Itzuli

BERRIKAS DEZAGUN

UPV/EHUko Uda Ikastaroek 40 urte beteko dituzte etorkizunari buruzko gogoeta egitera gonbidatuz

BBVA Fundazioaren Bilboko egoitza historikoan, Eva Ferreira UPV/EHUko errektore eta Uda Ikastaroen presidenteak, BBVA Fundazioaren zuzendariak eta Itziar Alkorta  Uda ikastaroen zuzendari akademikoak Uda Ikastaroen 40. edizioa aurkeztu dute. 

Berriro ikasteko prest egotea… horixe da pandemia honek utziko digun legatuetako bat. “Ikasi” hitza izan baldin bada UPV/EHUren Uda Ikastaroen 40 urteen ildo nagusia, aurtengo edizioan esanahi berezia hartuko du kontzeptu horrek. Beste modu batean ikasi behar dugu, edo beharbada ikasi behar dugu ahaztu duguna edo albo batera utzi duguna. Urte eta erdian bakarrik, errealitateak jarri gaitu gure ziurgarritasunaren, mugen eta izaeraren ispiluaren aurrean.

40 urteetan, gure eginkizuna izan da beti eztabaidatzea munduan gertatzen denari buruz, haren arazoei eta aurrerabideei buruz. Horretan jarraitzen badugu ere, uste dugu gure ikaskuntza prozesuan eginiko jauziek kanporantz eta barrurantz izan behar dutela. Pandemiaren irakaspenetako bat da.

2020ko udan, UPV/EHUko Uda Ikastaroek indarra eta sendotasuna erakutsi zuten. Beste batzuek amore eman zuten; guk, aldiz, irmo eutsi genion gure ibilbideari. Asko ikasi behar izan genuen, erreakzionatzeko eta geure burua birkokatzeko mundu desberdin batean. Esperientzia hori erabil dezakegu RNA mezularia-ren moduan. Uste dugu biralak izan gaitezkeela, eta tresna izan gaitezkeela gure ikastaroek mezua transmiti diezaioten gizarteari. Geure burua birkokatu behar dugu, eta UPV/EHUko Uda Ikastaroek zeregin hori bete behar dute.  

Edizio honetan, berriro ere, bi modalitatetan eskainiko dugu gure programazioa: presentziala eta zuzeneko on-line. Bigarren modalitate horrek oso ondo funtzionatu zuen 2020an eta aukera eman zigun geografikoki urrun zeuden ikasleengana heltzeko (jada hurbilekotzat ditugunak, elkar ezagutzen hasi baikara). Oztopoak gainditu ditugu eta orain bost kontinenteetara iristen gara.

Gure eskaintza zazpi erronketan oinarritzen da. Horietako bakoitzean, ikastaro bat aipatuko dugu haren eskaintza aberats eta askotarikoaren erakusgarri gisa.

Hezkuntza, gizartea garatzeko faktore gisa. Zer eta nola irakatsi. Ikasten ikastea eta irakasten ikastea. Esperientzia onenetatik ikasiz, eta arreta haurrengan ipiniz, haiek baitira gizarte bidezkoago, jasangarriago eta, beraz, aberatsago bat eraiki behar dutenak. Desberdintasunean oinarritutako gizarte bat gizarteiraunkorgarria ez dela ikastea.

“Eskolaren erronka digitalak” bezalako ikastaroek aukera emango digute gogoeta egiteko etorkizuneko eskolaren gaitasun digitalei buruz.

Zahartzea. Gizarte zahartu batean bizi gara, eta gero eta zaharragoa izango da. Hori lorpentzat ere har daiteke. Dena dela, nola bizi nahi dugu gure zahartzaroa? Zer zaintza eredu nahi dugu? Nola birpentsatu gure bizilekuak, hirian nahiz landa eremuan, sozialki jasangarria izango den bizikidetza lortzeko? Lehen mailako profesionalak eta akademikoak arduratuko dira ikastaro hauek eta beste batzuk (hala nola Belaunaldien Arteko Itunari buruzkoa) zuzentzeaz.

