Back

Renato Opertti: “Ikasgeletan pentsamentu kritikorik eta aniztasunik gabe, ezinezkoa da benetan askea, demokrata eta inklusiboa den gizarte bat lortzea”

Belaunaldi berrien heziketan pentsamendu kritikoaren eta inklusioaren garrantzia azpimarratu du soziologoak

Irailaren hasieran, Donostiako Miramar Jauregian, ponentzia bat eman zuen Consejo de Asesores de la Organización de Estados Iberoamericanos (OEI) erakundeko lehendakaria den eta Uruguaiko Unibertsitate Katolikoan eta UNESCOn hezkuntzan aditua den Renato Operttik. Hitzaldi horretan, heziketaren lehen faseetan pentsamendu kritikoa, aniztasuna eta inklusioa sustatzearen garrantzia jorratu zuen.

Bada arrazoi zehatzik hezkuntzaren arloan murgil zintezen?

Irakaslez jositako familia batetik nator, uruguaitarren gehiengoa bezala. Nabarmentzekoa da andereñoen kopurua nabarmen handiagoa zela maisuenarekin alderatuta. Nire kasuan adibidez, nire aita unibertsitateko irakaslea zen eta horrek pasioa sortu zidan hezkuntza, liburu, liburutegi eta irakurzaletasunarekiko gazte-gaztetatik. Pertsona hobeez jositakoa, gertukoagoa, inklusiboagoa, bizikidetza hobeagoa eta baloreek balio gehiago duten gizarte bat sortzeko bidea hezkuntza dela ulertzen lagundu zidan horrek. Hezkuntzari daukan garrantzia ematen lagundu zidan; benetan uste dudalako, testuinguru eta egoerak edozein direlarik, hezkuntzatik abiatzen dela gizartearen ongizatea eta norbanakoen garapena. Hezkuntza zentzu sozial batetik ulertzen dut nik.

Eta zure ikasle garaian, ba al zen hezkuntza-sisteman gustatzen ez zitzaizun zerbait?

Bai, noski. Humanitatearekin zituen loturak gustatzen zitzaizkidan: etika, filosofia, soziologia, literatura… Denborarekin jabetu nintzen horien artean egiten zen bereizketa zela gustatzen ez zitzaidana. Adibidez, bazen jendea fisika edo kimika gustukoa zuena baina filosofía, historia edo geografia ikastea gogoko ez zuena. Honen bitartez adierazi nahi dut, ikasketa garaian ikasgai bakoitza indibidualki ikusten genuela eta ez genituela elkar elikatzen zen multzo baten moduan ikusten. Denboraren poderioz, hezkuntzaren gakoa soltean zeuden atal horiek konektatzean zegoela jabetu nintzen. Hori faltan sumatu nuen arren, ikaskideekin eta eskolarekin harreman oso ona izan nuen eta dut oraindik.

Gustuko nituen atalekin konektatzeko unea oso berezia izan zen, Uruguai momentu horretan, batez ere bigarren hezkuntzan, diktadura erregimen baten menpe baitzegoen. Gero, egoera aldatu zen eta formazio eta askatasun garai bat bizi izan nuen, hein batean lizeoko zuzendariari esker. Zuzendariaz gain, irakasle askok lagundu zidaten bizitzari buruzko ikuspuntuari begira.

Hezkuntza-sistema hobetu dela esango zenuke?

Nire ustez, hezkuntza sistemak garapenik ez duela izan esatea onartezina da. Hezkuntza zabaldu eta hobetu da eta jendearen bizitza hobetzea lortu du. Hala ere, arazo endemiko bat duela ere ukaezina da. Gaur egun munduan gertatzen diren aldaketak disruptiboak dira, norbanako eta gizartea sistemikoki eta esponentzialki eraldatzen dutenak. Eta hezkuntza oso kontserbatzailea izan ohi da, aurretik zegoena mantentzeko joera baitu sarri.

DNAren aldaketak edo dimentsio handiko aldaketak gertatzen ari diren mundu batean, hezkuntza moldatu egin behar da, gazteek aurrerapenak eta garapen pertsonala izan dezaten. Desoreka hor dagoela iruditzen zait, aldaketa konstantean dagoen mundu baten eta zurrun mantentzen den heziketa baten artean.

Azpimarratu beharreko beste puntu bat hezkuntzak ikasleei zirrara sorrarazteko ezintasuna duela da. Egun; oinarrizko heziketa, alfabetizazioa eta hizkuntzetan, zientzietan, gizarte hezkuntzetan, humanitateetan… gutxieneko maila bat beharrezkotzat ikusten diren arren, ikasleek ez dute ikasteko grinarik.

Oso zaila da herrialde edo gizarte batek aurrerapauso nabarmenak ematea bere ikasleek zientzietan edo hizkuntzetan maila apala izanik. Ikasketen orratza mugitzea lan astuna da, geroz eta ikasleri anitzagoa eta interes ezberdin gehiago daudelako eta gazteriarekin konektatzea kostatzen ari delako. Kostatzen ari zaiguna enpatia sorrarazten duten proposamenak topatzea da, hor baitago gakoa. Belaunaldi-arteko enpatia topatu ezean, ez da irakaspenik egiteko aukerarik.

Ikasgeletan adimen artifizialaren erabilera areagotu dela ikusi da, zer deritzozu? Ikasketa-prozesua hobe dezakeela uste duzu?

Egun adimen artifiziala Internet, inprenta edo beste teknologia batzuk bere garaian izan ziren gauza bera da, erraminta bat. Hezkuntzarako baliagarria izan dadin, garrantzitsua da hasieratik hezkuntzarekin zein helburu dugun finkatzea. Hori argi izanez gero, adimen artifizialak helburu hori lortzeko nola lagun gaitzakeen pentsatu behar da.

