43. edizioak UPV/EHUko Uda Ikastaroak ezagutza eta hausnarketa garaikidea zabaltzeko erreferentziazko gune direla nabarmendu du
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Uda Ikastaroen 43. edizioak oso balantze positiboarekin itxi du bere zikloa, gogoetarako, ikaskuntzarako eta interakzio akademiko eta sozialerako funtsezko foro gisa duen rola berretsiz.
Gaur Miramar Jauregian egindako agerraldian, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak edizio honetako emaitzak aurkeztu dituzte, proposatutako helburuen lorpena eta komunitatean sortutako eragin positiboa azpimarratuz.
Parte-hartzearen balantzea aurreko edizioan baino nabarmen handiagoa izan da, guztira 13.894 parte-hartzaile izan baitira, 2023an izandako12.840ko kopurua gaindituz.
Agustin Erkizia Gipuzkoako errektoreordearen hitzetan “partehartzaileen gehitzeak Uda Ikastaroak erreferente akademiko eta kultural gisa finkatu direla eta gero eta publiko zabalagoa eta anitzagoa erakartzen dutela erakusten du”. 2024ko edizioko eskaintzak 188 jarduera izan ditu eta, batez beste, 61,52 parte-hartzaile izan dira ikastaro bakoitzeko. Datuek agerian jarri dute proposatutako programak interes handia eragin duela.
Itziar Alkorta zuzendari akademikoak UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) ikuspegi inklusiboa aintzat hartuz eta, aldi berean, euskararen presentzia indartuz, gizartean eragina duen kalitatezko programa garaikide bat sustatzeko duen konpromisoa nabarmendu du. “Pozik gaude edizio hasieran planteatutako helburuak lortu ditugulako eta UIK ezagutzaren transferentzia eta eztabaida kritikorako topagune gisa sendotu delako”, adierazi du Alkortak.
Parte hartzea sustatuz
Metodologiari erreparatuz, ia jarduera guztiak aurrez aurre egiteko aldeko apustua egin da, eta, aldi berean, fisikoki bertaratu ezin izan dutenek online parte hartzeko baliabideak jarri dira. Ohiko formatuez gain, ikaskuntza-ingurune interaktiboagoa bultzatu asmoz, 26 jarduera espezifikotan parte-hartzea eta eztabaida sustatzeko metodologiak erabili dira. Ekimen horien artean, nabarmentzekoak dira TopaGune proiektuak barne hartzen dituen lau ikastaroak. TopaGune proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker bultzatu da, eta, horrek herritarrentzako topagune eta elkarrizketarako gune irekiak sortzea ahalbidetu du.
Elkarlanean gauzatutako programa
Dibertsitatea izan da aurtengo egitarau zabal eta erakargarria harilkatzen duen hitz amankomuna. Landutako gai eta ikuspegien aniztasuna eta askotariko aditu eta ikasleen presentzia 280 entitatez osatutako lankidetza-sare sendo baten elkarlanaren ondorioa izan da. Erakunde akademikoak, instituzio publikoak, profesionalen elkarteak eta gizarte zibileko eragileak dira besteak beste aliantza sare horren parte. Programaren bikaintasunari lagundu dioten kolaboratzaile ugarien ezagutzak eta esperientziak bildu dira eta horrek jardueretako edukien gaitegi aberatsa eta diziplina arteko ikuspegia ekarri du berarekin. Bestalde, UPV/EHUko programa-batzordearen eta UIKko lantaldearen arteko ahalegin koordinatuak edizio hau arrakastaz gauzatzea ahalbidetu du.
Azken jarduerak eta aurrera begirakoak
Datozen egunetan emango zaie amaiera 2024ko edizioaren baitan antolaturiko jarduerei. Urriaren 7an eta 8an Donostian, Informatika Fakultatean eta UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan egingo den Adimen artifiziala eta zuzenbidea: erronka tekniko eta juridikoei buruzko jardunaldia izango da edizio honi amaiera emango dion ekitaldi nabarmenetako bat. Era berean, jasangarritasunaren eta erronka globalen inguruko azterketa eta eztabaidarako gune gisa sendotutako Donostia Sustainability Forumak hiru jarduera ireki hartuko ditu urtearen amaierara arte.
Etorkizunera begira jarrita, berehala hasiko dira 2025eko edizioaren antolaketa lanak. Programa berria osatzeko proposamenak azaro osoan zehar aurkeztu ahalko dira, eta ideiak proposatzeko eta ekimen akademiko eta sozial hau garatzen laguntzeko interesa duten pertsona eta entitate guztiek ateak zabalik dituzte.
Kolaboratzaile eta babesleei esker onez
Edizio honen amaieran, UPV/EHUko Udako Ikastaroen antolakuntzatik gure esker ona adierazi nahi diegu Antolakuntza Batzordea osatzen duten erakundeei, ezagutzaren zabalkundean etengabe emandako laguntzagatik: BBVA Fundazioa, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Era berean, egindako ekarpena aitortu eta esker ona adierazi nahi diogu Bizitzaren Bidaia zikloa babesten duen Irizarri, eta, nola ez, ikastaroetako zuzendari eta hizlariei zein UIKk antolatutako jardueretan parte hartu duten ikasle guztiei.
Eskerrik asko guztioi ezagutzarekiko duzuen konpromisoagatik eta UIK akademiaren eremuan zein gizartean oro har erreferentziazko espazio gisa finkatzeko indar-emariarengatik. 2024ko edizioa arrakastaz amaitu berritan ekingo diegu UPV/EHUko Uda Ikastaroen 44. edizioaren prestaketa lanei.