Itzuli

“Oso zaila da zehazki jakitea zer gertatuko den eta non"

Elisa Sainz de Murieta geologian doktorea da eta klima-aldaketaren inpaktuak ikertzen ditu, baita ingurumen-politikak eta egokitzeko neurriak ere, beti ikuspuntu sozioekonomiko batetik ikusita. Galdera sinple batekin abiatu du hitzaldia: non gaude orain?

Galdera horrek erantzun asko ditu, eta Sainz de Murieta oinarrizko informaziotik abiatu da. NASAk egindako modelizazioak aurkeztu zituen ikusteko zein izan den planetaren tenperaturaren bilakaera XIX. mendeko bukaeratik. “Argi ikusten da berotze orokorra gertatzen dela. Baina ez toki guztietan berdin: ipar hemisferioa hego hemisferioa baino gehiago berotu da” esaten du.  

Sainz de Murietak zabaldu nahi duen ideietako bat da zientziak eskaintzen digun informazioa gakoa dela arazo honetan. Ebidentzia zientifiko nagusien zerrenda bat aurkeztu du: tenperaturaren erregistroa batetik, Artikoko itsas-izotz geruzaren eta glaziarren hedaduraren murrizketa bestetik eta, azkenik, itsas mailaren igoera.

Artikoko itsas-izotzaren hedadura geroz eta murritzagoa izan dela azaltzen du. Eta glaziarretan ere ikusten da. Haien masa-balantzea neurtzen da, hau da, jasotzen duen izotzaren eta galtzen duenaren arteko aldea. “Argi ikusten da izotz-masan galera netoa dagoela” dio Sainz de Murietak.

Bestetik deigarria da itsas mailaren datuek adierazten dutena. “Itsas maila igotzen ari da. Azken 7.000 urteetan itsas maila egonkorra izan da, baina XX. mendean igotzen hasi da. Urteko 2 milimetro igo da, gutxi gorabehera. Eta dagoeneko 20 zentimetro baino gehiago igo da. Gainera, 1993tik hona satelite bidezko neurketa zehatzak daude, eta ikusten da azelerazio bat itsas mailaren igoeran. Dagoeneko urteko 3,5 milimetro igotzen ari da”.

Zergatik gertatzen da hau guztia? Bada, berotegi efektuarengatik. “Prozesu naturala da” gogorarazten du Sainz de Murietak. “Hari esker dugu bizia Lurrean. Badaude berotegi-efektua eragiten duten hainbat gas. Gas horien kontzentrazioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta irradiazio gehiago gordetzen du atmosferak, eta orduan eta gehiago handitzen da tenperatura”. Noski, arazoa da gas batzuen kasuan, naturalak baino isuri handiagoak eragin dituela gizakiak, eta ondorioz oso azkar handitu dela planetaren tenperatura.

“Zenbatekoa izan da gure aztarna? Bada, XIX. mendera arte, CO2ren kontzentrazioa atmosferan 280 ppm izan da, gutxi gorabehera” esaten du Sainz de Murietak. “Geroztik azkar igo da, eta 2021ean 420 ppm-ko muga gainditu izan da. Badakigu aldaketa hori ez dela naturala, azken 800.000 urtetan ez baita inoiz gainditu 300 ppm-ko balioa”. Ondorioz, tenperatura bera handitzeaz gain, itsas maila igotzea ekartzen du horrek. Eta bero-boladak eta itsasoko denborale bortitzak ugaritzen ari dira. Horrekin batera uholde-arriskua, higadura edo, esate baterako, koralaren zuritzea bezalako eraginak ugaritzen ari dira.

Sainz de Murietaren ikerketa ekonomiaren ikuspuntuan oinarrituta dago. “Hau dirutan ere kuantifikatu daiteke” esaten du. “Adibidez, Europako barne produktu gordina neurtuta ikusten da  tenperatura igo ahala, kalte ekonomikoa handitu daitekeela. Jakina, ziurgabetasuna dago proiekzioetan, baina COACCH europar ikerketa proiektuaren analisi baten arabera kaltea isurpen murrizketaren araberakoa izango da. Aurreikuspena da, oro har, Europako hegoaldeak gehiago sufrituko duela iparraldeak baino. Eta EAEren kasuan, bilakaera ona ez bada, 2050erako klima-aldaketak eragindako kaltea BPGren % 3koa izan daiteke”.

Garapen bidean dauden herrialdeetan, galerak oso handiak izan daitezke. Oro har, isurketa gutxieneko lurraldeetan, eragin handiena jasoko dute. “Berdin du zeinek isurtzen duen zenbat. Atmosferan CO2a sakabanatzen denez, arazo globala da” azpimarratu du Sainz de Murietak. “Eta globalki egin behar diogu aurre”.

2015ean Parisko akordioa sinatu zuten. Hiru helburu zituen. Lehenengoa da munduko batez besteko tenperatura igoera 1,5 gradura mugatzea mende bukaerara arte. Bigarrena inpaktuei egokitzeko gaitasuna handitzea eta erresilientzia sustatzea. Eta hirugarrena da aurreko bi helburuei erantzuteko finantza-fluxuak bideratzea.

Nola? Munduan oro har isurpen gehien energiaren esparruan sortzen dira. “Euskal Autonomia Erkidegoan, proportzio hori isurpenen heren bat da. Beste heren bat garraioaren esparrutik datoz. Eta gainerako herena etxebizitzak, nekazaritza eta abeltzaintzatik eta hondakinetatik datoz” dio Sainz de Murietak. “Energia nola sortzen dugun eraldatu beharko dugu. Energia onena da kontsumitzen ez dena”.

