Itzuli

Lara Ferreiro, “bidaia emozionala 4 urtaroetan zehar”

Harremanak kudeatzeko eta toxikotasunetik aldentzeko gakoak partekatu ditu psikologoak.

Adicto a un gilipollas liburuaren egilea den psikologo entzutetsuak ponentzia bat eman zuen Donostiako Miramar Jauregian egin zen “Las relaciones emocionales, en la era digital” ikastaroan. Hitzaldian zehar, sare sozialek gure harremanetan dituzten eraginak, maitasunaren bost hizkuntzak eta harreman toxikoak identifikatu eta gailentzea bezalako gaiak jorratu zituen.

Zer iritzi duzu gaur egun sare sozialen bitartez harremanak egiteko dugun moduaz?

Nire ustetan, era egokian erabiltzen badira, oso positiboak dira sare sozialak eta aplikazioak. Adibide gisan ligatzeko aplikazioak daude, hauen bitartez ez balitz, bertan ezagutzen diren pertsonen gehiengoa ez litzateke ezagutuko.

Arazoa gaizki erabiltzetik eta adikzioa sortzetik dator. Azken finean, beste batzuekin elkartzen garenean momentu oro mugikorrari konektatuta egoten gara, hizketa-lagunari beharrean.

Hitzaldian amodioan 5 hizkuntza daudela aipatu zenuen, azaltzerik badituzu?

Gary Chapmanen Los 5 Lenguajes del amor liburuan oinarritutako teorema bat da, maitasuna jaso eta emateko 5 forma azaltzen dituena.

Lehenengoa, kontaktu fisikoa maitatzea da. Bigarrena, baieztapen hitzak jasotzea gustatzea. Hirugarrena, opariak jasotzea gustuko izatea. Laugarrena, zerbitzu egintzak estimatzea. Eta bosgarrena, kalitatezko denbora baloratzea. Gutako bakoitzak gure bikotearengandik maitasuna nola jaso nahi dugun pentsatu behar dugu. Nik, adibidez, ukipen fisikoa maite dut eta gustuko ditut gizon eztitsuak. Bere maitasuna ekintzen bitartez ematen badit, arropa garbitegira eramaten adibidez, ez dut berak bidali nahi didan maitasun mezu hori jasoko. Horrexegatik garrantzitsua da bikoteekin maitasun hizkuntza partekatzea, eztabaidak sor ez daitezen.

Zer gomendio emango zenioke harremana moztu nahi duen baina nola egin ez dakien bikote bati?

Lehenik eta behin, harremana toxikoa izan den ala ez identifikatu behar da. Hori eginda, fase ezberdinak dituen dolu prozesu bat igaro behar da. Gorrotoa eta amorrua pasata, harremanera itzultzeko gogoa izaten da eta beste pertsona bat ez topatzearen edo bakarrik gelditzearen beldurra ere helduko da.

Fase horietatik igaro eta gero, moldaketa aldi bat egin behar da: mugikorreko argazkiak borratu, etxetik bikotekide ohia gogorarazten diguten oroitzapenak kendu, harreman hausturan laguntzeko lagun bat aingeru bilakatu (berari deitzeko, bikote ohiari beharrean) eta harreman toxikoa izan bada, zero kontaktua deitzen dena beharrezkoa da, batzuetan bestea blokeatzeraino.

Aurrekoaz gain, sare sozialetatik aldentzea oso garrantzitsua da bertan ikusi nahi ez diren gauzak ikus baitaitezke edo adikzioa sor baitezakete.

Zer eragin izan dezake harreman bat bukatu eta jarraian beste batekin hasteak?

Gaztelaniaz bada esaldi bat harreman berri batek aurrekoa gainditzeko balio duela dioena, baina ez da hala. Harreman bat amaitzean, beharrezkoa da dolu fase bat igarotzea, osatu eta ikasi ahal izateko. Ez bada ezer ikasten, aurretik egindako patroi toxikoak errepikatzeko aukera oso altua da. Horregatik da garrantzitsua hausnarketa bat egitea haustura eta gero eta jakitea dolu fase horrek hiru eta sei hilabete artean iraun dezakeela. Haurrak izanez gero eta dibortzioa gogorra bada, dolu horrek bi urte ere iraun ditzake. Aipatutako dolu hori igaro ostean, beste harremanetarako prest egon zaitezke baina patxadaz hartu beharreko kontua da.

