Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaiera
Azalpena
Udako Ikastaro honetan Joseba Sarrionandiaren sorkuntza izango dugu hizpide, eta horretarako, egilea bera izango dugu gure artean. Xede nagusia Sarrionandiaren unibertso literarioaz hausnar egitea da, eta ikastaroan zehar, haren testuei buruz pentsamendua eraikitzea. Bi egun iraungo duen plaza xumea sortu nahi dugu. Finean, autorearekin, adituekin, eta zer esana duten irakurleekin auzolanean, Sarrionandiaren sorkuntzaz gogoeta egiteko gunea izango da.
Izatez, gure idazle bizkaitar-habanarrak ez du inolako aurkezpenen beharrik. Pott Bandaren hondarretan argitaratu zituen lehendabiziko poema eta narrazio haietatik, 2022. urtean barrena, ezin genezake Euskal Literaturaz hitz egin Sarrionandiaren ekarpena aipatu barik. Bere ibilbide literarioa biziki oparoa da; euskal literaturari ia urtero lan berri bat eman dion idazluma joria dugu Josebarena.
Hamarkadaz hamarkada hainbat literatur sariketetan sarituak izan dira haren lanak. 1980ko hamarkadan Ignacio Aldekoa saria, Resurrección Maria Azkue saria eta Bilboko Udalaren ipuin lehiaketa irabazi zituen, Maggie, indazu kamamila, Izuen gordelekuetan barrena, eta Enperadore eroa lanengatik, hurrenez hurren. Kritika Saria birritan irabazi du; Atabala eta euria lanagatik 1986. urtean, eta Lagun izoztua eleberriagatik, milurteko berriaren hasieran. Azkenik, Moroak gara behelaino artean? saiakeragatik Euskadi Saria jaso zuen, 2011. urtean. Saritutako horiez gain, ezin ahantzi genitzake Ni ez naiz hemengoa (1985), Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Marginalia (1988), Gartzelako poemak (1992), Hnuy illa nyha majah yahoo (1995), Kolosala izango da (2003), edota Habanako gaukariak (2018 – 2020 trilogia). Halaber, Sarrionandiak argitaratutako liburuen zerrenda luzeagoa da. Horrez gain, euskarara ekarri ditu, maisuki ekarri ere, T.S Eliot, Coleridge, Fernando Pessoa, Kavafis lako autoreen testuak. Bere irakurleak ditu egile batek sari kuttunenak, eta horretan, zalantza izpirik gabe, aspalditik da Sarrionandia saridun.
Helburuak
Joseba Sarrionandiaren sorkuntza lana aztertzea.
Sarrionandiaren literatur ibilbideaz hausnar egitea.-
Sarrionandiaren sorkuntza lanez gozatzea.
Euskal literaturaren azken hamarkadetako bilakaeraz gogoeta egitea, Sarrionandiaren ibilbidea ardatz harturik.
Jarduera nori zuzenduta
- Unibertsitateko ikaslea
- Unibertsitarioak ez diren ikasleak
- Irakasleak
- Profesionalak
- Publiko orokorra
Kolaboratzaileak
Programa
2022-07-18
Erregistroa
Mari Jose Olaziregi eta Nerea Eizagirre: ikastaroaren irekiera
Inaugurazio instituzionala. Parte hartzeko ordena:
- Beatriz Zabalondo Loidi | UPV/EHU - Bizkaiko Campuseko Euskara eta Kultura zuzendaria
- Xabier Arauzo Uriarte | Bizkaiko Foru Aldundia - Euskara zuzendari nagusia
“Sarrionandiaren herbeste literarioa: kontrapuntuzko idazkerarantz“
- Nerea Eizagirre Telleria | UPV/EHU eta University of Nevada, Reno - Doktoregaia
Hitzaldia
- Joseba Sarrionandia Uribelarrea | Idazlea
Atsedena
“Poesia dena eta ez dena (ez diren gauzak ere badirelako)“
- Leire Bilbao Barruetabeña | Idazlea
“Tradutore tradittore. Sarrionandiaren liburutegian barna“
- Aiora Jaka Irizar | Elkar (Zoom bidez parte hartuko du)
Sintesia
“Ines Osinaga & Joseba Sarrionandia: "Olatu arteko txalupa arraroa". Letrak eta doinuak elkarrizketan. “
- Inés Osinaga Urizar | Musikaria
- Joseba Sarrionandia Uribelarrea | Idazlea
2022-07-19
“Sarrionandiaren "Narrazio guztiak" berrirakurtzen“
- Mikel Ayerbe Sudupe | UPV/EHU - Irakaslea
“Kalaportuko marinela. J. Sarrionandiaren itsasoetan barna “
- Eider Rodriguez Martin | UPV/EHU - Irakaslea eta idazlea
Atsedena
“Bizitzan artekatutako liburuak“
- Joseba Sarrionandia Uribelarrea | Idazlea
“Ruper Ordorika & Joseba Sarrionandia: "Memoriaren mapa". Abesti batzuen inguruko elkarrizketa“
- Ruper Ordorika Ezkurdia | Musikaria
- Joseba Sarrionandia Uribelarrea | Idazlea