Ingurumen, ekonomia eta gizarte iraunkortasuna. Behartuta gaude goitik behera birplanteatzera gure bizi estiloak, ingurumena babesteko. Ohitura zaharrak berreskuratzea eta teknologia berrien bidez eguneratzea. iraunkortasun ekonomikoa, ezin delako ate bat itxi beste bat ireki gabe, eta gizarte iraunkorgarritasuna, gure kulturak ere birpentsatu behar ditugulako. Gai horiek eta beste batzuk aztertuko dira BC3 zentroak “Green Deal: inflexio puntua krisi klimatikoaren aurrean?” izenburupean emango duen uda ikastaroan.

UPV/EHUko Uda Ikastaroek sustatutako Donostia Sustainability Forum plataformatik, hainbat proposamen mahai gaineratuko dira uda honetan (laster azalduko ditugu haien edukiak).

Pandemia. COVID-19ak ezustean harrapatu gintuen eta bat-batean dena irauli zuen. Gure zaurgarritasunaz ohartu ginen, gure buztinezko oinarriez eta akats handiez. Ezkutuan zeuden errealitateak azaleratu ziren, eta dar-dar batean jarri zituzten gure aurrerabidearen zutabeak, gure osasun sistema eta gure balio moralen eskala. Ikasi egin behar dugu, begirada norabide egokian jartzen berrikasi. Berrikasi, adibidez, osasun publikoa pertsona guztiak barne hartzen dituen kontzeptua dela. Beste proposamen batzuen artean, Gipuzkoako Erizainen Elkargoak eta UPV/EHUk funtsezko ikuspegiak azalduko dituzte bizi izan dugun errealitatearen alderdi etikoei buruz.

Gobernantza. Pandemiak agerian utzi ditu gure egitura politikoaren arrakalak, herritarren agintariekiko urruntasuna, haien konfiantzarik eza, arau juridikoen hutsuneak eta zaharkitzea, Europaren eta Espainiako estatuaren erronka direnak. Behin eta berriz aldarrikatu den “kogobernantza” protagonistetako bat izango da edizio honetan.

Generoa. Urte gehiegi igaro dira mugimendu sufragista eta feminista jaio zenetik. Lema asko aldarrikatu dira, baina beharbada arazoa da dagoeneko eslogan bihurtu direla. Kontua da helburu horietan sakontzea, kamiseta baterako eslogan huts izan ez daitezen, errealitate bihurtuko diren proposamenak baizik. 

Emakunderen proposamenak arreta ipiniko du zaintza erdigunean jarriko duen gizarte bat eraikitzeko egin behar diren urratsetan.

Euskal kultura. Duela gutxi berpiztu egin da euskaldunon antzinatasunari buruzko polemika. Polemika horren oihartzuna bildu nahi duen ikastaro bat izango dugu: euskara Antzinaroan. Gainera, Mintzolaren eta beste euskal sortzaile batzuen esperientziei ere erreparatuko diegu.

Berrikasteko prozesu honetan, badakigu ZUK eta NIK pentsaera desberdinak ditugula eta ZU eta NI, solasaldi lasai batean, ondorio desberdinetara iritsiko garela. Partekatu egingo dugula eta, beraz, ikasi egingo dugula.

Motor txiki horrek bultatzen gaitu Topaguneak mantentzera. Edizio honetan, 6 izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuaren eskutik antolatuko diren topaguneak, metodologia parte hartzaile horiek sustraitzeko gure buruko baratzeetan.

Gure 40. urteurrenean, jasotzen dugunagatik erantzun nahi dugu, eta Iparragirreren mezua bete, “Eman ta zabal zazu”, Chillidak horren maisuki jaso zuena UPV/EHUren logoan, Uda Ikastaroena ere badena. 

2021eko programa aberats hau osatzeko, ezinbestekoa izan da ikastaro guztien arduradunen lankidetza, baita gure babesle eta bidaideen laguntza ere: BBVA Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.

Gainera, nabarmendu nahi dugu 2020ko edizio zailean parte hartu zuten 10.074 pertsonen ekarpena. Gaur hemen proposamen berri batekin bagaude, haiei esker ere izan da.

Gaur zabalduko da UPV/EHUko Uda Ikastaroen 40. edizioaren matrikula aldia.