Itzuli

Prozesuaren ideia oinarrizkoa da hiri berroneratzean

Auzo horietan, hiri berroneratze programak aplikatu behar dira, ikuspegi integratu batetik (alor sozio-ekonomikoan, ingurumen arloan eta arlo fisikoan, baita gobernantza ardatzean ere). Hau da, auzo jakin baten degradazio ardatz guztietan lan egin behar da, sinergiak sortaraziko dituzten neurrien bidez. Ez gara mintzo soilik hirigintzaz –horretaz ere bai, noski–; ezpada alor ugaritan aplikatu beharreko ekintza zehatzez (gizarte, ekonomia eta ingurumen alorrak, klimaren aldeko ekintzak, mugikortasuna, etab.). Horrekin batera, 6-8 urte irauten duen prozesu batez mintzo gara. Hortaz, prozesuaren ideia oinarrizkoa da hiri berroneratzean. Tokiko biztanlerian sustraitzea, partaidetza eta ko-sorkuntza prozesu baten bidez, auzoa aldaketa positibo batean murgildurik dagoela pentsatzea baliabide eraldatzaile bihurtzen da denborak aurrera egin ahala. Hori lortzen denean, auzoko biztanleak aldaketa prozesuarekin “identifikatzen” dira; hots, bere egiten dute. Sonia De Gregoriorentzat, “ez dago hori baino modu hobeagorik inbertitutako baliabideen efektuak berroneratzea amaitu ondoren iraun egingo duela ziurtatzeko”. Izan ere, abian dagoen eraldaketarekiko identifikazio horren bidez, tokiko komunitatea prozesuan inplikatzera irits daiteke, tokiko gaitasuna eraikitzeraino. Orduan, bere erresilientzia maila hobetuko du, eta hobeto prestatuta egongo da etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Hiri berroneratze politikak 80ko hamarkadaz geroztik aplikatzen dira EBren esparruan. Espainiako udalerri askok beharrezkotzat jo zuten berroneratze planak martxan jartzea. 90eko eta 2000ko hamarkadetan, erkidego batzuek (EAE edo Katalunia) martxan jarri zituzten hiri berroneratzeko tresna espezifikoak.

Kultura edo arraza bereizketa dagoen auzoetan, Sonia De Gregorio Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko hirigintzako eta lurralde antolamenduko irakasleak beharrezkotzat jotzen du auzoan lan egitea (batez ere pertsonekin), baita hiri mailan ere, aldaketa mezu positibo bat zabaltzeko, gai izango dena auzo horiek jendearen imajinario kolektiboan duten estigmarekin amaitzeko. Espainian eta Europa osoan, era honetako eraldaketa adibide asko daude. Zeregin horretan, oso garrantzitsua da inplikatutako kolektiboen partaidetza, gutxiengo etnikoak kasu askotan, eraldaketan zeresanik badutela ulertaraztea, haien eskaerak entzunez eta haien premiei erantzunez. Hortik aurrera, kolektibo horien integraziorako neurriak hartu behar dira, haien identitatea errespetatuta beti. Neurri horietako askok zerikusia dute auzoan formakuntza eta enplegua indartzearekin, kolektibo horien laneratzeari begira.

Bestetik, auzo horiek berdeguneak eta topaguneak edukitzea funtsezkoa da sozializazioaren ikuspegitik, baita ingurumen eta klima aldaketara egokitzeko ikuspegitik ere. Bide sistemek eta parkeek eremu arboladun egokiak edukitzeak (itzala, etab.) eragin zuzena du pertsonen osasunean, beroaldietan ikusi den moduan. Eremu horiek karbono hustubide ere dira. Beharrezkoa balitz, berroneratze programak plangintza tresnei lotu behar zaizkie, eremu publikoaren konfigurazio fisikoa aldatzeko eta berdeguneak edo guztion onerako diren beste ekipamendu batzuk sortzeko behar diren erabilera aldaketak egiteko. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da espazio publikoa espazio segurutzat hartu ahal izatea, ikuseremu zabalak izango dituzten lorategi, argiteria egoki eta beheko solairuen mailan hiri bizitza izango duten bide sistemekin (saltokiak eta ostalaritza negozioak), jende mugimendua erakartzeko. “Eraikinen beheko solairuetan jarduerarik ez duen kale batek arrisku sentsazioa sor dezake”.

Sonia De Gregoriorentzat, auzoen konektibitatea beste funtsezko elementu bat da, bai barrukoa bai hiriaren beste auzo eta zona metropolitanoekikoa, auzo zaurgarrietako biztanleek lan egiten duten eremuak eskuarki. Garraio publikoa oinarrizkoa da, elementu integratzaile eta segurtasun faktore gisa, gaueko ordutegietan arreta jarriz, “eskatutako geldialdiak” bezalako egitasmoekin.

Halaber, oso garrantzitsuak dira ere jendearen topagune gisa kultura zentroak, zinema areto bat edukitzea, musika eskola bat, elkarteak. Italian eta Espainian, elizek eta parrokiek eginkizun garrantzitsua izan zuten 60ko eta 70eko hamarkadetan, immigratzaileei laguntza eta babesa ematen zieten eragile gisa. Garai hartan, berebiziko lana egin zuten.

Etxebizitzen kalitatea, kasu askotan nahiko eskasa, baztertutako auzoen beste handicapetako bat da. Hiri berroneratzeak berekin dakar eraikinen birgaitzea. Terrazak izatea, aireztapen gurutzatua, eraikinen funtzionamendu energetiko egokia, igogailuak… 60ko eta 70eko hamarkadetan eraiki ziren auzoetan kontuan hartu beharreko elementuak dira. Birgaitzea beharrezkoa da ere espazio publikoan, irisgarritasun unibertsala bermatze aldera.

Sonia De Gregoriok, Europar Batasuneko Hiri Pobreziaren eta Hiri Berroneratzearen Partnership-aren Action Plan-a idazteko arduradun gisa, eta hiri berroneratze politiken ikerketan ibilbide luzea egin ondoren, agerian utzi nahi du hurrengo urteetan Europako erakundeek (Next Generation esparruan eta, batez ere, Kohesio Politikaren Urte Anitzeko Finantza Esparru berriaren baitan), estatu kideek eta baita eskualdeek ere abian jarriko dituzten berroneratze programa zehatzen garrantzia.  Programa horiek aurrekontu propioa izango duten tresnen barruan kokatu behar dute. Europar Batasuna 80ko hamarkadan hasi zen lanean alor honetan, garai hartan aitzindaria izan zen egitasmo batekin. Hala ere, desberdintasunak handitu egin badira ere Europako hirietan, gai honek garrantzia galdu du Kohesio Politikaren agendan. “Horrela, hiri berroneratzea lausotu egin da Kohesio Politikaren hiri ardatzean, eta berriro ere arreta politikoa eta aurrekontu espezifikoak izan behar dituela uste dut”. Europako hirietako auzo zaurgarriak leheneratzeko programak beharrezkoak dira aurrera egiteko EBren Itun Berdean ezartzen zaigun trantsizio berde eta bidezkoan, aintzat harturik 2050erako horizontea.