Zuzendariak
Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, 1963) Euskal Filologian doktore eta literatura irakasle katedraduna UPV/EHUn. Atzerriko hainbat unibertsitatetan irakatsi du, hala nola, Center for Basque Studies-en (2007-9) (University of Nevada, Reno, AEB), Universität Konstanz (2009-10) (Alemania), University of Chicago (2015-6) eta CUNYren Graduate Centerren (2014-15; 2016-17; 2020-2021). Studies in Fiction Masterra burutu zuen Erresuma Batuko University of East Anglian. 2004tik Center for Basque Studies-eko Basque Literature Series sailaren zuzendaria da eta 2003tik Euskaltzain Urgazle. 2010etik 2016ra Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria izan zen. Lantzen dituen arloen artean, Euskal eta Iberiar Literaturaren Historia eta Kritika, Literatura Konparatua, Genero Ikasketak eta Ikasketa Kulturalak aipa genitzake. 11 liburu, editatutako beste 18, liburuetako 92 atal baino gehiago edo 81 artikulu aldizkari zientifikoetan ditu argitaratuak. Hainbat Unibertsitateko ikertaldetako kide da (“Celt”, “Liter21” eta “Lijmi” (Universidad de Santiago de Compostela), edo Red de Investigadores Memory and Narration (U. Aarhus). 2012tik MHLI Ikertalde Kontsolidatua zuzentzen du.
Nerea Eizagirre Telleria
EHU
Nerea Eizagirre Telleria (Zumaia, 1992). Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan graduatua (UB). Euskal Ikasketen programako doktoregaia da egun; EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen (HEIS) eta Renoko Unibertsitateko "Center for Basque Studies" sailen artean idazten ari da tesia, kotutoretzan.
Hizlariak
Mikel Ayerbe Sudupe
EHU
Mikel Ayerbe Sudupe, literatura irakasle eta kritikaria (Azpeitia, 1980). Euskal Filologian (EHU-UPV) eta Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatu zen (UB). Literatura Konparatuan eta Literatur ikasketetan doktore, "Euskal literatura garaikidea kritika genetikoaren argitan: Aresti, Sarrionandia, Saizarbitoria eta Atxagaren idazlanen sorkuntza prozesua aztergai" izeneko tesia idatzi zuen. Egun Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen saileko irakaslea da EHUn. Hainbat ikerketa eta lan argitaratu ditu euskal literaturaren inguruan eta "Nuestras guerras: relatos sobre los conflictos vascos" antologiaren editore izan da, besteak beste".
Leire Bilbao Barruetabeña
Leire Bilbao (Ondarroa 1978) Gazte zelarik bertsotan aritu ondoren, 2006an eman zuen jauzia literatur mundura Ezkatak (Susa, 2006) bere lehen poema liburuarekin. Ondoren etorri ziren Scanner (Susa, 2011), Entre escamas poema liburu elebiduna (Marisma, 2018) eta Etxeko urak (Susa, 2020) bere azken poema liburua. Antologia ezberdinetan aurki daitezke bere poemak eta dozena bat hizkuntzatara ere itzuliak izan dira. Kantu ere bihurtu izan dira eta espreski hainbat letra ere idatzi ditu diska ezberdinetarako. Itzulpenei dagokienez, Nijolè Miliauskaitè-ren obra eman du euskarara (Munduko poesia kaierak, 2016), baita beste zenbait poeta garaikideren poemak ere. Haur eta gazte literaturari dagokionez hogei lanetik gora argitaratu ditu. Horietariko zenbait sarituak. Kasurako 2017an Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria jaso zuen Xomorropoemak poema liburuarengatik. Baita 2019ko Kirico saria ere.
Aiora Jaka Irizar
Euskal Herriko Unibertsitatea, Irakaslea
Aiora Jaka Irizarrek (Donostia, 1982) Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen Gasteizko Letren Fakultatean. Graduondoko ikasketak Erresuma Batuan, Quebecen eta Alemanian egin ondoren, 2011n Joseba Sarrionandiaren itzulpengintzari buruzko tesia aurkeztu zuen EHUn. Hainbat lanbidetan aritua da (itzulpengintzan, hiztegigintzan, irakaskuntzan, interpretazio komunitarioan...) Euskal Herrian nahiz atzerrian, eta gaur egun ELKAR argitaletxean dihardu editore. Mario Benedetti, Mo Yan, Juliana Léveillé-Trudel, Ibon Martin eta Yan Lianke euskaratu ditu, besteak beste.
