Back

Gazte Ekoliderrak - Jasangarritasunean eta ekolidergoan trebatutako gazteak

Iraunkortasunaren erronkari eutsiz, eta horretarako gazteak ezinbestean aintzat hartuz, Gazte Ekoliderrak formakuntzaren izena emateko deialdia iriki dugu. Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren kolaborazioarekin, sustatutako programaren helburua gazteak jasangarritasunean eta lidergo gaitasunetan trebatzea da. 18 eta 30 urte arteko 30 gazte aukeratuko dituzte programan parte hartzeko, eta bi erakunde antolatzaileek % 80an bekatuko dute haien formakuntza. Izen-ematea gaurtik aurrera zabalik egongo da abenduaren 2ra arte.

Egungo krisi klimatikoari eta gizarte krisiari aurre egitea eta etorkizun jasangarria lortzea premiazko erronka da. Aurtengo Gazte Ekoliderrak deialdiaren leloak azpimarratzen duen moduan, “Lurra deika ari zaizu”. Horregatik, jasangarritasunean interesa duten gazte ekoaktiboak trebatzea eta inplikatzea ezinbestekoa da, eta hori trebakuntza programa honen lehentasunezko helburua da, Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak aurkezpenean azpimarratu duen moduan: “Belaunaldi berriak kezkatuta eta sentsibilizatuta daude klima-aldaketaren aurkako borrokan eta jasangarritasun-irizpideak aintzat izango dituen eredu sozial eta ekonomikoa bultzatzen: eraldatzeko gaitasun handia duten eragile giltzarriak dira, eta eredu ekonomiko berde eta iraunkorretarako trantsizioa bultzatzen lagunduko dute, Gipuzkoarentzat iraunkorra eta inklusiboa izango den etorkizun baterako”.

Jasangarritasunaren markoan, besteak beste, kontsumo berde eta zirkularra, eko-feminismoa, fiskalitate eta finantza berdeak, eraldaketa energetikoa, bioaniztasuna, etab. gaietan sakonduko dute ikasleek. Lidergoari dagokionez, lidergo pertsonala, talde lidergoa; dialogoa eta entzumena, besteak beste, lidergo eraldatzailea landuko dira. Azkenik, gazteen jarrera aktiboa sustatzeko berrikuntza sozialaren kontzeptuaz aritzeaz gain, eraldaketan ari diren agenteekin harremantzeko eta ekintza zuzenak antolatzeko aukera izango dute, eta nola ez, trebakuntzan landutako gaien inguruko ideiak errealitate egin ahal izateko parte hartzaileek prototipo bat gauzatzeko pausoak emateko aukera izango dute bidelagun eta tutoreen laguntzaz. Ibilbidean zehar jasangarritasunean, lidergoan eta ekintzailetzan adituen koordinazio-taldea izango dute alboan, baina beti ere, gazteak izango dira protagonistak. Aurkezpenean, Kakun Orbegozo, Kutxa Fundazioko ordezkariak adierazi du “jasangarritasunaren inguruan aktibatzeko interesa duten gazteek aberasten dute ibilbidea. Kideen arteko aniztasunak, bizi esperientziek eta helburu ezberdinek elkar elikatzen ditu eta aldaketa eragiteko nahiak batu”. 

Programa 3 dimentsiotan banatzen da: trebatu, ekin, izan. Ezagutzak zabaltzeko ez ezik, gazteak ekintzarako ahaldunduko dira, eragile aktibo bihurtu daitezen. Izan ere, honakoa iraunkortasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritutako formakuntza eta bizitza ibilbidea da. Itziar Alkorta, UIK-ko zuzendari akademikoak adierazi du poz handia dela aurten Ekoliderrak ikastaroaren bigarren edizioa eskaini ahal izatea: "Donostia Sustainability Forum ekimenaren barruan kokatzen dugu formazio-eskaintza hau, gazteen etorkizuneko lidergo eredua finkatzen lagunduko duena. Gazteak ekoliderrak dira etorkizuna”.
Gazte Ekoliderrak jasangarritasunean interesa duten gazteen elkargunea da eta parte hartu dutenak ondo dakite hori. Amaia Erauskinen esanetan, 2021 edizioko parte-hartzailea, “Ekolider izatea, modu batean edo bestean, Euskal Herrian sare bat sortzea da. Nire ustez, gazteak oso aktiboak gara, gauza eta ideia oso politak ditugu, eta batzuetan ez dugu lekurik gauza horiek plasmatzeko eta planteatzeko. Gazte Ekoliderrak oso interesgarria da horrelako proposamenak eta horrelako ideiak planteatzeko eta aurrera eramateko”. Aintzane Plazak, 2021 edizioko beste kide batek hurrengoa dio “Gazteok ezin dugu amore eman, etorkizuneko eraldakuntza gure eskuetan dagoelako. Gazte Ekoliderrak, aldaketa personal bortitza suposatu du niretzat. Ikastaroa pentsamendu batzuekin hasten duzu, eta ibilbide amaieran zure eskema mental guztiak apurtzen dituzu edota osatzen dituzu”.

Gazte Ekoliderrak formazioak aukera eskaintzen die gazteei euren curriculuma sendotzeko eta lidergoaren eta jasangarritasunaren esparruetan nabarmendu diren norbanako eta profesionalekin saretu eta konektatzeko

2023 urtarriletik ekainera, aurrez-aurreko saioak, online saioak eta banakako lanketa egiteko aukera izango dute partaideek, sei hilabetez. Informazio gehiago nahi baduzu, webgunean sartu zaitezke: ekogunea.eus/ekoliderrak