Azaldu duenez, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko neurriak oso garrantzitsuak izango dira. Aditu batzuen ustez, inbertsio handienak arlo honetan gertatu behar dira. Gainera, garraio eredua aldatu beharko da. “Gakoa elektrifikazioa da, baina gure ohiturak ere berrikusi beharko ditugu” dio. Nekazaritza arloak abeltzaintza eta basogintza ere barneratzen du. Euskal Herrian ez daude isurpen asko, baina munduan isurpenen % 25a dator esparru horretatik. Beraz, deforestazioa eta nekazaritzarekin lotutako praktika batzuekin erlazionatutako neurri batzuk ere hartu beharko dira.

Baina Sainz de Murietaren ustez, isuriak murrizteaz gain, beste ahalegin bat ere egin behar da. “Saiatu behar dugu tenperaturaren igoera ahalik eta txikiena izaten, baina hala ere, aurrera doazen inpaktuei aurre egiteko ere prestatu behar gara”.

Hasteko, ekosistemek eskaintzen dizkigute aukerak egokitzapenerako. Padurak adibidez, itsas maila igo ahal egokitu daitezke, sedimentu-fluxu nahikoa baldin badute eta itsas maila poliki igotzen bada. Itsasoa azkar igotzen bada, gaitasun hori galduko genuke.

Gainera, gune urbanoetan azpiegiturak sortu beharko genituzke. “Adibide bat Londresko Tamesis ibaian dagoen babes-hesi bat da” azaldu du Sainz de Murietak. “Ireki eta itxi egiten den hesia da, uholdeei aurre egiteko. Berez, 1980ko azpiegitura bat da, baina duela hamar urte inguru klima-aldaketaren ondorioei erantzuteko berrikusten hasi ziren. Egokitzapen-bide bat definitu zuten ikusita itsas mailaren joera zein zen etorkizunean”.

Noski, iragarpenak egitea zaila da. “Ziurgabetasun handia dago proiekzioetan” dio Sainz de Murietak. “Oso zaila da zehazki jakitea zer gertatuko den eta non, baina badakigu joerak zein diren eta baditugu neurri malguak klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko, hau da, egoera ezberdinetara erantzungo dieten neurriak”.

Kopenhageko hirian, adibidez, parke bat egin dute euri-jasa bortitzak jasaten dituztenerako, han arazo handiak izaten direlako. Parkea “beste edozein parke bezala erabil daiteke, baina euri-jasa bortitzak daudenean, gaitasuna dauka urak batzeko, eta ura korronte batean bideratzeko”: Inpaktua txikitzeko soluzioak dira. Gainera, egokitzapen neurri hauek beste abantaila bat dute, alegia, “herriz herri egin daitezkeen zerbait da, eta herriz herri egin behar den zerbait da. Herri bakoitzak erronka ezberdinak izango ditu. Kostaldeko herriek erronka batzuk izango dituzte, tarteka uholdeak dituztenak beste batzuk eta barnekoek, Arabako hegoaldeko herriek adibidez, seguraski lehorteekin eta ur-baliabideekin beste erronka batzuk izango dituzte”.

Sainz de Murietak ekarpen positibo bat ere egin du. COACCH proiektuaren baitan ikusi dute klima-politikek onura batzuk ere ekartzen dituela, eta kuantifikatu egin dira onura horiek zenbatekoak diren. “Europan 2050 urtean egokitzapena egiten ez bada, itsas mailaren gorakadaren kalte ekonomikoak urtero 115.000 eta 310.000 milioi euro artekoak izan daitezke. Egokitzapen neurriak egiten badira, aldiz, kalteak 28.000 eta 44.000 milioi eurora murriztuko lirateke. Onura ekonomiko handiak eragiten ditu egokitzapenak, beraz. Kalkulu bera egin dute ibaietako uholdeen arriskuari dagokionean. Egokitu ezean, kalteak 70.000 milioi ingurukoak izango lirateke, eta neurriak hartuz gero, aldiz, 27.000 milioikoak. Beste eragin batzuen kalteak ere kalkulatu dira, baina azken batean, “zientziak behin eta berriro erakutsi du klima-aldaketari aurre egitea, inpaktuak eta ondorioak jasotzea baino merkeagoa dela. Eta ez bakarrik merkeagoa; gizarteari eta ingurumenari dagokionez ere hobea dela” dio Sainz de Murietak. “Azkenean, isurpenen murrizketak (ekiditea deritzoguna), inbertitutako euro bakoitzarengatik 1,9 euro itzultzen digu. Gure klima babestea klima kaltetzea baino onura bikoitza ekartzen dizkigu”.

Aztertzen den beste arazo bat klima-politikak eta beste neurri batzuen arteko lotura da, airearen kalitatearena adibidez. Hirietan aire kalitatea hobetzea eta klima-aldaketari erantzutea elkarrekin doazen neurriak dira. Beraz, klimaren arazoari aurre egiteak beste arazoren soluzioak ere ekar litzateke. “Badakigu aire-kutsadurak jendearen osasunean nolako ondorioak dituen” esaten du.

Sainz de Murietak azken mezu batekin bukatu du, alegia, trantsizio honetan ezin dugula ahulenak ahaztu, kalteberatasun handiena dutenak. Dei bat egin behar da gogorarazteko klima-aldaketak gehiago kaltetzen dituela ahulenak, eta, beraz, arreta berezia eskatzen du horrek klima-politikak definitzeko garaian.