Itzuli

Manuel Castañón: “Bada garaia ingurumen-zuzenbideari belaunaldien arteko izaera emateko, gizakiaren biziraupena bermatzeko”

“Gaur egun bizi garenok hartzen ditugun erabakiek eragina izan dezakete urte, hamarkada edo mende batzuen barruan jaiotzen direnen bizitzan eta eskubideetan” azaldu zuen Manuel Castañón del Vallek, ingurumen-zuzenbidean espezializatutako abokatuak, “Etorkizuneko belaunaldien ingurumen-babesa” hitzaldian. Donostia Sustainability Forumen izan zen hitzaldia, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin.

Manuel Castañónek ingurumen-zuzenbidearen paradigma aldatzearen alde egin zuen, etorkizuneko belaunaldien babesa kontuan hartuta. Haren ustez, “ingurumen-zuzenbide helduak jauzia eman behar du kalitateari dagokionez, eta erantzuten ari ez garen hainbat galderari erantzun behar die. Horietako bat da ingurunea babesteko arau berrietan belaunaldiartekotasuna txertatzeko erronka. Bada garaia ingurumen-eskubideari belaunaldiarteko izaera emateko, helburu bat betetze aldera: gizakiaren biziraupena”.

“Ikusi dudanez, gutxienez, nazioarteko 34 hitzarmenek, eta, gutxienez, mundu osoko 14 konstituziok aitortzen dituzte espresuki etorkizuneko belaunaldiak beren hitzaurre eta artikuluetan”, gaineratu zuen Manuel Castañónek.

Era berean, jaiotzeke dauden belaunaldiei nortasun juridikoa ematea garrantzitsua dela azpimarratu zuen. Horri esker, ingurumen-zuzenbideak lege-tresna eraginkorrak izango lituzke etorkizunean biziko diren pertsonen eskubideak defendatzeko. Ildo horretan, eta zuzenbidearen munduan “erresistentziak” daudela ikusita, entitate abstraktuek jada nortasun juridikoa dutela azaldu zuen; adibidez, naturak edo, Espainiako kasuan, Mar Menor albuferak.

Manuel Castañónek defendatzen duen ingurumen-zuzenbidearen paradigma-aldaketa gauzatzeko, funtsezkoa da etorkizuneko belaunaldien defendatzailearen figura; Galesen eta Maltan arrakastaz ezarri da. “Figura horren funtzioa etorkizuneko belaunaldien interesak zaintzea da, eta proiektuak eta legeak berrikustea, haien eskubideak kaltetzen ez dituztela ziurtatzeko”. “Defendatzaile horiek salaketak jasotzeaz gain, ingurumen-kaltea ikusten dutenean, urraketa hori etorkizuneko belaunaldien izenean salatzen dute”, gaineratu zuen.

Horrez gain, Manuel Castañónek jakinarazi zuen presaz jokatu behar dela biodibertsitatearen galeraren eta antzeko errealitateen aurrean, baliabide genetikoak babestearen garrantzia erakusten baitu, baita klima-aldaketa beraren aurrean ere, horren ondorioak gero eta biziagoak izango baitira.

Erronka horren aurrean, Castañónek eztabaida sozial eta politikoa sortzeko beharra planteatu zuen, ingurumen-zuzenbidearen hedapen hori sustatzeko. Esan zuenez, gizarteak “asmo handiko proiektu berrien, lege berrien eta datozen erronka berriei erantzuteko modu berrien ideiarekin ohitzen hasi behar du”. Haren iritziz, aldaketa hori ingurumen-babesa belaunaldiartekoa izatean datza, etorkizuneko belaunaldien eskubideak aitortuko dituena eta horiek defendatuko dituzten erakunde berrietan oinarrituko dena.

Ikusi hitzaldi osoa