Mugaz gaindiko Uda Ikastaroetan izena emateko epea zabaldu da
Hirugarren edizioa 2024ko uztailaren 15etik 19ra izango da Baionan.
- Askotariko gaiei buruzko 11 ikastaro programatu dira, doan, Cité des Arts unibertsitate eskolan.
- Uztailaren hasieran Saltillo eskola-ontzian itsasaldi bat egingo da, eta herritarrentzako irekitako online eskainiko diren jarduerak egingo dira geldialdi bakoitzean.
Bi urtetan izandako esperientzia aberasgarriari segida emanez, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak ospatuko dira 2024ko uztailaren erdialdera Baionan, eta, ikastaroen izpiritua lehen lerrora ekarriz, mugaz gaindiko unibertsitate-aliantzek eskualdeen motor gisa duten eragina aztertuz emango zaie hasiera uztailaren 15ean.
Izan ere, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak mugaz gaindiko herritarrei, ikaslegoari eta mundu akademikoari zuzendurik daude eta agerian jarri nahi dute unibertsitateek eginkizun proaktibo bat dutela, Europako mugaz gaindiko beste eremu batzuetan lortu den moduan, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-arloan kohesionatuagoa dagoen mugaz gaindiko gune bat sortzeko orduan.
Programa honen xedea da parte hartzen duten unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortutako ezagutza zabaltzea, bai eta erakunde publikoen plan estrategikoak hedatzea ere, Euroeskualdean ezagutzan oinarritutako ekonomia bat garatze aldera, zeinak berrikuntza eta teknologia berriak balio erantsia sortzeko tresna katalizatzaile gisa kokatuko dituen.
Ikastaroetako hizkuntzak Euroeskualdeko hiru ofizialak izango dira (euskara, frantsesa eta gaztelania), baita ingelesa ere, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren balioa azpimarratzeko. Aurrez aurre egingo dira eta, gainera, programazioaren zati bat online ikusi ahal izango da zuzenean.
Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetza
Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin. Egitasmoa erakunde guzti hauen lankidetzaren emaitza da:
l’Université de Bordeaux (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa, l’Université Bordeaux Montaigne (UBM), l’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA/NUP), Euskampus Fundazioa, CNRS/IKER zentroa eta Maison des Sciences de l’Homme de Bordeaux (MSH Bx). Halaber, mugaz gaindiko tokiko erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Communauté d’Agglomération Pays Basque eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearena.
Hamaika ikastaroz osaturiko programa
Lehenengo bi edizioek agerian utzi zuten ekimen hau oso eraginkorra dela kulturartekoa eta eleaniztuna den ezagutza zabaltzeko gune estrategiko eta nodo gisa. Gainera, ezagutzak partekatu eta topaketa-sareak sortzeko xedean, mugak gainditzeko gaitasuna duela erakutsi zuen, epe labur, ertain eta luzera aukera eta proposamen berriak ekar ditzaten.
Hirugarren edizioa ere norabide berean ardaztu da, 2024ko uztailaren 15etik 19ra izango da eta 11 ikastaro programatu dira. Arestian aipatu bezala, mugaz gaindiko unibertsitate-aliantzek eskualdeen motor gisa duten eragina aztertuz emango zaie hasiera eta, bost egunetan, askotariko gaiak izango dira hizpide Baionako Cité des Arts unibertsitate eskolan.
Hizkuntzalaritzari lotutako 3 ikastaro izango dira: Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika berrirako urratsak aztertuko dira, hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntza parte-hartze aktiboan oinarrituta mugaz bi aldeetan sustatu diren esperientziak ezagutuko dira eta egun bizirik dauden euskalkien egoeraren argazki orokorra eta alorrean dabiltzan ikertzaile gazteen lana azaleratuko dira.
Jasangarritasunari eta ingurugiroari loturiko gaiak aztertuko dira. Alde batetik elikadura sistema izango da hizpide etorkizunari begira euskal gastronomiarako jasangarritasuna eta lankidetza ereduak mahai gainean jarriz; bestetik, euskal kostaldeko biodibertsitatearen egoera eta mugaren bi aldeetan itsas ingurunea babesteko neurriez ariko dira gaian adituak eta, gainera, aldaketa globalaren aurrean landa-eremuen ezaugarri bereizgarriei eta berezko arazoei buruz hausnartuko da.
Gizarte gaiei erreparatuz, munduko egoera desberdinetan oinarrituz mugaren izaeraz eta eraginaz hausnartuko da eta etxebizitza publikoaren politikaren oinarri nagusietako batzuk berrikusiko dira mugaren bi aldeetan nola aplikatzen den aztertuz eta mugaz gaindiko herritarren parte-hartzeari buruzko esperientziak eta egitasmoak ezagutzera emango dira.
Kultur alorrari dagokionez ondarearen sustapenean eta babesari lotuta desagertzeko arriskuan dagoen irundako argizariaren ekoizpenari lotutako ezagutza teknikoak nabarmenduko dira.
SALTILLO eskola-ontzian zeharkaldia
Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen baitan, SALTILLO eskola-ontzian egingo den itsas ibilbidearen bidez itsas ingurunearen osasunaren aldeko mugaz gaindiko azterketa egingo da uztailaren 2tik 5era. Helburua, unibertsitateentzat eta mugaz gaindiko itsasertzeko ingurune sozioekonomikorako garrantzitsuak diren ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetan egiten den lan zientifikoa, prestakuntzazkoa eta dibulgaziokoa ezagutaraztea da.
UPV/EHUko eta Bordeaux Unibertsitateko ikasle hautatuek 2 eguneko zeharkaldi osoa egingo dute Saltillo eskola-ontzian. Joan-etorria egingo da Santurtziko EHUko Ingeniaritza Eskolako eta Nautikako Prestakuntzako egoitzaren eta Plentziako Itsas Estazioaren (UPV/EHU) artean, eta, zeharkaldiarekin batera itsas ingurunearen osasunarekin lotutako hitzaldi magistralak eskainiko dira aurrez aurre eta online, doan, interesatu ororentzat.
Izenemate epea zabalik ikastaroak ospatuko diren egunera arte
Matrikula maiatzaren 14tik aurrera egongo da zabalik. Izen-ematea doan da. Informazioa eta matrikula: www.uik.eus