Itzuli

Zer egin dezakegu?

Klima aldaketa gaur egun dugun arazo konplexuenetarikoa da. Horrek hainbat dimentsiotako erabakiak hartzea dakar, ekonomia, gizarte eta politika mailan, galdera etiko eta moralak ere planteatzen dituelarik. Arazoa globala da, baina tokian tokiko eskaletan sentitzen ari garena, hamarkadetan eta mendeetan zehar ere iraungo duena (NASA, 2020).

Oro har, klima-aldaketari aurre egin ahal izateko bi estrategia-mota ditugu: arintzea eta egokitzea. Arintzea (mitigazioa) atmosferako berotegi-efektuak eragiten dituzten gasen isurketak murriztean (adibidez, erregai fosilen erretzea argi indarra lortzeko edo garraiorako edo berotzeko) eta gas horien kontzentrazioa egonkortzean datza, edo baita gas horiek pilatu eta biltegiratzen dituzten hobiak areagotzean (hala nola, ozeano, baso eta lurzoruan). Egokitzea, bizia aldatzen ari den klimara moldatzean datza, dagoeneko edo espero den etorkizuneko klima-aldaketara doitzean, hain zezen ere. Helburua da egokitzearen bitartez gure zaurgarritasuna eragin kaltegarriekiko (adibidez, itsas mailaren igoera, muturreko gertakari klimatiko biziagoak edo elikagai ziurtasun eza egotea) murriztea eta klima aldaketarekin sortu daitezkeen aukera onuragarriak ahalik eta gehien aprobetxatzea (adibidez, hazkunde denboraldi luzeagoak edo zenbait eskualdetan ekoizpen handiagoak lortzea) (NASA, 2020).

Naturak ez du mugarik eta modu desberdinean banatuta daugo planeta osoan zehar. Horrek eskatzen digu eskualde eta nazioen artean lankidetzan aritzea, guztion eskura dugun habitat eta komunitate biologikoak zaindu eta babesteko orduan arrakasta izan nahi badugu. Horregatik, 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko 17 Helburuen (GIH) eta haien 169 helmugen garrantzia azpimarratu behar da hemen, Nazio Batuetako estatu kideek lortutako akordioaren emaitza direnak (Lövin, d.g.).

Klima-aldaketak gure ozeano eta lurretan duen eragina arintzeko, ezinbestekoa da Lurraren berotzea 2ºC-tik behera mantentzea eta, gehienez 1,5ºC-ra iristea, Pariseko Akordioan ezarritakoaren arabera (IPCC, 2018). CO2 emisioak berehala eta modu drastikoan murrizteak denbora emango du ozeanoen, ekosistemen eta espezieen erresilientzia indartzeko, hau da, klima-aldaketaren ondorio negatiboetara eta gure ozeanoetan eragiten duten asaldura-faktore saihestezinetara egokitzeko gaitasuna indartzeko.

Era berean, biodibertsitatearen eta ekosistemen babesa indartzeko neurri zorrotzak hartu behar dira. Gainera, klima-aldaketaren ondorioak kontuan hartu behar dira espezie mehatxatuen ebaluazioetan eta hartu beharreko neurriei buruzko aholkularitzan ere (Lövin, d.g.).

Honen harira, arintze eta egokitze planak martxan jarri daitezke. URBAN KLIMA 2050, adibidez, Euskadi mailan aurrera eramaten ari den proiektu bat da, zeina Europar Batasunak LIFE programaren bidez finantzatzen duen. Honen erronka nagusiak dira ekintzak diseinatzea 2030erako BEG isuriak % 40era murrizteko, 2050erako gas horien isuriak % 50era murrizteko eta energia berriztagarrien kontsumoa % 40ra igotzeko, euskal lurraldearen erresilientzia ziurtatu ahal izateko (Urbanklima2050.eu, d.g.).
Gobernuek eta instituzioek kontuan hartu behar dituzte ekonomiako sektore desberdinak arintze plan eta ekintza desberdin hauek aurrera eramateko.
Klima-aldaketa arinduko duten energia-sistemak lortzeko hiru lan-ildo identifikatzen dira: 1) Energia-sektorearen deskarbonizazioa; 2) Azken energia-eskaera murriztea; 3) Karbono gutxiko erregaietara aldatzea, elektrizitatea barne, azken energia kontsumitzen duten sektoreetan. Eta, nola ez, hauek lortzeko oso garrantzitsua da energia berriztagarriak bultzatzea eta hauen emari eta banaketan hobekuntzak ematea (Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente, 2015).