Guretzat auzia ez dago adimen artifizialean, gizakion adimena sustatzeko honen erabileran baizik. Adimen artifiziala nahi dugunerako nola erabil dezakegun jakitean dago gakoa, helburua ez delako gure pentsatzeko gaitasuna ordezkatzea, baizik eta gure pentsamenduen sakontasuna areagotzean. Arazoak identifikatzean, hauentzat konponbideak topatzean etab. eginkizunetan lagun gaitzake adimen artifizialak baina ez dugu ahaztu behar gure pentsamendu kritikoa eta elkartasuna gailendu behar zaizkiola. Hori hala gertatzen bada, oso baliagarria izan daitekeela deritzot.

Hezkuntza-sisteman pentsamendu kritikoa ez dela sustatzen ikusi da, egoera horri nola eman dakioke bira?

Hori hezkuntzaren auzi handiena da. Hezkuntzaren ardura handiena pentsatzeko gaitasuna duten ikasleak sortzea da, pentsamendurik gabe ez baitago askatasunik. Tarteka pentsatzen dut, nola landu daiteke hori gaztetatik? Filosofiako mintegiak eginez eta bertan arazoen inguruan eztabaidatzen, adibidez. Bizitzari buruz eta beste hamaika gairen inguruan euren jakintzak partekatzeko inguruak sortzea litzateke egokiena.

Hainbeste arrakala dituen mundu honetan haurrek euren kabuz pentsatzen ikasteko espazioak sortu behar ditugu. Hori lortzeko beharrezkoa da hezkuntzan ulertzea pentsamendu eta askatasunik gabe heziketarik ez dagoela; eta horren ondorioz, arriskuan leudekeela demokrazia, elkarbizitza, berdintasuna eta inklusioa.

Inklusioaren harira, ikasgeletan ez dugu aniztasun handirik ikusi, zer egingo zenuke hori hobetzearren?

Gai oso garrantzitsua da hori. Frogatua dago aniztasun handi batean murgilduta dauden haurrek gehiago eta hobeto ikasten dutela. Baina ez da hezkuntzako kontua bakarrik, gizarte osoaren kontua da. Guraso askori kezkatzen die pertsona ezberdinez inguratzea euren seme-alabak, berez, guztiz aurkakoa behar lukeenean. Nola lor dezakegu aniztasun hori areagotzea? Bada, sozialki heterogeneoak diren espazioak sortuz.

Gizartea gune ezberdinetan sakabanatzearekin amaitu behar da eta integrazio soziala, kulturala eta elkarbizitza sustatu behar dira ezberdintasunez inguratuta bizitzeko. Gutako bakoitza ezberdina dela ikasteko. Eta eurekiko ezberdinak direnekin izaten dituzten elkarrizketetan aurkituko dute elkarrenganako enpatia, ikasketa eta konexioa. Honen bitartez lortuko da gizarte benetan demokratiko bat, elkar errespetatzen duten norbanakoek osatua.

Aipatutako aniztasun hori, indibiduala da, denok ezberdinak garelako, lurralde eta herriena ere bada, bertakook ezaugarri batzuk partekatzen ditugulako eta elkarteena ere bada, bertako kide izateak berarekin baitakartza ezaugarri jakin batzuk partekatzea. Hauen artean bat ez dago beste baten gainetik, denak maila berean daude.

Baina elkarteetan eta herrietan ezaugarri komunak izateak, ez du berarekin ekarri behar indibidualtasunaren galera, gizaki existentziala izatearen baitan baitago denok ezberdinak izatea. Gizarte bat ez da identitate ezberdinen batura, hauen nahasketa eta elkar elikatzea baizik. Aniztasun hori ulertzeko eran dago gizarte demokratiko baten funtsa.

Bada herrialderik Latino Amerikan sustatu nahiko zenukeen hezkuntza sistema duenik?

Hezkuntza sistemetan ez dago hezkuntza sistema bat, batek besteetatik ikasiz eraikitzen du bere burua. Nik, adibidez, Euskal Herriko sistematik hezkuntza digitalizatzeko eredutik asko ikasi dut, digitalizaziorako transformazioari buruz eta baita ere pedagogiaren arloan dituzuen berrikuntzei buruz. Beste herrialdeei dagokienez, adibidez, herrialde nordikoetan ikasleek eta euren familiek hezitzailearekin duten gertutasuna ikasi nuen, Brasilen eta Kolonbian ikasgeletako aniztasuna, Uruguaien hezkuntzan duten teknologiaren erabilera… Herrialde ezberdinen hezkuntza-sistemei erreparatzea oso garrantzitsua iruditzen zait, denetatik pusketa bana hartuta, soineko hobe ezina eraiki daitekeelako. Soineko honek bere oinarrian ikastea, egiaztatzea, ezagutzea eta ikertzea izan behar ditu, baina oreka bat topatuz gizarte guztietan, hortxe dago gakoa.

Zerbait gehituko zenuke?

Euskal Herriko Unibertsitateari, Fundazioari eta Uda Ikastaroko talde ezin hobeari nire eskerrak eman nahi dizkiet, konpromezu handia izateagatik. Zeren, egun hauetako ikastaro eta beste hamaika ariketetan ikusi dugu ideiak eztabaidatzerakoan, iritziak partekatzerakoan, hauetako bakoitza aztertzerakoan… gizarte batek aurrera egiten duela.

Zuen adibidea jakinduriaren aldeko apustu oso finko baten moduan ulertzen dut. Eta jakintzaren alde borrokatzen duten gizarteak dira azken finean askeenak, demokratikoenak eta inklusiboenak. Horregatik nago pozik, ni hemen hartu nauzuelako, mila esker emandako aukeragatik.