Back

Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko Uda Ikastaroa

Uda Ikastaroak ezagutza gizarteratzeko topagunea dira eta garrantzitsua da gaiak, gertatzen diren tokietan jorratzea, bertako agente guztien arteko gertuko eztabaida gune izateko.

Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) aurrekontu komunitarioaren ia %38 hartzen duen politika publikoa da. Denera 60.000 milioi euro mugitzen ditu eta europar bakoitzak banaz bertze 114 eurorekin finantziatzen du. Sei urteko indarraldia izaten du eta 2014-2020 artekoan 409.000 euro inbertitu dira. Nahiz lehen sektoreak eta landa eremuak egiturazko krisian gainbeheran jairraitzen duen. Horregatik beharrezkoa da guzti honi buruzko eztabaida publikoa eta gardena egitea. 

Euskal Herriko lurraldeen artean alde nabarmenak badaude ere eta osotasunean lehen sektorean ari direnen kopurua %2ra ez iritsi, herrialde eta eskualde batzuk izaera landatar nabarmena dute eta batzuetan nekazaritzak pisu berezia du, Baztanen bezala. Ohikoan NPBri buruzko eztabaida ardatz horietan eman da, landa inguruneko eta lehen sektoreko gaitzat hartuta. Haatik, azkeneko aldian gero eta gehiago Elikadura eta Nekazaritza Politika Bateratuari buruz ari dira eragile sindikal eta sozialak Frantziako estatuan; eta IPES-FOOD nazioarteko adituen taldeak, zuzenean, Elikadura Politika Bateratu berria aipatzen du. Afera ez da kontu terminologiko hutsa, elikadurak jendarte osoa gurutzatzen baitu eta, horrek, jokoa gizarte osora hedatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Ildo horretan Baztanen eginen den jardunaldiak elikadura osasuntsua eta landa eremu biziak ditu ardatz, jendarteko sektore desberdinen artean aliantzak eraikitzeko ageriko nahiarekin.

Aipagarria da, bertzalde, saioak Euskal Herria izanen duela erreferentzia marko nagusia, noski, Europako eta Estatuetako testuinguruekin harremandurik. Baina euskal lurralde guztiak hartzeko borondatea du, eta euskaraz. Horretarako arlo akademikoko hainbat adituren laguntza aktiboa izan da, nekazarien sindikatu eta mugimenduetakoena, teknikariena, toki erakundeetakoena… Denei esker egitarau mamitsua, ongi egituratua eta koherentea antolatu ahal izan da, NPB bere osotasunean hausnartzeko baliagarria izan daitekeena. Elkarlanerako espazioak inoiz baino beharrezkoagoak dira eta Europako hainbertze tokitan NPB berriari buruz aritzeko eta proposamenak egiteko hainbat topagune zabal sortu diren bezala, Euskal Herrian ere beharrezkoa litzateke.

Baztan landa eremua izanik eta nekazal ingurunea ere bai, gai honen gogoetaldian eragile aktiboa izan nahi du eta horregatik jardunaldien sustapenean eta antolaketan bidelagun izan gara.

Hau dela eta, elkarlanean “NPB eredu berriak landa eremu bizia lortzen laguntzen al du? 2021-27 NPB berriaren aukerak elikadura sistema osasuntsuak eta landa eremu biziak lortzeko” ikastaroa antolatu dugu Elizondon irailaren 27an.

Landa eremua eta nekazaritza sektorea esparru estrategikoak dira Euskal Herriko gizarte eta ekonomiarentzako. Bertara zuzendutako gaur egungo politikak nagusiki Europa mailatik datoz, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) eskutik.

Politika honek ibilbide luzea du Europa mailan eta aldizkako aldaketa esanguratsuak jaso izan ditu bere ibilbidean zehar. Horrelako aldaketa baten aurrean gara egun definitzen ari baita 2021-27 aldirako politika honen norabidea. Aitzitik gure gizartean ez da izan eztabaida nahikorik eta politika arrotza da gizartearen gehiengoarentzat. Baina NPB eragin zuzena du gure elikadura eta nekazaritza politiketan; eragin zuzena du zer jaten dugun egunerakoan eta landa eremuaren biziraupenerako; eragin zuuzena du klima larrialdiaren garai hauetan. Izan ere, nekazaritza politika elikadura sistema osoaren baitan kokatzen da eta lotura zuzena gure ingurunearen egoerarekin.

Horregatik, eta Larriali Klimatikoaren astearen testuinguan, politika honen baitan nekazal sektoreari eta baserritarrei, landa eremuei eta orohar gure herriei eta herritarroi NPBak nola eragiten digunaren eztabaida sustatu nahi dugu, diru laguntzak nola banatzen diren ezagutzetik eta alternatibak nondik nora jo dezaketen mahaigaineratuz, NPBan tokiko eragileek jokatu dezaketen papera ardatz bezala hartuz.

Ikastaroaren helburu nagusiak hiru hauek izan dira:

  1. Ezagutzan oinarritutako eztabaida soziala irekitzea Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzen banaketaren irizpide eta emaitzen inguruan.
  2. Landa garapenerako politiken aukerak aztertu landa eremu biziak bultzatzeko.
  3. Partehartzean eta eztabaidan oinarrituz, aurrera begirako landa garapenerako tokiko politika publikoen aukerak eta oztopoak aztertu eta zehaztu.

Horiek jorratzeko izan ditugu Elizondon gaian adituak diren UPV/EHUko ikertzaileak eta IPES-Food europako elkarte ospetsuko Francesco Ajena. Eta gaiak eztabaidatzeko mahai-inguruetan lehen sektoreko sindikatuak eta protagonistak izan ditugu, alternatibak nondik nora eraiki behar ditugun aztertzeko. Horrez gain, egungo NPBari tokian tokiko politika publikoen bitartez alternatibak eraikitzen ari diren elikadura estrategien adibideak izan ditugu, Orduña, Durango eta Baztango elikadura estrategien eskutik.