Hitzaldian lau urtaroez mintzatu zinen, zeinetan izaten dira harreman-gatazka gehien?

Harreman-haustura gehien gertatzen diren hilabetea iraila da. Bikote asko daude oporren ostean elkarrekin jarraitzeko gogorik ez dutela ohartzen direnak. Oporretan 24 orduak elkarrekin pasatzeak eztabaida eta borroka gehiago edukitzea eragiten du. Horren adierazgarri da irailaren ostean urtarrila izatea harreman-haustura gehien dituena, Gabonetako oporraldia pasata. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 10 bikote-ezkondutik 7 banandu egiten dira egun.

Zure hitzaldian emakumeek errua euren buruari egozten diotela zenion, zein gomendio emango zenieke jarrera hori aldatzeko?

Garrantzitsuena zeure buruari ondo hitz egitea da. Adibidetzat, Julio Iglesiasekin harreman bat badut eta adarrak ipintzen badizkit, itsusiegia eta ergela naizelako izango dela pentsatuko nuke. Hori ez da horrela, agian bera horrelakoa da emakume guztiekin eta arazoa ez da gurea, berea baizik. Honexegatik da garrantzitsua hitz onekin mintzatzea geure buruaz eta harremana toxikoa bada ahalik eta azkarren amaitzea horrekin eta bizitzan aurrera egitea, behin dolua pasata.

Nola jabetu daiteke pertsona bat harreman toxiko batean dagoela?

Harreman toxikoan zaudela identifikatzea oso erraza da. Negar egiten baduzu, sufritzen baduzu, gaizki bazaude… emakumeon hamarretik zazpik bizitzan behin gutxienez harreman toxiko bat izan edo izango dugu. Askok esaten didate FBIko agente sentitzen direla, bikotekidearen sare sozialak une oro kontsultatu behar dituztela, erotzen ari direla sentitzen dutela, maitasun eskean ibili behar dutela… horiek harreman toxiko batean egotearen zantzuak dira.

Munduan zortzi mila milioi pertsona gara, ondoan duzun pertsonak behar duzuna eskaintzen ez badizu, muga bat ipini beharra duzu eta harreman horrekin amaitu. Baina iraganeko traumen ondorioz jarrera zalantzagarriak badituzu, jeloskortasun zentzugabea baduzu; hau da, pertsona toxikoa zu bazara, terapiara etortzea gomendatuko nizuke.

Azkenik, Adicto a un gilipollas zure liburuari buruz pare bat hitz esaterik bai?

Nire liburua harreman toxikoei buruzkoa da eta liburu aitzindari bat da, harreman toxiko batetik aldentzea erakusten dizulako. Alkoholetik eta drogetatik aldentzeko programak dauden bezala, nik amodio toxikotik aldentzeko programa bat egin dut; aipatutako beste bi programa horiek bezala, desintoxikatzea delako helburua.

Adikzio emozionalaz dihardudanean, zuk, harreman toxiko batean murgilduta zaudela jakinda ere, harreman horretatik nola alde egin ez jakiteaz ari naiz. Zure kasua hori bada, Adicto a un gilipollas zure liburua da. Gainera, Espainian, Errusian eta Polonian bestseller bilakatu da, orain arte inork ez baitu adikzio emozionala jorratu liburu batean.

Egun ohikoa da menpekotasun emozionala kontzeptua entzutea era negatiboan, baina nire ikuspuntutik beharrezkoa da, bestela denok psikopatak ginateke. Baina dena bezala, ona da bere neurrian, menpekoegi bilakatzean azaltzen baitira adikzioak eta orduan ikusten zara harreman toxiko batean kateatuta.