Garraioaren sektorean oso garrantzitsua da ibilgailuen erregaiaren aprobetxamendua handitzea, edota hibridatzera edo bioerregaietara jotzea. Garrantzitsua da, baita, garraio publikoa eta garraio ez motorizatua bultzatzea. Bestalde, eraikuntzaren sektorean, azpiegiturak egiteko garaian haien efizientzia ahalik eta altuena izatea lortu behar da (arkitektura jasangarria egin, besteak beste). Industria sektorean teknologia berriak txertatzen joatea gomendatzen da, bero eta energia berreskuraketak egitea eta baita materialaren berrerabilpena eta birziklapena areagotzea. Noski, CO2 emisioen kontrola eraman beharko da. Bestetik, nekazaritzan oso garrantzitsua izango da lurraren kudeaketa egoki bat egitea, izan ere, honek lurrak karbono gordekin bezala potentzial handiagoa izaten lagunduko du. Ongarrietan ere aldaketak egin beharko dira, nitrogenatuak badira, teknikak hobetuz N2O emisioak murrizteko. Abeltzaintzaren kasuan azienda eta simaurraren kudeaketa oso garrantzitsua izango da metano emisioak murrizteko. Azkenik, hondakinen sektorean hondakin organikoak konpostatzea eta bestelakoak birziklatzea eta minimizatzea helburu garrantzitsuak dira, baita, zabortegietan metano hondakinak berreskuratzea edota hondakinak erraustu behar badira, prozesuan energia berreskuratzea (IPCC, 2007).

Noski sektore hauek ere egokitu egin beharko dira klima aldaketara, eta bi estrategia hauetarako funtsezko printzipioa eraginkortasuna da. Orokorrean, energia-iturri garbiak eta berriztagarriak aprobetxatu, erregai fosilen erabilera murriztu, lurzoruen erabilera antolatu, hondakinak aprobetxatu eta gure hiriak birdefinitu beharko genituzke, besteak beste.

Dena den, konponbideak ez dira etorriko sektore ekonomiko desberdinetatik bakarrik, funtsezkotzat jotzen delako gizartearen jokabidea ere aldatzea, gutariko bakoitzak ohiturak eta jarduteko moduak aldatuz. Egoera honek gure egunerokotasunean jokabide jasangarriak eta ikuspegi ekologikoago bat izatea eskatzen du, gure inpaktuetaz kontziente izatea, gure mundua zaindu eta mantendu ahal izateko. Norberak hartzen dituen jarrera politiko zein pertsonalak erabakigarriak dira politika klimatiko bat egin eta erronkei aurre egiteko ekintzak burutzeko. Horregatik etxetik eta egunerokotasunean hainbat aldaketa txiki egin ditzakegu, jokabide horiek gizarte osoan zehar hedatzen badira, aldaketa oso garrantzitsu bat ekar ditzaketenak CO2 isurketak murrizteko. Ekintza hauen artean, besteak beste, ondorengoak ditugu: zaborra ondo kudeatzea, birziklatzea eta berrerabiltzea oso garrantzitsuak direlako; energia berdeetarantz jotzea eta honen kontsumo arduratsu bat egitea; garraio publikoa ahalik eta gehien erabiltzea eta autoa hartu behar badugu efizientziaz gidatzea; arduraz eta modu jasangarrian erostea edota turismo arduratsu bat egitea; ur beroa eta klimatizazioa arduraz erabiltzea, etxetresnak A etiketazkoak aukeratzea ahal den neurrian, paper eta kartoi gutxiago erabiltzea, etxea edo ibilgailua erosi behar bada kontuan izatea ziurtagiri energetikoa edota erregai alternatiboa darabiltenak direla, etorkizunaz arduratzen diren markak erosten saiatzea eta autokontsumoa eta elikagai ekologikoak bultzatzea (Ihobe, 2019).

Hauek eta gehiago egin ditzakegu, batzuk oso errazak suertatuko zaizkigu, besteak zailagoak. Batzuk eragin handiagoa izango dute eta beste batzuk ez hainbestekoa, baina denak garrantzitsuak. Edonola ere, etorkizuna gure esku dago, etorkizuneko ingurunea guk orainaldian nola jokatzen dugunaren araberakoa izango da.