Itzuli

Azkar jokatu behar dugu. Gradu bakoitzak garrantzia du

Mikel Gonzalez-Eguinok eman nahi duen mezuaren muinetako bat da "berandu goazela" baina "oraindik lortu dezakegula". BC3 Klima aldaketaren Euskal Zentroko ikerlari seniorra da eta Green Deal: ¿punto de inflexión frente a la crisis climática? Uda Ikastaroaren zuzendarikidea.

"Green Deal europarrak dakartzan inbertsio publikoak energia garbi eta berriztagarrien sustapenera bideratu behar dira, erregai fosilak apurka-apurka alde batera uzteko. Aukera hori ezin dugu galdu", esan du Mikel Gonzalez-Eguinok.  "Europak duela hamarkada batzuetatik lortu du klima politika egonkor eta anbizio handikoa mantentzea. Izan ere, 1990etik isurketak % 20 murriztu ditu ". Oso garrantzitsua da EBk bere konpromisoari eta lidergoari eustea. USAk bere apustua egin du eta Txinak 2060an isurketak 0ra murriztuko dituela iragarri du. Glasgowen promes horiek guztiak nola zehaztu diren ikusiko dugu.

IPCCaren azken txostenak dioenez, klimaren inertziagatik beragatik 1,5º gehiago izatera iritsiko gara, baina CO2aren emisioak zorrotz murrizten baditugu, denbora izango genuke mende honetan 1,5 º hori berreskuratzeko.  Aukera dagoen moduan atsekabe sentsazioa ere badago. "Zientziatik beti argi eta zuzen jokatu behar dugu, egia kontatu behar dugu, beraz, krisiaren egoera larria dela adierazi behar dugu, eta trantsizioa ere ez dela erraza izango une batzuetan, baina baita posible dela ere. Egoera konplexua eta zaila denez, ez dugu ezkorrak izateko aukerarik. Gure onena eman behar dugu, eta gobernuei eskatu behar diegu beharrezkoak diren politika publiko guztiak indartzea IPCCak aurreikusten dituen egoerarik txarrenak saihesteko. Gradu hamarren bakoitzak garrantzia du.

Bide baikorraren alde eginez, baina baita posibilistaren alde ere, Mikel González-Eguinok honako hau esan zuen: "Egungo teknologiekin CO2 isurketen % 80 deskarboniza genezake, eta kasu askotan energia fosilena baino kostu txikiagoan.  Energiaren sektorean, berriztagarriak fosilak baino merkeagoak dira. Mugikortasunean, auto elektriko baten kilometroko kostua errekuntzako batena baino txikiagoa da.

Energia berriztagarriak elektrizitatea ekoizteko erabiltzeak, energia aurrezteak eta efizientziak, eta erabilera energetiko askoren elektrifikazioak % 80 murriztu ditzakete isurketak.

Beste % 20a hidrogeno berdearekin edo CO2a atzitzeko eta biltegiratzeko teknologiekin irekitzen diren itxaropenen esku egon daiteke, eta, oso garrantzitsua da ere, baso-soiltzea gelditu eta karbono-hustutegi naturalak handitzea.

Berrikuntza teknologikoa funtsezkoa da, bai eta gizarte-politiken berrikuntza ere, trantsizio energetikoa bidezkoa izan dadin. Horrek erregulatuko du trantsizioaren abiadura.

Trantsizio energetikoak erritmo desberdinak behar ditu eskualdeen arabera. Herrialde bakoitzak eragin dituen isurketak desberdinak dira, garapen-maila eta maniobratzeko gaitasuna ere desberdinak dira. EBk zero isurketa garbien helburua planteatzen du 2050erako. Txinak 2060rako konpromisoa hartzea oso garrantzitsua da, Europak eta AEBk batera baino gehiago isurtzen duelako. 1300 milioi biztanle dituen Indiak ia ez du emisiorik egiten eta bere egoerara egokitu behar du. Erantzukizunak komunak dira, baina desberdinak.

Mikel Gonzalez-Eguinoren ustez, mundu mailan ematen ari diren mobilizazioak, batez ere gazteenak, itxaropenerako arrazoi dira, eta gizarteak gero eta eskaera gehiago ditu, "Gero eta hobeto ulertzen baititu krisi klimatikoaren ondorioak, eta espero dut ekintza sendoagoak eskatuko dituela krisi klimatikoa geldiarazteko".

Gure esku dago aldaketa horien maila kontrolatzea, eta horregatik ezinbestekoa da erregai fosilak pixkanaka alde batera uztea. "Horrek gure ohiturak eta gure kontsumo eta garapen eredua aldatzea ere badakar, onartu egin beharko dugu. Orain eta etorkizunean hobeto bizitzea da helburua, ez gero eta gehiago kontsumitzea".