Ruper Ordorika Ezkurdia
Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956ko) euskal abeslaria da, euskal musikari berritzaile eta nazioartekoenetakoa, hala rock eta pop musikan nola beste estilo batzuetan. Euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk garrantzitsuenetakoa da. 1980ko hamarkadan Pott Bandaren sortzaileetako bat izan zen, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin. Musika arloan herri kantaren tradizioa eta rock egilearen nortasuna batu ditu, bere erara. 1980. urteaz geroztik, bakarlari gisa hamaika disko sortzeaz gain, Euskal Herriko nahiz nazioarteko musikariekin lan egin du maiz. Horrez gain, Hiru Truku taldea sortu zuen Joseba Tapia eta Bixente Martinez musikariekin.
Inés Osinaga Urizar
Ines Osinaga Urizar (Arrasate, Gipuzkoa, 1982) musikaria eta plazandrea da. Eskusoinua jotzen du eta irakaslea ere bada. Gose musika taldeko abeslaria izan zen. Lehenago, Ekon eta Bad F-Line taldeetan aritua zen. Trikitia erabiltzen zuen Gose taldean, musika elektronikoarekin batzen aitzindaria izanik.
Eider Rodriguez Martin
H
Eider Rodriguez Martin 1977, Errenteria-Orereta. Publizitate eta Zinema ikasketak egin ditu eta Literaturan doktore da. Editore eta gidoilari lanetan jardundakoa, egun EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika saileko irakasle da. Lau ipuin-liburu kaleratu ditu: Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) Katu jendea (Elkar, 2010) eta Bihotz handiegia (Susa, 2017). Ipuinaz gain, literatur genero gehiago ere jorratu ditu: itzulpena, Irene Nemirovskyren Le bal (Dantzaldia) (Txalaparta, 2006); saiakera literarioa, Itsasoa da bide bakarra. Joseba Sarrionandia irakurriz (Utriusque Vasconiae, 2014) eta Idazleen gorputzak: egiletasuna ezbaian literaturaren joko-zelaian(Susa, 2019), komikia, Santa Familia (Ikastolen Elkartea-Xabiroi, 2017), besteak beste.
Joseba Sarrionandia Uribelarrea
Joseba Sarrionandia Uribelarrea, idazlea (Iurreta, 1958). Euskal Filologian lizentziatu zen Bilboko Deustuko Unibertsitatean, eta euskara irakasle lan egin zuen. Bergarako UNEDen fonetika irakasle izan zen eta Habanako Unibertsitatean ere irakasle aritu zen. Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin eta Oh! Euzkadi aldizkarietan eman zituen argitara bere lehen lanak, eta Pott Bandako kideetako bat izan zen. Euskaltzain urgazlea, Ibaizabal aldizkariaren sortzaileetako bat ere izan zen. 1980an gatibu hartu zuten, eta 1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin zuen. Kuban ia lau hamarkada luzeko erbestealdiaren ostean, 2021. urteko udaberrian itzuli zen Euskal Herrira. Sarrionandiaren ibilbide literarioa biziki oparoa da. Hamarkadaz hamarkada hainbat literatur sariketetan sarituak izan dira haren lanak. Eta haren hainbat liburu, Izuen gordelekuetan barrena (1981), Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa (1985), Marginalia (1988), Kartzelako poemak (1992), Hnuy illa nyha majah yahoo (1995), Lagun izoztua (2001), Kolosala izango da (2003), edota Moroak gara behelaino artean? (2010), besteak beste, euskal literatura garaikidearen baitako libururik irakurrienetakoak dira.
Matrikula prezioak
Aurrez aurre | 2022-07-18 arte |
---|---|
80,00 EUR | |
68,00 EUR | |
56,00 EUR | |
68,00 EUR | |
68,00 EUR | |
68,00 EUR | |
68,00 EUR | |
0 EUR |
Online zuzenean | 2022-07-18 arte |
---|---|
80,00 EUR | |
68,00 EUR | |
56,00 EUR | |
68,00 EUR | |
68,00 EUR | |
68,00 EUR | |
68,00 EUR | |
0 EUR |
Kokalekua
Bizkaia Aretoa-UPV/EHU
Abandoibarra etorbidea. 48009- Bilbo
Bizkaia
Bizkaia Aretoa-UPV/EHU
Abandoibarra etorbidea. 48009- Bilbo
Bizkaia