizik: klima-aldaketak eragindako migrazioak, goseteak, gaixotasunak eta galera ekonomikoak” azaldu zuen.

Ez gara hartz polarra edo planeta salbatzeaz ari, krisi klimatikoaren ondorioz arriskuan dauden gizakiez baizik. “Ez gara desagertuko, baina onartzeko prest gauden sufrimendu mailan pentsatu behar badugu” zioen, eta “zenbat eta beranduago ekin, ondorioak orduan eta okerragoak izango direla” gehitu zuen.

COP 26 ¿arrakasta edo porrota?

Glasgowko goi-bilerako emaitzak dezepzio pixka bat sortu zuen arren, Irene Baños baikor agertu zen lortutako lorpenengatik. “Asko dago egiteko, baina aurrerapenak egin dira. Aurrerapen horiei buruz oso gutxi hitz egin da komunikabideetan”. Aurrerapen horien artean nabarmendu zen lehen aldiz agerian jarri dela lortu beharreko helburua zein den. Industria-iraultzaren aurreko datuekin alderatuta planetaren tenperatura globala 1,5 gradu baino ez igotzea dela, alegia. Parisko Hitzarmenean itundutakoa baino asmo handiagoa.

Helburu hori lortzeko, Glasglowko Akordioak CO2 emisioak %45 murriztea proposatzen du 2030 baina lehen. Gainera, herrialde sinatzaileek beren helburuak lortzeko planak urtero aurkezteko konpromisoa hartuko dute. Gehien aipatutako gaia, kazetariak adierazi duen moduan, erregai fosilak klima-aldaketaren erantzule direla NBEk antolatutako klima-negoziazioen historian lehen aldiz zuzenean aipatu izana da. Azken unean, baina, ikatzaren erabilera murrizteko beharra adierazi dute, ez erabat deuseztatzekoa. “Berandu gabiltza, gaizki, baina itxaropena ez galtzeko arrazoiak ere baditugu”, esan zuen Irene Bañosek.

Baikortasun hori, “geunden baino hobeto gaudela” pentsatze hori, eko-antsietatea saihesteko lagungarria izan daiteke. Ingurumen hondamendiek ekarri ditzaketen ondorioetan pentsatzeak eta eragozteko ezer egin ahal ez izateak antsietatea ekartzen baitu maiz. Irene Bañosek berak onartzen du “Ecoansias” liburua egunero informazio negatibo ugari jasotzen zuen garaian eta bera ere larrituta sentitzen zenean idatzi zuela. Horregatik planteatzen du ingurumenarekiko ardura hori ekintza klimatiko bihurtzea.

“Baikortasunerako lekua utzi behar da, biltzar horietan ikusten baita zenbat jendek egiten duen lan aldaketaren alde. Porrotik handiena eko-antsietateak sortzen duen porrotak eta bakardadeak irenstea litzateke”, erantsi zuen.

“Titular katastrofista gehiegi plazaratzen dira, baina oso gutxi hitz egiten da egin daitekeenaz, gehiago ahaldundu behar dira herritarrak. Egiten ari dena eta egin daitekeena kontatu behar da”, eta gaineratu zuen frustrazio hori, ingurumeneko hondamendiaren beldur hori “ekintza eraldatzaile bihurtu” daitekeela. Alde horretatik, komunikazioa eta ingurumen-hezkuntza oso garrantzitsuak dira aldaketak lortzen dituzten jarduerak eta ekimenak ezagutarazteko.

Ekoantsietatetik ekintza klimatikora

Irene Bañosek hiru printzipio definitu zituen frustrazioa ekintza klimatiko bihurtzeko:

  1. Inguruan ditugun pertsonei gure kezken berri ematea eta edozein unetan klima-aldaketari buruz hitz egitea, arreta mediatikoa erakarriz eta eguneroko elkarrizketen zati izan dadin lortuz.
  2. Errua uxatzea, dena ondo egiten saiatzea, esate baterako, birziklatzeak edo kontsumo jasangarriak antsietatea sortzen du
  3. Ekintza kolektiboetan parte hartzea, hala nola kontsumo taldeetan, komunitate energetikoetan eta elkarrizketa eta eztabaida programetan.

Hiru printzipio eta ekintza ugari norabide desberdinetan. Azaldu zuenez, “kontsumoa murriztu behar da, ezin da egungo mailekin energia-trantsizioa egin. Ezin dugu errekuntza-auto bakoitza auto elektriko batekin ordezkatu, ez baitago horretarako baliabide edo lehengairik. Askoz sistema zirkularragoa sortu behar dugu”.

Kontsumitzen ditugun produktu guztien ordez bio edo eco zigilua dutenak erotea ere ez da nahikoa, egungo erritmoan kontsumitzen jarraitu ezkero. “Gure kontsumitzeko era ez da jasangarria, produktuak datozen tokitik datozela”. Alde horretatik, lasai ederrean kontsumitzeko iragarritako produktuak aipatu zituen, hala nola bioerregaiak, beste herrialde batzuetan elikadura-krisiak sortzen dituztenak. “Oinarrizko sistema aldatu behar da, eta hori da konplikatua, ez baitago gutxiago kontsumitzeko eskatuko dizun enpresarik”. Ala, ingurumen-hezkuntzaren garrantzia nabarmendu zuen, ekintza klimatikoa eta marketina besterik ez dena bereizteko. “Oinarrizko aldaketa hori enpresak behartzen dituen legeriatik eta ingurumen-hezkuntzatik etorri behar da”.

Gutxiago kontsumitzeak gure bizi-kalitatean eraginik izango ote zuen galderari baietz erantzun zion. “Bizi-kalitate hobea izango genuke beste hazkunde mota batekin. Bizi garen azkartasunak prekarietate handiagoa sortzen duen begizta batean gaude. Bizi-kalitatea gero eta okerragoa da, denbora gutxiago dugu janaria prestatzeko, batetik bestera mugitzeko, eta horrek eragina du kontsumitzen dugun moduan. Gazteak gero eta ezegonkorrago bizi dira. Hazkunde-eredu horrek ez du funtzionatzen”.

Irene Bañosek gogoetarako gai pat proposatu zuen. Lehenbailehen jardun behar dela esan zuen, baina “presa hori poliki kudeatu behar dela. Sortzen, kontsumitzen eta baztertzen dugun erritmoa geldiarazi behar baita”.